Arrantzale frantsesek Jerseyko portu nagusia blokeatu dute zenbait orduz

Haserre daude uharte anglo-normandiarrak 'brexit'-aren ostean ezarritako baldintzekin. Erresuma Batuak bi gerraontzi bidali ditu

Irune Lasa.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Hori daukate dibortzioek: egoera eta baldintza berrietara egokitu behar dutela aldeek. Beti ez da erraza izaten, eta arazo batzuk besteak baino delikatuagoak izan ohi dira. Hori gertatu da brexit-ean arrantzarekin. EBko arrantzontzientzako sarbidea izan zen, esaterako, brexit-aren osteko harremana adosteko negoziazioak azken eguneraino luzatu zituen gai arantzatsua.

Azkenean akordioa iritsi arren, itsaso barerik ez dago ziurtatuta, ez behintzat Mantxako kanalean. Azken ika-mika Jersey uharteko jurisdikziopeko uren inguruan piztu da. Deigarria da, ez uhartea eta ez ur horiek ez baitira sekula izan Europako Batasunekoak, eta ez dira Erresuma Batuarenak ere. Koroaren menpekoak dira, etaanglo-normandiar uhartearen atzerriko harremanak eta defentsa gobernu britainiarraren ardura dira. Hortik, Jersey inguratzen duten urak sartu ziren brexit-aren osteko merkataritza akordioan.

Hala, adostu zen orain arte ur horietan aritu diren Batasuneko arrantzaleek —bretoiak eta normandiarrak gehienak— jarrai zezaketela euren jardunarekin Britania Handiko sei miliatatik haragoko uretan eta kanaleko uharteetako hiru miliatatik aurrera. Horretarako, Jersey eta Guernsey uharteek lizentziak emango zituzten. Eta Jerseyren lizentziekin iritsi da ika-mika.

Uharteko uretan arrantzatzen jarraitu ahal izateko, ontziek frogatu behar dute 2017ko otsailetik 2020ko urtarrilera harrapaketa kopuru jakin batzuk egin zituztela. Baldintza hori betetzea zaila zen ontzi txikientzat, hamabi metro luzetik beherako ontziek ez daramatelako GPSrik. Guernsey uhartean hobetsi dute baldintzen inguruan negoziatzen jarraitzea, gutxienez ekainera arte. Baina Jerseyn maiatzarekin batera jarri dira indarrean Frantziako portuetatik datozen ontzientzako baldintzak berriak.

Jerseyko Gobernuak bezperan, apirilaren 30ean esleitu zituen lizentziak ontzi handienentzat, soilik 41. Horietan, gainera, desberdintasun handiak daude: ontzi batzuek arrantzarako 170 egun dituzte, baina beste batzuei ordu batzuk bakarrik utzi dizkiete. Kontinenteko arrantzaleak—Frantziako Gobernua eta Europako Batzordea bera ere bai—kexu dira adostu gabeko azken orduko baldintza berriak ezarri dizkiela Jerseyk baimenetarako.

Haserre, Normandiako eta Bretainiako arrantzaleek protesta ikusgarria eta baketsua egin dute. Atzo, 60 bat arrantzontzik Jersey uharteko portu nagusia blokeatu zuten ordu batzuetan: Saint Helier hiriburukoa. Uharteko agintariekin hitz egin ostean libratu zuten Saint Helierko sarrera, eta beren portuetara itzuli ziren.

Arrantzaleak haserre daude, baina ez dira bakarrak. Erresuma Batuko eta Frantziako agintariek ere altxatu dute ahotsa. Boris Johnsonek «ezin hautsizko sostengua» agertu dio Jerseyri. Horrekin batera, protesta aurreikusita, Erresuma Batuko itsas armadak bi gerraontzi bidali zituen atzo bertan Jerseyra.

Mehatxua argindarrarekin

Gozoa dago Frantziako Gobernua ere. Hark ere bidali ditu gerraontziak Jerseyko inguruetara, eta, joan denasteartean, Annick Girardin Itsas ministroak adierazpen gogorrak egin zituen Erresuma Batuaren jokaera gaitzesteko, eta iradoki zuen kontrako neurriak har zitzakeela: Jersey uhartea argindarrik gabe uzteko aukera aipatu zuen. Itsas azpiko kableen bidez, Normandiako kostaldetik jasotzen du Jerseyk behar duen argindarraren %95.

Europako Batzordeak ere ezetsi du Erresuma Batuaren jarrera. Bruselak dio Londresek ez duela bete merkataritza akordioan ezarritakoa, ez dituelako behar bezala justifikatu kontinenteko arrantzontzientzako baldintza berriak, ezta haiei buruz garaiz ohartarazi ere.

Panorama, edonola ere, ez da samurra, are gutxiago aintzat harturik oraindik adosteko daudela 2021erako harrapaketa kuotak Erresuma Batuak eta EBk arrantzarako partekatzen dituzten uretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.