Inuiterazko telebista bat jarri dute martxan Kanadan

urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Asteko zazpi egunetan egun osoko programazioa eskainiko du inuit hizkuntzan Uvagut TV telebista kate berriak. Kanadako inuiten hizkuntzan programazio finko bat osatu duen aurreneko telebista da, eta atzo hasi zituen emankizun ofizialak.

Nunavut Independent Television Network ekoiztetxeak sortu du Uvagut TV. Ekoiztetxe hori 1991. urtean sortu zuten, eta 30 urteotan makina bat lan egin ditu inuiteraz. Formazio zentro gisa ere funtzionatu du hamarkada hauetan. Orain, pauso garrantzitsu bat eman du telebista sortuz.

Uvagut TVren programazioan, haurrentzako saioak, dokumentalak, pelikulak, albistegiak eta zuzeneko zenbait emankizun izango dituzte. Nunavuten eta Kanadako Ipar Mendebaldeko bi lurraldetan ikusi ahalko da katea, kable zein satelite bidez —lurralde horietan ofizialak dira inuit hizkuntzak—. Gainera, eduki guztiak Isuma.tv webgunearen bidez ere ikusteko modua egongo da—munduko hizkuntza indigenetako 7.800 bideo dituzte bertan—.

Nunavut Independent Television Network ekoiztetxeko presidente Lucy Tulugarjukek adierazi du «itxaropentsu» daudela proiektuarekin, eta espero dute telebistak inuiten kultura eta hizkuntza bizirik mantentzen lagunduko diela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.