Mediaprok eta Orangek akordio bat itxi dute telesail eta filmentzat

urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Woody Allen zinemagileak iazko udan Donostian grabatu zuen filmak —Rifkin's Festival— Orange TV plataforman izango du telebistako estreinaldia, jaialdietatik eta zinema aretoetatik pasatu eta gero. Orangek eta The Mediapro Studio ekoiztetxeak hitzarmen bat sinatu dute, zenbait eduki plataforma horretan estreinatzeko, eta tartean da Gipuzkoan grabatu zuten pelikula.

Hiru telesail sartu dituzte akordioan: ekainaren 12an, Jorge Doradok zuzendutako The Head estreinatuko dute Orange TVn; ekainaren 25ean, Kosta (The Paradise) —Finlandiako Yle telebista publikoak eta MRP ekoiztetxeak ekoitzi dute, Mediaprorekin batera—; eta uda honetan, estreinaldi datarik gabe, Caminantes iritsiko da —Koldo Serrak zuzendu du; Donejakue bidean dago girotuta, eta grabaketak Bizkaian egin zituzten, sakelako telefonoekin—.

Hitzarmenean sartu dute baita Competencia Oficial filma ere. Gaston Duprat eta Mariano Cohn dira zuzendariak, eta aktore protagonistak, Penelope Cruz eta Antonio Banderas.

Josep Maria Rabes Orange TVko zuzendariak esan du konpainiak konpromiso «irmoa» duela «kalitatezko edukiak» ekoizteko, eta Mediaprorekin egindako aliantzak helburu hori sendotzen lagunduko diela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.