Albistea entzun

Franck Dolosor. Kazetaria

«Ausardia handiagoa behar da ETBn»

Irailaren hasieran, Dolosorrek EITBko etapa itxi zuen. France Bleu irratian ari da ordutik, euskaraz eta frantsesez. «ETB1ek ETB2ko morrontzatik atera beharko luke», adierazi du.
FRANCE BLEU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko urriak 16

Kazetari lanetan 1996an hasi zen Franck Dolosor (Senpere, Lapurdi, 1977). Radio France Bleu irratiko berriketari lanaz gain, kolaborazioak egiten ditu Noticias taldean eta Radio Euskadin.

22 urteko etapa itxi duzu. Zergatik erabaki duzu EITB uztea?

Oso gustura aritu naiz EITBn: bi urtez Radio Euskadin, eta beste hogei urteak ETBn. Ikusten nuen enpresan egin dezakedan guzia mila aldiz egin dudala, eta erronka egion diot neure buruari, bertze zerbait egiteko.

Zer moduz joan zaizkizu lehen asteak France Bleu irratian?

Oso ongi, ilusio handiz. Gogoz hartu dut lana, eta gogotik hartu naute. Euskal Herriko hedabide batetik Euskal Herriko beste hedabide batera pasatu naiz. Euskaraz eta frantsesez aritzen naiz, eta tarteka aurkeztea egokitzen zait.

Ba al da aukerarik France Bleu Urdin irratian euskararen presentzia handitzeko?

Orain, dagoena egonkortzea da asmoa. Handitzeko aukerak egon daitezke, zuzendaria oso euskaltzalea baita. Egun, euskarazko albistegiak daude 06:30ean, 07:30ean eta 08:30ean, eta ordubeteko euskarazko saioa egiten dugu 12:00etan —19:00etan berriro ematen dute—. Asteburuetan ere bada hori guztia. Zuzenean egiten da, gainera.

Talde publikoaren irrati batzuetan bideoaren bidea ere hartzen ari dira.

Bai, 44 France Bleu daude. Urdin irratia liderra da Iparraldean, eta sei herritarretik batek entzuten du egunero. Beste France Bleu batzuetan hasi dira goizeko saioak France3n telebistan ematen, eta gurera ere irits daiteke.

EITB utziko zenuela jakinarazi zenuenean, sare sozialetan zure aldeko mezu ugari zabaldu ziren. Harritu al zintuen?

Pentsatu nuen hobe zela albistea neronek ematea. Uste nuen bospasei mezu iritsiko zirela, baina sekulakoa izan zen: nire txioak izan zituen 18.000 interakzio, 204.000 inpresio, eta harrituta gelditu nintzen. Ez nuen uste hainbeste mezu jasoko nituenik, ezta halako aniztasuna izan ere. Biziki umila naiz; asko harritu ninduen. Jende askok lotu nau Iparraldearekin; beharbada, Iparraldearekin duten hari bakanetakoa nire lanaren bidez izan da. Baina hari txikiegia ez ote den...

Lander Arretxea BERRIAko telebista kritikariak esan zuen zure ibilbidea omentzeko modurik onena ETBn arituko direnei begira jartzea dela.

Niri aukera eman zidaten bezala, beste batzuei aukera eman behar zaie. Ausardia izan behar da langileak hartzeko: hartu, formatu, enpresak egokitu behar du egoerara... Hegoaldeko hiriburuetan kazetari gazte asko trebatzen dira. Baionako egoitzan lan bat egin behar da, baina harritzen naiz zein gazte gutxi lotzen den Iparraldean euskarazko kazetaritzari. Hautagai gutxi egon ohi dira; pena da.

Ez al dute ETBko zuzendaritzek gutxi mimatu Iparraldearen orena?

Orokorki, ausardia handiagoa behar da. Euskaraz egiten diren lanei balio handiagoa eman behar zaie. Argi dut gure indargunea duela 40 urte finkatu zena dela: euskara eta Euskal Herria. ETB1ek ETB2ko morrontzatik atera beharko luke. Erabaki sendoak hartu behar dira. ETB2 eta Radio Euskadi beharrezkoak dira, baina oreka behar da lortu, esaterako Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik duten oreka berbera. ETB1ek beti baitu aurrekontu txikiagoa, ordutegi okerragoa; albistegietan produktu berbera delarik ere, beti ditu baliabide gehiago ETB2koak. Bestalde, guk Iparraldeko hauteskundeei buruzko emanaldi bereziak egin izan ditugu ETB1en, eta %0ko kuota eman dute. Egiten ez bada, kritikatzen da; eta egiten delarik, ez da ikusten. Beste saio batzuekin ere antzekoa gertatzen da.

Zer behar du ETB1ek?

Euskal sena duten produktuek funtzionatu egiten dute, behar diren baliabideak eta lantaldeak dituztenean. Argi dut hortik jo behar dela. Bistan da jende berria erakarri behar dela, baina herri txikietako euskaltzaleei ez zaie bizkarra eman behar.

Euskal sena ere behar al da gaztelaniazko eta frantsesezko hedabide publikoetan?

Nik hala egiten dut. Horri txertatu behar zaio agenda zein den. Nahiago nuke agenda guk finkatzea: landu eta sakontzea. Zergatik jarraitu Madrilen edo atzerriko beste toki batzuetan finkatzen den agenda? Hemengo albisteekin zabaldu behar dira albistegiak. Epizentroa zein den ikusi behar da; enpresak behar du hori finkatu. Euskaldungoa bere osotasunean hartu behar da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Fernando Rey itzultzailea eta Irene Vallejo idazlea, Iruñean egindako aurkezpenean. ©KIKE MORA

«Ahozkotasunari eginiko omenaldia ere bada»

Jakes Goikoetxea

Liburuen jatorriari buruzko saiakera atsegingarri, osatu eta arrakastatsu bat idatzi zuen Vallejok. Euskarara itzuli du Fernando Reyk, Pamielaren eskutik: 'Infinitua ihi batean'.
1 ©IDOIA ZABALETA / @FOKU

Urriaren azkenean, gaztaina etxean

Olaia L. Garaialde

Lehen, oinarrizko jakia zen gaztaina, baina, orain, gutxitan jaten da; esportatu egiten zen lehen, eta inportatu orain. Azken mendeetan, harremanak sortzen lagundu du. Batzuek historia ahaztu izan arren, badira gaztainari bizi berria eman dioten pertsonak, proiektuak eta ekintzak ere.

Uigurrek jasaten duten errepresioaren aurkako manifestazio bat, Hong Kongen, 2019ko abenduan. ©JEROME FAVRE / EFE

Uigurren etniako 71 kazetari preso ditu Txinako Gobernuak

Urtzi Urkizu

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute informazio eskubidearen kontrako «errepresio gogorra» dagoela gaur egun Txinan

Luis Irizar, bere eskolan, 2014. urtean, BERRIAk eginiko elkarrizketarako argazkian. ©Jon Urbe / Foku

Luis Irizar sukaldaria eta sukaldarien irakaslea hil da

Edu Lartzanguren

Irizarrek 91 urte zituen. Haren ikasle izan ziren, besteak beste, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Martin Berasategi, Ander Gonzalez, Pili Manterola, Elena Arzak, Hilario Arbelaitz eta Inaxio Muguruza.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.