EHUko, Mondragoneko eta Deustuko 41 tituluk prestakuntza duala dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitateetan matrikulatutako 1.380 ikaslek dute aukera ikasgelan ikastearekin batera enpresetan lan egiteko

Ikasle batzuk Deustuko Unibertsitatean. DEUSTU UNIBERTSITATEA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Enpresa bateko lana eta unibertsitateko ikasketak uztartzea: finean, horixe eskaintzen du unibertsitateko prestakuntza dualak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko 41 titulaziok eskaintzen diete aukera hori ikasleei, atzo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisek eta Unibasq-eko zuzendari Iñaki Herasek Donostian egindako agerraldi batean jakinarazi zutenez. Bildarratzek «datu bikainak» direla nabarmendu zuen.

Orotara, 27 unibertsitate gradutan eta hamalau masterretan eskaintzen diete formakuntza mota hori 1.380 ikasleri; horietako 1.012 ingeniaritza eta arkitektura arlokoak dira, eta 368, gizarte eta lege zientzietakoak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru unibertsitateetan dago horretarako aukera: hamar gradu eta zortzi master Mondragon Unibertsitatekoak dira; beste hamar gradu eta hiru master, EHUkoak; eta zazpi gradu eta hiru master, Deustuko Unibertsitatekoak.2017tik bultzatzen ari diren estrategiarekin helburuak gainditu dituztela goraipatu du Bildarratzek: «2022rako 22 titulazio dual izatea aurreikusten genuen, baina erraz gainditu dugu kopuru hori».

Nazioarteko formakuntza

Unibertsitateko prestakuntza dualaz ez ezik, nazioartekotzearen aitorpenari buruz ere aritu dira. Gaur egun, unibertsitateetako hamar graduk eta sei masterrek lortu dute ziurtagiri hori. Horretarako, hainbat alderdi hartu dituzte kontuan: besteak beste, atzerriko hizkuntzetan eskaintzen dituzten kredituak, ikasleen mugikortasuna, atzerriko unibertsitateekin elkarlana izatea eta irakasleek eta ikertzaileek hizkuntzetan maila handia egiaztatuta izatea.

Unibasq euskal unibertsitate sistemaren kalitate agentzia arduratu da unibertsitateek dualaren arloan eta nazioartekotzearenean egindako proposamenak aztertzeaz eta onartzeaz. Iñaki Heras zuzendariak ere «oso emaitza positiboak» izan direla nabarmendu du: «Bi hitzetan esanda, [unibertsitateko prestakuntza dualean] eredu bat sortzen eta bultzatzen ari gara, eta hor egindako lanak erreferente bilakatu gaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.