36ko gerrako krimenak oroituko ditu 'Ur handitan' saioak

urtzi urkizu
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun

ETB1eko Ur handitan saioak memoria historikoari eskainiko dio gaurko atala, 22:35ean. 36ko gerrako krimenak oroituko dituzte, eta Xabier Madariaga aurkezleak hainbat lekukotza bilduko ditu. Istorioetako bat Gurutze Telleriak eta Mari Jose Azkaratek kontatuko dute: Anttoni izeba eskuineko eskuan bi hatz gutxiagorekin ezagutu zuten beti, eta uste zuten istripu baten ondorio izan zela. Hil baino bi urte lehenago, ordea, emakumea hitz egiten hasi zen. 1937. urtean, soldadu frankistak Telleria baserrira iritsi ziren, haren gurasoak hil egin zituzten, Anttonik berak tiro bat jaso zuen, eta gero bortxatu egin zuten.

Iazko irailean, lurpetik atera zituzten Marcelo Lasaren hezurrak. 17 urte zituenean hil zuten Lasa. Haren iloba Joxe Angel Munduatek ikerketa luze bat egin zuen, eta hilketaren lekuko bat aurkitu zuen: Patxi Lakuntza.

Pepi Berasategi donostiarrak gogoratuko du nola haren aita Hipolito 1936ko urrian atxilotu eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Egun batean, Hipolito kartzelan ez zegoela esan zioten amari, eta ez zuten haren berri gehiagorik izan inoiz.

Maravillas Lambertoren istorioa ere kontatuko dute. 1936ko abuztuaren 15ean, bi guardia zibilek, bortxatu, eta, ondoren, hil egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.