Albistea entzun

Biba Ardoak kooperatiban batu dira Euskal Herriko hamalau upategi ekologiko

Salmentak indartzeko helburua du proiektuak. Ardoa ekoizten den lurralde guztietako upategi batzuk atxiki dira, sor-marka denetakoak
Ardo dastaketa atzo, Biba Ardoak plazaratzeko ekitaldian.
Ardo dastaketa atzo, Biba Ardoak plazaratzeko ekitaldian. ANDONI CANELLADA /FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko martxoak 3 - Donostia

Hamalau upategik osatu duten kooperatiba bat plazaratu zuten Donostian, atzo, upategi txikiek beren ardoa saltzeko dituzten zailtasunak leundu nahian. Biba Ardoak elkartean batu da ardo ekologikoa egiten duen mahastizain eta ardogileen talde hori; ardoa egiten den Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak daude, jatorri ize desberdinetakoak, baina denek dituzte ezaugarri komun batzuk: upategi txikiak dira, eskualdeetan oso sustraiturik, eta «espekulazio eta negozio hutsetik» ihes egin nahi dute. Ardoaren inguruan «kultura herrikoia» sustatzen dutela azaldu zuen Lantziegoko (Arabako Errioxa) El Mozo upategiko ordezkari Itsaso Compañonek. «Amesten dugun herria eraikitzen ari gara gure mahastietan», esan zuen, mahastizain eta ardogile txikiei «matxinatzeko eta ahalduntzeko» dei eginez.

Araba, Nafarroa, Nafarroa Behere, Bizkai eta Gipuzkoako hamahiru upategitako ordezkariek beren ardoak eman zituzten probatzera; aurrez aurre Donostialdeko ostalari talde bat izan zuten, «ardo ekologikoa eta biodinamikoa» banatzeko kooperatiba babestu duena. Bizkaiko Ulibarri txakolindegikoek ezin izan ziren egon; artzainak ere badira Iker eta Asier Ulibarri, eta antolatzaileek azaldu zuten egunotan bildotsak sortzen ari direla.

Oso argi utzi zuten kalitatea lehenesten dutela kantitatearen aurretik; «gure ardo guztiak nekazaritza ekologikoan ziurtatutako mahastietako mahatsekin eginda daude. Horrela, gure ingurua, gure osasuna eta gure ardoa edaten dutenena zaintzen, babesten eta berreskuratzen laguntzen dugu». Egiten duten lanaz harro daudela adierazi zuten, eta erantsi ardoaren sektorea «espekulazioak eta iruzurrak» hartu duela azken urteetan. Ardoa negozio bat baino askoz gehiago delako mezua sarritan errepikatu zuten, bizitzeko modu bat dela, alegia, lurrari bizkarra eman gabe aurrera egiteko modu bat, gizarte orekatu batean.

Kooperatibak kide gehiago hartuko dituelakoan daude, eta «hasi besterik» ez direla egin. Ardoaren sektorea «biziberritzeko» saioan buru-belarri ariko direla gaineratu zuten.

Arabako Mahastiak

ABRA da kantitatearen bidetik ez baina kalitatearen bidetik aurrera egin nahi duen beste ardo elkarte bat, Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea, eta, horretarako, Arabako Mahastiak zigilua sortzeko saioan da. Bada Errioxako izendapenak «indarrik handienarekin» egingo du jatorri izenaren proiektu horren aurka. Hala esan zuen atzo Errioxa sor-markako zuzendari nagusi Jose Luis Lapuentek. Proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta Espainiako administraziora bidali aurretik helegitea jartzeko tartea ireki du. Oso argi dago Errioxako izendapenak helegiteak aurkeztuko dituela.

ABRAko presidente Saul Gil Berzal Donostiako ekitaldian zegoen atzo, Biba Ardoak kooperatibako kideetakoa bat denez, eta BERRIAri esan zion «oso argi» dutela aurrera egingo dutela zigilu berriarekin. «Arabako Mahastiak aurrera doa. Badakigu ahal dutena egingo dutela horren aurka, baina desberdintzeko premia gero eta handiagoa da guretzat».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Beasaingo CAF konpainiaren tren elektriko bat. ©CAF

500 MILIOI EUROKO GELTOKIRA

Xabier Martin

Renferen lehiaketa bateko hautagai bakarra da CAF: 483 milioi euroko kontratu bat da, eta luze gabe egingo dute adjudikazioa. Renferen megakontratuetatik at gelditu ostean, Beasaingo enpresak adjudikazio hori lortzea espero du.

Sestaoko Naval zenaren garabiak eta nasak, jarduerarik gabe. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Saltzea ez da beti irabaztea

Xabier Martin

Aurreko urteetan lotutako kontratuetan, euskal industriak ahalegin berezia egin beharko du irabazi marjina babesteko, ekoizpen kostuen garestitzeak estutu egin baitu irabazien tartea.

Ikatz zentral termiko bat Mannheimen (Alemania). ©RONALD WITTEK / EFE
Urkullu lehendakaria Zedarriak foroko kideekin, gaur egindako bileran ©Raul Bogajo (Foku)

Urkulluk Zedarriak-en txostenaren «erabilera politikoa» salatu du

Jokin Sagarzazu

Adierazi du alderdi politikoak eta komunikabideak dokumentua erabiltzen ari direla Jaurlaritzaren «izen ona» zikintzeko. Lehendakaria foroko ordezkariekin bildu da, harremanak normalizatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...