Afganistango gatazkaren korapilatzeak blokeo politikoa sakondu du

Hauteskunde Batzordea apirileko bozak atzeratzeko aukeraz aritu da. Talibanek AEBak «umiliatuko» dituzte herrialdean jarraitzen badute

Soldadu bat, gobernuaren eraikin baten aurrean, Kabul hiriburuan. J. JALALI / EFE.
ander perez zala
2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
AEBek duela hamazazpi urte inbaditu zuten Afganistan, eta oraindik ere sakonak dira erasoaldi horren ondorioak. Herrialdea blokeatuta dago, bitan zatituta, gobernuaren kontrolpean eta talibanen esku dauden eremuetan, eta gatazka are gehiago korapilatu da urteak pasatu ahala. Talibanek eremu handia dute euren kontrolpean, boterea galdu zutenetik inoizko handiena, eta horrek giharra erakusteko balio izan die; gobernuaren armada ere zeregin horretan ari da, eta erasoak gero eta handiagoak dira, eta gero eta gehiago dira. Testuinguru horretan, arlo politikoan, IEC Afganistango Hauteskunde Batzordea datorren apirileko presidentetzarako hauteskundeak atzeratzeaz aritu da, iragan urriaren 20ko parlamenturako bozetan erabilitako sistemak zalantzak piztu baititu. Gainera, Iran ere sartu da negoziazio mahaian, asteon jakinarazi baitu talibanekin hitz egiten ari dela. Eta, bien bitartean, Donald Trump AEBetako presidenteak atea ireki dio AEBen soldaduak handik ateratzeari.

Afganistango gatazka nola konpondu, hori da egungo zalantza nagusia. Talibanen eta armadaren arteko talka militarrak ez aurrera ez atzera daude, eta horrek behartu lezake indarrak negoziazio politikoetan ezartzera. Baina, horretarako, testuingurua segurua behar da: urriko bozak dira horren adibide, indarkeriaren erruz eremu askotan ezin izan baitzuten botorik eman. Horregatik, boz horiek eta oraingoz apirilean egingo diren hauteskundeek berebiziko garrantzia dute, erakundeen eta sistema politikoaren sendotasunaren isla izango direlako.

IECren eledun Abdul Aziz Ibrahimiren arabera, urriko bozetan erabilitako sistema aldatu beharra dago, eta hori dago datorren apirilekoak atzeratzeko hausnarketaren oinarrian; horri gehitu behar zaio parlamenturako batzordeak ez dituela ezagutarazi bozen emaitza guztiak.

Bakearen arrakasta

Afganistango bakea hainbat herrialde ados jarri ondoren iritsiko da. Zeregin horretan, AEBek pisu gutxiago izango dute Trumpek tropak herrialdetik ateratzen baditu.

Talibanak horren alde agertu dira urteotan, eta, Trumpen esana baliatuta, soldaduei ohartarazi diete «umiliatu» egingo dituztela herrialdean jarraitzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.