Hamasei kontzertu izango dira Miramongo Matineen denboraldi berrian

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hilaren 29an ekingo dio zikloari. Duo Ferrandez eta Euskal Barrokensemble gonbidatu dituzte, besteak beste

Euskal Barrokensemble zikloaren barruan ariko da. JUANTXO EGAÑA / EOS.
Erredakzioa
Donostia
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hilaren 29an ekingo dio Miramongo Matineeak zikloari. Hamasei kontzertu antolatu dituzte denboraldi berrirako, dagoeneko 27.a dena. Ohi bezala, Donostiako Miramon pasealekuan orkestrak duen egoitzan izango dira emanaldiak, larunbat goizez. Askotariko proposamenak bildu dituzte ganbera zikloaren egitarauan.

Urtero bezala, orkestrako musikariek osatutako taldeen emanaldiak izango dira nagusi egitarauan. Horiek, batetik, izen handiko konpositoreen obrak berrikusiko dituzte, hala nola Mozart, Beethoven eta Bachenak. Baina, bestetik, hain ezagunak ez diren autoreen lanak ere interpretatuko dituzte, esaterako, Felicien David konpositore frantsesaren Les Quatre Saisons.

Orkestrako musikariekin batera, beste hainbat interprete gonbidatu gisa ariko dira denboraldi berrian. Horien artean dago Euskal Herriko Gazte Abesbatza, 18 eta 26 urte bitarteko euskal ahotsak biltzen dituena, baita Euskal Barrokensemble ere, Enrike Solinisek sortutako taldea. Gonbidatuen artean, halaber, Duo Ferrandez egongo da, Pablo Ferrandez biolontxelo jotzaileak —zeina orkestraren abonamendu denboraldian ere ariko den bakarlari moduan— eta Sara Ferrandez biola jotzaileak osatzen dutena.

Entsegu irekia

Errepertorio sinfonikotik aldentzea izaten dute ikur Miramongo Matineek. Denboraldi berriaren egitarauan, baina, salbuespen bat ere sartu dute, eta orkestra osoa batera entzuteko aukera ere izango da saioetako batean. Austriako Linz eta Bregenz hirietara eta Alemaniako Munichera bira egingo du EOSek abenduan, eta han aurkeztuko duen programaren entsegu irekia ikusteko aukera izango da Donostian. Robert Treviñok gidatuko du orkestra, eta Mojca Erdmann soprano alemaniarra ere ariko da entseguan zein biran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.