Albistea entzun

Beatriz Narbaiza. EHUko irakaslea

«Azpidatziek etorkizuna izango dute»

'Audientzia ikerkuntza eta big data' ikastaroan parte hartu du asteon Narbaizak: Ikusiker ikus-entzunezkoen kontsumoa aztertzeko panelean, zazpi institututako ikasleen datuak jaso dituzte.
MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko uztailak 3 - Donostia

25 urte daramatza EHUko irakasle lanetan Beatriz Narbaizak (Ermua, Bizkaia, 1968).

Unibertsitateko ikasleekin zenbait ikerketa egin dituzue ikus-entzunezkoen kontsumoaz. Orain institutuetako ikasleekin hasi zarete. Zer desberdintasun nabarmenduko zenituzke?

2018tik ari gara unibertsitateko ikasleekin ikerketa egiten —18 eta 24 urte artekoak—, eta datuetan ikusten da ikus-entzunezkoen kontsumo oso-oso handia egiten dutela. Aurreikusten genuen institutuko ikasleek, 12-17 urte artekoek, bestelako kontsumo batzuk zituztela. Proiektu pilotu batean Hego Euskal Herriko zazpi institutu hartu genituen, eta galdetegi batzuk egin dizkiegu. Ikus-entzunezkoen pisua ikaragarria da, eta fikzioak pisua du, baina eduki laburragoak ikusten dituzte 12-17 urtekoen artean.

Sakelakoa asko erabiltzen dute.

Bai, gazte guztiengan da masiboa sakelako telefonoaren erabilera, baina bereziki institutuko gazteen artean. Gailuaren erabilera masiboak baldintzatzen ditu kontsumo motak; badira sakelakoan telesailak ikusten dituztenak, baina, gailua txikia izanik, sare sozialetatik iristen diren eduki laburragoak dira gehiago. Youtube asko kontsumitzen dute; euskal musika arrakastatsua da.

Euskarazko edukien kontsumoa ez al da oso txikia?

Bai, bereziki txikia da Interneteko kontsumoetan: %1,7koa da euskaraz; unibertsitateko ikasleen artean, %2,2koa. Telebista konbentzionalaz galdetzerakoan, pixka bat handitzen da ehunekoa. Interneteko kontsumoetan, euskara eta gaztelania ez diren bestelako hizkuntzen kontsumoa %7,8koa da, eta horien barnean garrantzitsua da japonierak duen pisua —animeari lotuta dago hori—. Jatorrizko bertsioan ikusteko joera badago ikasleen artean. Hizkuntza baino gehiago, edukia da garrantzitsua.

Fikzioari dagokionez, zer joera antzeman dituzu?

Gaztelaniazko telesailek sekulako arrakasta dute gaztetxoen artean: telesail horiek ospea lortu dute gazteen artean. Nahiz eta daturik ez daukagun, jakin nahiko nuke duela egun batzuk Netflixek estreinatu zuen Élite-ren denboraldi berriak zenbat ikusle gazte izan dituen. Euskaraz gazteen gustuko edukiak baleude, ikusiko lituzketela iruditzen zait. Horretarako, jakinarazi egin behar zaie eduki horiek existitzen direla, bide batez.

Erakunde publikoek zer egin beharko lukete gazteek euskarazko eduki gehiago kontsumitu ditzaten?

Ikus-entzunezkoari daukan garrantzia eman behar zaio. Egunerokoan gauza guztietarako erabiltzen dira ikus-entzunezkoak. Politika zehatz batzuk behar dira. Galiziako adibidea esanguratsua da, baina gauzak ez dira egun batetik bestera gertatzen; sinergia batzuk bilatu behar dira, eta helburu eta politika batzuk ezarri. Funtsean, ikus-entzunezko sektore indartsuagoa behar dugu. Hor egon behar dute erakunde publikoek, ekoiztetxeak... Galizian mugimendu garrantzitsua sortu dute, galegozko produktuekin. Baina, horretarako, norabide batean jo behar da, estrategia batekin.

Gazteen ehuneko handi batek kontsumitzen ditu streaming plataformak, gehienbat Netflix, baina horietan ez dago euskarazko edukirik.

Plataforma horien artean Netflix da harpidedun gehien duena, baina ez da bakarra. Etxe askotan plataforma bat baino gehiago dute; pandemian ikusi da hori. Horietan euskarazko eduki gehiago baleude, eragin ona izango luke: euskara prestigiatu egingo litzateke. Netflixen Handia edo beste film batzuk jarri direnean, euskaldunen atxikimendua egon da horiekiko. Eta gauza batek bestea dakar...

Eta edukien euskarazko azpidatziak eskura izatea zein neurritan litzateke mesedegarri?

Azpidatziena fenomenoa da, derrigorrezkoa gaur egun. Jende asko dago edukiak jatorrizko bertsioan ikusten. Azpidatziak oso garrantzitsuak dira, eta etorkizuna izango dute. Aniztasunaren izenean, eskatu beharko litzateke plataforma horietan euskarazko azpidatziak egotea. 12-17 urte arteko gaztetxoen %7,8k edukiak jatorrizko bertsioan ikusten badituzte, argi dago euskarazko azpidatziak zabaldu behar direla.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñigo Vicens eta Lur Errekondo, <em>Naufragoak</em> saioko aurkezleak, Gazteizko FesTVal jaialdian. ©EITB

'Naufragoak' abentura saio berria, Karibeko uharte galduetatik ETB1era

Olatz Silva Rodrigo

Asteartean estreinatuko dute 'reality'-a. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute

Hemeretzigarren Glisseguna aroak mugatu badu ere, surf egin ahal izan dute goizean, Iban Iturbiderekin. ©GUILLAUME FAUVEAU

Glisseguna, urak atzemana

Ainize Madariaga

Seaskak eta Miarritzeko eta Angeluko ikastolek antolaturiko hemeretzigarren Glisseguna aroari moldatu behar izan zaio: giro baikorrean, goizean surfean bakarrik aritu ahal izan dira.
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ikusten ikastea da margolaritza»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Erretiroa hartu du Telleriak: margo denda itxi du, eta eskolak emateari utzi dio. Baina margotzeari, ez. 'Arimaren margolariak' telebista saioan egin zen ezaguna, baina 50 urteko ibilia darama jada artearen munduan. «Esperimentatzen» jarraitu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.