Hartzekodunek Celsari haren kapitaletik kanpo geratzea eskaini diote

630 milioi euroko kitapena ere proposatu dute, baina Celsak 1.268 milioikoa izatea nahi du. Jokoan dago SEPIren 550 milioiko erreskatea

Celsaren Narvacero planta, Trapagaranen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Duela hilabete inguru jakin zuen Celsa siderurgia taldeak bere jarduera jarraitu ahal izateko erreskatea jasoko zuela SEPI Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatetik. Hala ere, baldintza zurrunak galdegin dizkio enpresari. Egun, 2.300 milioi euroren zorrak ditu, eta SEPIk hura 1.000 milioi euro murriztea eskatu dio.

Horretarako, Celsak asteak daramatza bere hartzekodunekin negoziatzen. Oraindik ez dago akordio sendorik, baina bi aldeak hurbiltzen ari direla dirudi. Euskal Herrian ere izango du eraginik zuzendaritzak lortzen duenak, hiru lantegi baititu: Nervacero (Trapagaran, Bizkaia), Acierie de l'Atlantique (Bokale, Lapurdi) eta Celsa Atlantic (Gasteiz).

Enpresak 1.268 milioiko kitapena eskatu die bere hartzekodunei, zorra deskontu handi batekin eskuratu zutela argudiatuz. Bueltan, zuzenean 450 milioi euro ordaintzea proposatu die, eta 662 milioi, hemendik zazpi urtera bitartean, zorrari amaiera emanez. Enpresaren kapitala 50 milioi euro handitzea ere proposatu du.

Hartzekodunek ere (Goldman Sachs eta Deutsche Bank bankuak, SPV eta Cross Ocean funtsak, besteak beste) argi izan dituzte beren baldintzak hasieratik: zorraren zati bat barkatzea enpresaren akzioen %49 eskuratzearen truke. Luxenburgoko Burtsan 700 milioiko tresna bat ere sortu nahi dute. Haren bidez, hartzekodunek Celsaren kapitalean sartuko lirateke SEPIren parte hartzea amaitutakoan.

Negoziazioak iraun duen bitartean, bai enpresak, bai hartzekodunek amore eman dute zenbait puntutan. Celsarentzat pentsaezina zen akzioen ia erdiak ematea, eta hartzekodunek hori onartu egin dute azkenean. Horrez gain, 630 milioi euroko kitapena eskaini diote siderurgia taldeari.

Bi aldeek aurki hartu beharko dute erabakiren bat SEPIren erreskatea lortu nahi badute. Orotara, 550 milioi euro daude jokoan: 270 milioi mailegu arruntean eta 280 milioi partaidetzakoan —interesez gain, etekinak izatekotan parte bat itzultzen da—.

Enpresak ere bere aldetik jarri du negoziazioan: SEPIren erreskatetik jasoko lukeenaren guztizkotik 400 milioi zorra arintzeko baliatuko lituzke, gainontzeko 150 milioiak enpresaren negozio plana bultzatzeko inbertituz. Hartzekodunek proposatutako Luxenburgoko tresna ere onartu du zuzendaritzak. Ordea, haren balioa nabarmen txikitu nahi du: 400 milioi eurora.

Denbora aurrera doa, eta ekainaren amaierara arte du erreskatea kobratzeko; bertan du SEPIk epemuga COVID-19aren funtseko dirua banatzeko. Aurretik, Ministroen Kontseiluak onartu behar du erreskatea —hilaren 28an egingo dute ekaineko azken bilkura—. Ministroengana iritsi aurretik, Europako Batzordearen onespena ere behar du, partaidetzako maileguak 250 milioi euroko muga gainditzen baitu.

Langileak, kalean

Enpresaren eta bere hartzekodunen negoziazioen blokeoa dela eta, Nervaceroko langileak Bilboko Moyua plazan elkartu ziren atzo. Lan hitzarmena negoziatzen ari ari dira lantegietan, eta ez dute nahi erreskatearen blokeoak inongo zailtasunik eragiterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.