Asier Etxenike. Soziologoa

«Eduki batetik bestera joaten dira gazteak»

Komunikaldia egingo dute bihar Mondragon Unibertsitatean, eta Etxenikek 'Kazetaritza garai berrietan' hitzaldia emango du. Gazteek «logika digitala» barneratua dutela azaldu du.

RAUL BOGAJO / FOKU.
urtzi urkizu
Andoain
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Aztiker ikerguneko ikerkuntza eta berrikuntza arduraduna da Asier Etxenike (Errenteria, Gipuzkoa, 1979). 11 urte dira Aztikerren lanean hasi zenetik.

Gazteak eta kazetaritza. Nondik dator etena? izenburua du biharko jardunaldiak. Nolako etena ikusten duzu gazteen eta hedabide tradizionalen artean?

Etena toki batetik edo bestetik begiratuta, desberdina da. Datuei begiratuta, gazteek erreparatzen diete berriei. Komunikabideak eraldatze prozesu batean murgilduta daude azkeneko urteetan, eta, testuinguru horretan, nabaria da gazteen praktikak desberdinak direla adinekoek dituztenetatik. Etena badago kazetaritza eredu tradizionalarekin, baina ez kazetaritza berarekin.

Baina gazte bat nekez ikusten da kiosko batean egunkari bat erosten.

Oso nekez, baina ez gazteak bakarrik. Adinean aurrera egin ahala, paperak gero eta pisu gutxiago duela ikusten da. Hala ere, sektore batzuetan eta nitxo batzuetan papera mantentzen da. Papera modu kolektiboan tabernetan edo beste toki batzuetan mantentzen da, era berean.

Zeintzuk dira gazteen arreta foku nagusiak?

Ikertu dudanetik esan dezaket gazteek askoz barneratuagoa dutela logika digitala. Hedabide desberdinetatik irakurtzen dute gehiago, hedabide bakarretik baino. Ohituta daude berri edo eduki batetik bestera joaten, eta beste praktika batzuk dituzte barneratuago. Normalean ez dute asko sakontzen gai batean, baina eduki desberdin gehiago irakurtzen dituzte. Interes partikularren kontuak begiratzen dituzte sarri: kultur agenda kontuak edo lagunekin partekatzeko gaiak. Eguneroko jarioa lehenesten dute, eta ez hainbeste sakontasuna.

Sare sozialetan zabaltzen diren informazioekin, gazteek ba al dute konfiantzarik?

Gazteek badakite sare sozialetan denetarik mugitzen dela, eta konfiantza gutxiena sare sozialetan zabaltzen diren kontuekin daukate. Baina neurri batean uste dute gaitasuna dutela desberdintzeko informazio bat albiste faltsua den ala ez. Eta gaitasun gehiago dute adinekoek baino albiste faltsuak bereizteko.

Joera horietan badago alderik Euskal Herrian?

Esango nuke berdintsuak direla joerak. Gazteen artean mundu digitalak irekitzen duen kontu bat da: bestelako esperientzia batzuetara irekiak daude, eta horrek haiengan eragin handiagoa dauka.

Duela aste batzuk, Gaztezulo-k eta ADM taldeak Zut aldizkari-aplikazioa aurkeztu zuten, Ixa fikzioa barneratzen duena. Horrelako saiakeren inguruan zer esango zenuke?

Haiek esango dute funtzionatzen ari den ala ez. Kezka iraunkorra da gazteengana nola iritsi, eta hori lortzeko estrategia desberdinak jarri izan dira martxan. Euskararen eremutik saiakerak beharrezkoak dira. Ikusiko dugu zeintzuk funtzionatuko duten, baina gazteek berritasuna eskatzen dute.

Euskarazko hedabide askok, herri ekinaldikoek bereziki, komunitatearen babesa funtsezkoa dute iraupenari begira. Gazteak komunitatera batzeko zer egin beharko litzateke?

Nahiko nuke hori jakin. Baina gazteek duten osagai bat parte hartzearen kontua da. Hedabide tradizionalak bertikalak izan dira orain arte, baina mundu digitalean beste logika bat dago: komunitatea egiteko orduan, indarra hartzen duen osagaia parte hartzearena da. Parte hartzeko aukera izan daiteke gazteekin konektatzeko bide bat.

Ikus-entzunezko edukiak aipatzen dituzte aditu askok.

Bai, onerako zein txarrerako. Gazteek asko funtzionatzen dute irudiaren bidez. Multimedia bada gazteak kateatzeko estrategia bat.

Datozen urteei begira, zer aldaketa etor daitezke kazetaritzaren alorrean?

Tentsio bat dago: indarra hartzen duten joerekin bat egitea eta horretan sakontzea, edo horien aurrean beste eskaintza bat egitea. Irudipena dut joera batzuk boladan egoten direla, baina bestelako antsietateak sortzen dituztela. Mundu digital horrek guztiak azelerazio bat bultzatu du komunikazioan, baina sortuko dira lasaiago egoteko moduak. Eta egongo dira azelerazio horri erantzuteko beste espazio batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.