Eraitsitako arkitektura ondarea

Azken zazpi hamarkadetan Donostian desagertuz joan diren eraikinak gogora dakartza 'Galdu genuen hiria' erakusketak

Galdu genuen hiria erakusketako irudietako batzuk, Donostiako Santa Teresa komentuan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
San Martingo merkatua aterpetzen zuen eraikina 2003an eraitsi zuten, Donostian, nahiz etaCOAVN Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko gidan zegoen 1996. urtetik. Astoria zinema 1961ean zabaldu zuten, Donostiako Amara auzoan. 1.524 ikus-entzulerentzako lekua zuen. Ben-Hur filmarekin estreinatu zuten. 1989an berreraiki zuten. Zazpi areto eta 1.900 lagunentzako eserlekuak zituen. 2005ean bota zuten, hotel bat eta etxebizitzak egiteko proiektu baten truke.

Donostiako beste dozenaka eraikin eta arkitektura egituraren patua izan da. Berdin eraikin publiko eta pribatuena, berdin etxebizitza, baserri, industria eraikin, kultur ekipamendu, erlijio tenplu edo zerbitzuetara bideratuetakoena. Galdu genuen hiria. Hiri ondarearen kudeaketa Donostian, 1950-2017 erakusketak hamahiru auzotan barreneko ibilbide bisual bat proposatzen du, azken zazpi hamarkadetan galdu den, edo eraitsi duten, ondare arkitektonikoa bistaratuz. «Batez ere 1960ko hamarkada hasieratik aurrera hasi zen ondarearen galeraren prozesua, espekulazio goseak bideraturiko plan urbanistikoei esker», zehaztu du Alberto Fernandez Ancora elkarteko kide eta erakusketa atondu duenetako batek. «Herritarren memorian baino ez dagoen hiriari eskaintzen dio arreta, azken zazpi hamarkadetan desagertuz joan diren eraikinei». Heldu den urteko urtarrilaren 28ra arte izango da zabalik erakusketa, Donostiako Santa Teresa komentuan. Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan antolatu dute.

Parte Zaharretik, Erdialdetik, Martutenetik, Igeldotik, Altzatik, Amaratik, Antiguatik eta Ibaetatik igarotzen den ibilbideak «ez dio hiriko ondare ikonikoari bakarrik erreparatzen; aitzitik, Donostiako gune enblematikoenetatik harago joan nahi du, eta beste obra mota batzuen balioa azpimarratu». Erakusketak barne hartzen ditu ondare industrialaren adibideak —gasaren udal fabrika, adibidez—, eta hartzen ditu «herri arkitekturarenak ere»; dozenaka dira Donostian eta inguruetan desagertu diren baserriak, adibidez. Eta badira aisialdiarekin edo bestelako zereginekin loturiko eraikinak ere: Anoetako trinketa —1950ean eraikia, Anoetako kirol hiriko lehen eraikina izan zen—, Santiagoko errota, Morlansko akueduktua edota Eusko Trenbideen geltokia. «Horiek guztiek ere merezi dute euren garrantzia azpimarratzea».

Erakusketak 200 elementu bisual biltzen ditu, hala nola argazkiak eta La Perla eraikinaren hiru metro luzeko akuarela bat. Eraitsitako eraikin zaharren irudiak eta gaur egun haien lekuan zer dagoen erakusten dutenak ikus daitezke. Ibilbidea amaitzeko, atal kronologiko bat dago; bertan, urteka antolatuta ikus daiteke desagertuz joan den ondarea, «eta oraindik desagertzen ari dena». Izan ere, Ancora elkarteak ohartarazi nahi du etorkizun laburrean beste eraikin batzuk izango direla desagertuko direnak, eta erakusketan berean sartu dituzte eraikuntza horietako batzuk. Gogoan hartzekoa da Ancora elkartea sortu zela Donostiako kultur eta arkitektura ondarea babesteko asmoz, eta Arte Ederrak eraikinaren arrisku egoerak bultzatuta, batez ere.

Beste atal batean, Ancorak Donostiako ondare sinbolikoaren desagerpenari lotuta hirian sortu diren gizarte mugimenduak eta herritarren mobilizazioak nabarmentzen ditu. Mugimendu horien adibide dira Tomas Grosen etxeari —hari zor dio izena auzoak—, gas fabrikari, Arbide dorreei edo Kursaal kasinoari lotutakoak, zeintzuk eragin duten «herritarren erantzun nabarmena eta ondarea babesteko elkarteen sorrera».

Galdu genuen hiria bilduma osatzeko Ancora elkarteak hautatu ditu irudiak 600 eraikinetik gorako inbentario zabal batetik —Donostiako Udal Agiritegiko, Kutxako Fototekako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Diario Vasco egunkariko irudiak biltzen ditu, besteak beste—. Honela laburbiltzen du erakusketaren asmoa Alberto Fernandezek: «1950etik gaurdaino desagertutako ehun bat eraikinen bidez, ezagutzera eman nahi da galdutako ondarea, eta ohartarazi nahi da beharrezkoa dela ondarea kudeatzeko tresnak hobetzea, arkitektura nortasuna eta bizi kalitatea sortzen dituen tresna baita».

Mugei buruzko erakusketa

Mugak proiektuaren barruan, eta Santa Teresa komentuan bertan ireki berri dute A fine line erakusketa ere, mugei buruzko gogoeta dakarrena. Muga kontzeptuaren inguruan gogoeta egin dute mundu osoko hamasei arkitektura estudiok. Horiek guztiek harreman estua dute mugekin —Palestina, Israel, Kolonbia, Errusia, India...— edo «eskarmentu handia dute arkitekturan oinarritutako esperimentazioan».

Guztira hamasei bideo dira, muga proposamen bakoitza laburtzen dutenak, eta sei minutuko erakusketa bat osatzen dute. Maite Borjabad, Lluis Alexandre Casanovas, Enrique Espinosa eta Lys Villalba izan dira komisarioak, eta Jorge Lopez Conde, berriz, zuzendari artistikoa. 30 bat lagunek hartu dute parte proiektuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.