Abeslari baten heriotzaren aurkako protestetan 239 lagun hil dituzte Etiopian

Oposizioak segurtasun indarrei egozten dizkie hilketak. Etnien arteko tentsioa areagotu egin da, eta gobernuak errepresioarekin erantzun du

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa. STR / EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Giroa gori-gori dago Etiopiako kaleetan. Haacaaluu Hundeessaa herrialdeko abeslari ezaguna tiroz hil zuten autoan zihoala, ekainaren 29an. Oromo etniakoa zen, eta gertaerak herrialdeko etnien arteko borrokak eragin ditu. Hilketaren aurkako protestak areagotu egin dira azken astean, eta indarkeriak eztanda egin du: 239 lagun hil dira dagoeneko.

Addis Abeba hiriburuan eta inguruko Oromo eskualdean hasi ziren protestak joan den astean. Eskualde horretan bizi dira, hain zuzen, oromo etniako herritar gehienak; herrialdean dagoen etniarik handiena da, eta biztanleen %35 dira. Hundeessaa abeslariaren hilketak, mahai gainean jarri ditu etniaren aldarriak: urteetako bazterketa amaitu nahi dute.

Abeslari entzutetsua izateaz gain, ekintzaile politikoa ere bazen Hundeessaa: pairatzen duten bazterketaren ahotsa zen oromo herritarrentzat. Etiopiako etniarik handiena diren arren, bazterketa ekonomikoa eta politikoa jasan behar izan dute urte luzez. Erailketaren arrazoiak oraindik argi ez dauden arren, Hundeessaaren gertukoek adierazi dute segurtasun indarrak direla erailketaren erantzule, eta «arrazoi politikoak» daudela atzetik. Poliziak jakinarazi du hainbat lagun atxilotu dituela gertakariaren harira.

Oposizioaren arabera, protestetako heriotza gehienak indar armatuen errepresioaren ondorio izan dira. Poliziak 3.500 lagun atxilotu ditu protesteta horietan.Buruak azaldu duenez, pertsona horiek «konstituzio sistema indarrez desegin» nahi izan dute, «artistaren heriotzaren testuingurua» baliatuz.

Tentsio egoeraren erdian, Etiopiako Gobernuak errepresioaren bidea hartu du. Azken egunetan, oposizioko hainbat kide atxilotu ditu, herrialdeko komunikabide nagusietako bat itxi du, eta Internet bertan behera utzi du, protestetarako deialdirik ez egiteko. Bortizkeria dela eta, Ahmed Abiy lehen ministroari leporatu diote bere aurreko agintarien estrategia berberak erabili izana. Abiyk gaitzetsi egin du abeslariaren heriotza, eta adierazi du «ekintza zital bat» izan dela. Halaber, gehitu du, hilketak ekarri duen indarkeria «herrialdea ezegonkortzeko» ekintza «koordinatua» izan dela.

Oromoen askatasun aldarri

Abiy 2018an izendatu zuten lehen ministro, aurreko gobernuaren aurkako protesta odoltsu ugariren ostean, eta herrialdeak izan duen lehen oromo buruzagia da. Iaz, Bakearen Nobel saria irabazi zuen lehen ministroak, herrialdeak Eritrearekin zuen gatazkaamaitzeagatik. Etiopia eta Eritrea 2000tik zeuden gerran, muga gatazka bategatik, eta 2018an harreman diplomatikoak berrezartzea lortu zuten. Halaber, azkenaldian, errepresioaren aldeko ekintzak egin dituela salatu du oposizioak.

Hilketaren ondorioz, gaiztoturik dago giroa herrialdean. Astelehenean, gobernuak salatu zuen erasoak izan direla Amhara eskualdean, eta OLF Oromo Askatasun Frontea egin du erasoen erantzule.

Askatasun politikoaren aldeko ikur bilakatu zen, hain zuzen ere, bere kantuekin Hundeessaa. Oromo eskualdean jaio zen, Ambo hirian, eta, ekintza politikoen ondorioz, kartzelan egona zen oso gazterik. Bost urte igaro zituen, eta orduan hasi zen musika munduan. Ziegan zela kaleratu zuen lehen diskoa, 2009an, eta albuma oromo etniaren ikur politiko bilakatu zen.

Kartzelatik irten zenean, ez zuen erbestera joan nahi izan, gobernuaren jazarpenak itzal egiten bazion ere. Etxean geratu zen, eta gazteak animatu zituen eskubideen alde borroka egitera. 2015ean, gobernuaren aurkako protesta indartsuak piztu ziren herrialdean, eta askatasun politikoaren aldeko ereserki bihurtu ziren haren abestiak. Protesta horiek gobernuaren gainbehera ekarri zuten eta, Ahmed Abiy oromo etniako lehen buruzagia izendatu zuten lehen ministro.

Hundeessaak oromoeraz soilik abesten bazuen ere, oso ezagun egin zen beste etnietako herritarren artean. Oro har, hamaika etnia nagusi bizi dira Etiopian, eta 90 hizkuntza ezberdin daude. Ekainaren 29ko gauean hil zuten tiroz Hundeessaa, autoz zihoala, Addis Abeba hiriburuan. 36 urte zituen, eta bi haurren aita zen. Ostegunean egin zioten azken agurra, jaioterrian, Ambon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.