Ugandak homosexualei heriotza zigorra ezartzeko legea onartu nahi du

«Naturalak ez diren sexu harremanen gorakada» geldiarazi nahi du gobernuak, 2014an onartzerik izan ez zuten lege proiektu baten bidez

Yoweri Museveni Ugandako presidentea, artxiboko irudi batean. NIC BOTHMA / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Duela bost urte, Ugandako Gobernuak ez zuen lortuonartzea homosexualei heriotza zigorra ezarriko zien legea; oraingoz, praktika sexual homosexuala «soilik» ordaintzen da bizi guztiko kartzela zigorrarekin. «Naturalak ez diren sexu harremanen gorakada» geldiarazteko, ordea, lehengo legea berreskuratu nahi du gobernuak.

Simon Lokodo Etika eta Zintzotasun Ministroak hitz egin zuen atzo, onartu nahi duten legearen nondik norakoak azaltzeko: «Homosexualitatea ez da naturala ugandarrentzat, baina gay-ek gazte asko bildu dituzte eskoletan, eta horrela jaiotzen diren pertsonak badirela dioen gezurra zabaldu dute». Gainera, argi utzi zuen «ekintza larri horiek» egiten dituztenei heriotza zigorra ezarriko dietela, eta beharrezkotzat jo zuen «sustapena eta errekrutamentua» ere kriminalizatzea.

Yoweri Museveni presidentearen babesa du legeak; datozen asteetan eramango dute parlamentura, eta urtea amaitu baino lehen bozkatzea da asmoa. Botoen bi heren behar dituzte legea onartzeko, eta, Lokodok esan zuenez, jadanik hitz egin dute beste diputatuekin.

Legedi berriak ekar ditzakeen arriskuak azpimarratu dituzte homosexualen eskubideen aldeko erakundeek. «Homosexualen aurkako diskriminazioa eta krimenak areagotu egingo dira ezinbestean», Stephen Lewis fundazioko Zahra Mohameden ustez. Homosexualen komunitateak beldurra duela gehitu du, sentimendu homofoboa eta gorroto delituak areagotuko baitira. Azken urteetan ehunka LGTBI pertsonak egin behar izan dute ihes Ugandatik, eta orain gehiago izan daitezke.

Aurrekariak

Ez da Uganda lege hori onartzen saiatzen den lehen aldia. Museveni presidenteak 2014. urtean sinatu zuen lege proiektua, eta gogor erantzun zuen nazioarteko komunitateak. Besteak beste, Munduko Bankuak, AEBek, Suediak, Norvegiak, Danimarkak eta Herbehereek laguntzak ukatu edo murriztu zizkioten Ugandari.

Lokodo ministroak badaki arrisku hori dagoela: «Kezkatzen gaitu, baina prest gaude. Ezin diegu amore eman gurea ez den kultura bat inposatu nahi digutenei».

Aurtengo maiatzean, nazioarteko eragileek Bruneiri egindako presioaren ondorioz, sexua praktikatzen zuten homosexualak harrika hiltzea baimentzen zuen lege bat atzeratu behar izan zuen Hassanal Bolkiah sultanak. Ikusteko dago Ugandak aurrera egin ahalko duen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.