Kieven esanetan, Errusiako militarburuak senideak Krimeatik ateratzen ari dira

Errusiako tropak Luhansk probintziako Kreminna hiritik irten dira. Armada mobilizatzeko eskatu diote alderdikideek eta oposizioak Putini

Errusiako armada, gerra frontera bidean, joan den otsailean, Krimean. EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ukraina kontraeraso etenik gabean ari da ekialdean; zehazki, Kharkiv eta Kherson oblastetan, baita Donbass eskualdean ere. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen esanetan, armadak Errusiaren kontrolpean zegoen 6.000 kilometro koadroko eremua «berreskuratu» du jada, eta militarrek kokaleku gehiago «askatuko» dituztela ziurtatu zuen atzo. Horietako bat Krimea da, Moskuk 2014an anexionatu zuen penintsula. Bada, Ukrainako iturrien arabera, Errusiako zerbitzu sekretuko zenbait kidek eta militarburuk beren familiak Krimeatik ebakuatu zituzten atzo, Errusiako lurraldeetara eramateko asmoz, The Guardian egunkariak jaso zuenez.

Krimeatik bakarrik ez, Errusiako soldaduak Luhansk oblasteko Kreminna hiritik ere erretiratzen hasi zirela jakinarazi zuen atzo eskualde horretako administrazioburuak, Serhii Haidaik. «Borroka handiak izaten ari dira Kreminnaren ingurumarian. Luhansk eskualdea berreskuratzeko operazioa hiri horretan eta Svatoven hasiko da», gehitu zuen bere Telegram kontuan.

Bestalde, Mikhailo Podoliak Zelenskiren aholkulariak atzo adierazi zuenez, Donetsk eta Luhansk oblastak askatzeak «domino efektua» eragingo dute; hala nola errusiar frontearen gainbehera.

Kritikak Putini

Egoera horretan, Vladimir Putin Errusiako presidentea jokalekuaren erdigunean ezarri da. Atzo, Errusiako Alderdi Komunistako liderrak, Guennadi Ziuganovelek, Putini eskatu zion ofizialki deitu diezaiola «gerra» Ukrainako «operazio militar bereziari». Errusiako Parlamentuan egin zituen hitzok Ziuganovek: «Gerra eta operazio berezia ez dira sustrai berekoak. Operazio berezia gelditu dezakezu, baina gerra ez. Horrek bi emaitza ditu: garaipena edo porrota. Donbassen garaitzea gure iraupen historikoaren kontua da».

Armada mobilizatzeko eskakizunak Putinen alderditik bertatik ere iristen ari dira. Mikhail Xeremet Segurtasun eta Ustelkeriaren Aurkako Batzordeko kidea honela mintzatu zen atzo: «Erabateko mobilizaziorik gabe, oinarri militarrik sortu gabe, ez ditugu emaitza onak lortuko [Ukrainan], ezta ekonomian ere. Gizarteak ahalik eta batuen, eta garaipenerako prest egon beharko luke».

Eskaera horiei erantzunez, Kremlinek atzo ohartarazi zuen ez duela onartuko barne kritikak handitzerik. Gainera, gobernuko eledun Dmitri Peskovek ukatu egin zuen Putinen asmoetan dagoela mobilizazio bat agintzea. «Orain ez, eztabaidatik kanpo dago», zehaztu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.