Urumealdea eta Bortziriak hondamendi eremu izendatzeko bidean dira

Aranoko zenbait baserri urik gabe daude oraindik; arazoa konpontzeko lanean dabil udala. Kalteak baloratzeko epea asteazkenean akituko da

Berako herritarrak uren kalteak garbitzen, larunbatean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den ostiral gauetik larunbat goizaldera bitarte izan ziren euriteek kalte handiak eragin zituzten Urumealdean eta Bortzirietan (Nafarroa). Zehazki, herri kaltetuenak Arano, Bera eta Lesaka izan ziren. Asteburuan auzolanean aritu dira garbitzen, ahal izan duten neurrian, behintzat. Uholdeek utzitako lohia eta ura garbitzeko aukera izan badute ere, zenbait luizi ezin izan dituzte konpondu. Joxan Ruiz Aranoko alkateak adierazi duenez, «kalteak baloratzeko garaia» da orain.

Azaldu du bihar, asteazkenarekin, Nafarroako Gobernuak bilera bat eginen duela, eta bertan euri jasek eragindako kalte guztien berri eman beharko dutela. Atzo hasi ziren kalte horiek neurtzen, eta behin-behineko txostenak egiten. Asteburuan Aranoko errepide eta bide batzuk itxita egon badira ere, errepide nagusia —NA-4150— herenegun gauean ireki zuten; halere, bi puntutan ordezko bideak jarri dituzte, asteak beharko baitira bi gune horiek konpontzeko.

 

Baserrietara joateko bideak ere herenegun ireki zituzten, eta kalteen balorazio lanak egiten hasi ziren; baina ez dira baserri guztietako egoera aztertzera iritsi oraindik. Bideok berritzeko «premiazko laguntza» beharko dutela dio Ruizek. Hala ere, orain badute bertze arazo bat: ur zerbitzua. Izan ere, baserri anitz urik gabe gelditu dira, eta alkateak erran du zerbitzu hori «berriz ere martxan jartzeko lanetan» dabiltzala.

Bortzirietako herriek ere asteazkenerako aurkeztu beharko dute kalteei buruzko txostena. Aitor Elexpuru Berako alkateak erran du bi direla herriko puntu kritikoenak: musika eskola parean dago lehenbizikoa, eta Foruen plazako etxe azpian bigarrena. Lesakan, berriz, atzo goiz-goizetik balorazio lanetan ibili zirela erran du Ladis Satrustegi alkateak; epe motzerako ez ezik, berriz halakorik gertatuko balitz prest egoteko ere: «Nafarroako Gobernuko teknikariekin lanean ari gara orain, horrelako lur mugimenduak gertatzen diren kasuetarako konponbidea bilatu nahi dugu».

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa ere lanean ari dela erran du Elexpuruk —hamabost teknikari inguru ari dira inguruetako kalteak neurtzen—, baina oraindik ez dutela kaltetutako etxeen edo saltokien kopuru zehatzik. Herritarrek konpentsazioa telefono bidez edo partzuergoaren webgunearen bitartez eskatu dezakatela adierazi dute udalek.

Horrez gain, Elexpuruk jakinarazi du kaltetutako lekuak hondamendi eremu izendatzeko tramiteak abiatu dituztela. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak hala baieztatu zuen atzo, eta gehitu zuen bihar eginen duten bileran eskari hori martxan jarriko dutela.

Bertzetik, diru laguntzen inguruan gobernuarekin harremanetan jarriak direla nabarmendu du Elexpuruk, eta agintariek «prestutasunez» erantzun dietela. Beraz, bi motatako laguntzak eskuratzeko aukera izanen lukete: Nafarroako Gobernutik zuzenean bideratutakoak, batetik, eta hondamendi eremu izendapena lortuz gero, Espainiako Gobernuak emanen lituzkeenak, bertzetik.

Kalteak

Larunbat goizaldean, ura bi ordutan pilatu zen: Beran, Larrategaineko estazio meteorologikoak metro koadroko 101,5 litro bildu zituen, eta Lesakan, Astazalaietako plubiometroak metro koadroko 43,8 litro. Urumealdean jaso zuten ur gehien: Aranoko estazio meteorologikoak metro koadroko 217 litro bildu zituen, adibidez. Hala ere, Bera izan da kalte gehien izan duen herria. Zia errekako ur goraldiak herriko kale, etxe eta saltokiei eragin zien, baina ez zen industrialdera iritsi. Lesakan, berriz, luizi batek kanal bat itxi zuen, eta ura zenbait etxetara sartu zen. Aranon, ordea, kalteak errepideetan gertatu ziren.

Remirez Bortzirietan izan zen larunbatean. Adierazi zuenez, aurreikuspen meteorologikoek ez zuten uholde arriskurik iragarri; hortaz, 02:00ak eta 04:00ak bitarte ezarri zen alerta gorria. Gogorarazi zuen uholde eta sute arriskuaren kudeaketa lehentasunezkoa izanen dela aurrerantzean, klima aldaketaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.