Irene Paredes. Bartzelonako jokalaria

«Gauzak oso ondo egin beharko ditugu partida irabazteko»

Bost urte PSGn egin ondoren, Bartzelonak fitxatu du Paredes erdiko atzelaria. Taldearen asmoa dena irabaztea dela dio, eta horretarako ari direla lanean. Kontrario «zaila» izango dute gaur aurrean: Reala.

PACO LARGO / BARTZELONA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Entrenamendua amaituta, tarte bat hartu du Irene Paredesek (Legazpi, Gipuzkoa, 1991) galderei erantzuteko. Bartzelonarekin fitxatu du aurten, eta «gustura» dabilela nabarmendu du. Jokalari bikainak ditu Kataluniako taldeak, eta geldiezin dabil, aise. Lider da Espainiako Lehen Mailan, eta Txapeldunen Ligan jokatutako neurketa guztiak irabazi ditu. Denboraldi hasiera aparta egiten ari den aurkari bat izango du gaur: Reala. Levanteren kontrako azken neurketa galdu arren, lehen sei jardunaldiak erreskadan irabazi zituen talde txuri-urdinak, eta bigarren postuan helduko dio lehiari; 12:00etan hasiko da norgehiagoka. Natalia Arroyo Realeko teknikariak «ilusioarekin» daudela adierazi du.

PSGn bost denboraldi egin ondoren, Bartzelonak fitxatu zaitu. Gustura zaude?

Bai, oso. Azkenean, aldaketak hobetzeko ideiarekin egiten ditut, eta orain ere hala izan da. Oraingoz ondo doa, eta oso gustura nago.

Zerk harrarazi zizun erabaki hori?

Gauza batek baino gehiagok. Bost urte egin nituen han [Parisen], eta aldatzeko gogoa nuen; proiektu bat baino gehiago mahai gainean izanda, Bartzelonakoa oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gainera, jende asko ezagutzen nuen aurretik. Haien esperientziak eta ideiak kontatzean argi ikusi nuen. Apustua ere bada. Onenekin entrenatzen naiz, eta gertatu daiteke gutxiago jokatzea edo. Gustura nago egindako aukerarekin.

Espero zenuena topatu duzu?

Bai. Proiektu serio batean sartu nahi nuen, egindako proiektu batean. Detaile guztiak landu eta neskek indarra duten klub batera joan nahi nuen. Eta horiek guztiak betetzen ditu Bartzelonak.

PSGk eta Bartzelonak ez dute jokatzeko modu bera. Estilora egokitzen ari zara?

Bai, horretan ari naiz. Esan bezala, aurrez taldekide asko ezagutzen nituen Espainiako selekziotik. Eta haiekin estilo honetan jokatu izan dut. Oraindik, ordea, denbora behar dut guztiz egokitzeko.

Zure ezaugarriekin ondo datorkizu jokatzeko modu hau?

Uste dut baietz. Aukera dut zenbait estilotan jokatzeko, eta moldatzen ari naiz. Oraindik gauza asko daude lantzeko, baina badoa, pixkanaka.

Zein dira taldearen helburuak?

Dena irabaztea. Horrela da, eta horretarako egiten dugu egunero lan. Jokoan dauden titulu denak irabazi nahi ditugu. Erraza da hori esatea, baina lan asko egin behar da egunerokoan. Detaile asko zaindu behar dira, hobetu, eta horretan ari gara.

UEFAk 2020-2021eko denboraldiko Txapeldunen Ligako atzelaririk onena izendatu zintuen. Ilusioa egin zizun?

Bai. Ez nuen espero, eta horrelako gauzek ilusioa egiten dute. Atezainik, erdilaririk eta aurrelaririk onenarekin entrenatzen naiz orain egunero, eta hori oso gogoan dut; horrek hobea egiten zaitu. Horrek egiten dit ilusio handiena.

Urrezko baloia lortzeko hautagaien artean ere bazaude.

Bai. Oso zaila da hor egotea, eta eskertzen da halako zerrendetan sartzea, baina tira. Badakit oso zaila dela; jende oso ona dago. Pozten nau, baina jarraitu egin behar da.

Zure ibilbideko onenean zaudela esango zenuke?

Baliteke; ez dakit. Urte asko daramatzat oso gustura. Orain aldaketa momentu bat da, eta ondo doa. Garai oso ona da, baina espero dut hobeak etortzea. Garrantzitsuena gozatzen segitzea da. Ez baduzu gozatzen, ez du merezi.

Zure moduko jokalari batek zertan hobetu dezake?

Beti daude hobetzeko gauzak. Batekin eta bestearekin entrenatuz eta jokatuz gero, gehiago hazten zara. Dena hobetu behar da.

Igandean, Realaren kontra jokatuko duzue. Partida berezia da zuretzat?

Bai. Aspaldi da ez dudala haren aurka jokatzen, baina ezagutzen ditut jokalari batzuk. Azkenean, nire gertuko taldea izan da, eta beti izaten da berezia. Baina hori alde batera uzten dut. Hemendik ikusten duguna da lehenengoak bigarrenaren aurka jokatzen duela, egundoko partida izango dela, eta gauzak oso ondo egin beharko ditugula irabazteko.

Nola ikusten dituzu txuri-urdinak?

Oso ondo. Gauzak oso ondo egiten ari dira. Ez bakarrik aurten: azken urteetan pixkanaka hobetuz joan dira. Ez da kasualitatea bigarren postuan egotea. Lana ondo egiten ari dira, eta gauzak oso ondo egin beharko ditugu irabazteko. Haiek ere saiatzen dira baloia izaten eta baloiarekin asko jokatzen, gu bezala. Lehia polita egongo da. Baina beste detaile asko ere badaude. Aste guztian horiek landuko ditugu, ahalik eta ondoena egoteko.

Realean zer nabarmenduko zenuke?

Gauza asko egiten dituzte ondo. Jokatzeko era ere desberdina da. Eta badituzte Nerea [Eizagirre] eta Amaiur [Sarriegi] bezalako jokalariak kalitate puntu hori ematen dietenak. Uste dut haiek direla arriskutsuenak.

Uste duzu gauzak zail jarriko dizkizuela?

Bai. Ez datoz hona berdintzera edo porrota onartzera, baizik irabaztera. Gauzak badituzte horretarako, eta neurketa zaila izango da.

Egun, Bartzelona ligako beste taldeen gainetik dago, nabarmen. Emaitzak erreparatu besterik ez dago hori ikusteko. Emakumezkoen futbolarentzat hori ona dela uste duzu?

Azken aldian asko errepikatzen da galdera hori. Nire ustez, oso ona da. Badirudi txarra dela Bartzelonak halako lana egitea. Behar dena da beste guztiak maila honetara iristen saiatzea. Orduan, Bartzelona eredu gisa hartu behar da, ez mehatxu gisa.

Irailean ama izan zinen. Pozik?

Bai, noski. Pertsonalki ere etapa berria da. Oso pozik gaude. Dena ondo doa, eta horrela jarrai dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.