2021ean, 2020ko lepotik burua

Izurriteak eragindako eta sakondutako aldaketek komunikabideetan jarraituko dute aurten

Hainbat komunikabidetako mikrofonoak, adierazpenak jaso zain. JENS SCHLUETER / EFE.
jakes goikoetxea
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
COVID-19aren izurriteak mundua aldatu du, eta komunikabideak eta haien jarduna ere aldatu ditu. Komunikabideen hartzaileen ohiturak ere bai. Halabeharrez, sakondu eta azkartu egin dira lehendik egiten ari ziren aldaketa batzuk, eta 2021. urteak 2020.aren ubera jarraituko du. Trantsizio digitala azkartu egin da: harpidetza digitalak gero eta garrantzitsuagoak dira; salmenta elektronikoak ere bai. Berrikuntza etengabea da; adimen artifizialarekin bide berriak urratzen ari dira. Funtsa ahaztu gabe: kazetaritza.

Oxfordeko Unibertsitateak eta Reuters Institutuak komunikabideen egoera eta joerak aztertzen dituzte. 2021eko joeren eta aurreikuspenen azterketa kaleratu berri dute, 43 herrialdetako 234 komunikabidetako arduradunei egindako galdeketan oinarrituta.

ETXEAN EDO ERREDAKZIOAN

Kazetari asko etxetik lan egiten hasi ziren 2020an, eta hala ari dira oraindik ere. Kazetariek eta komunikabideek ikusi dute posible dela egunkariak eta irrati eta telebista programak erredakzioetatik eta estudioetatik kanpo egitea, asko jota erredakzioetan eta platoetan talde txiki bati eutsita. «Jada ez gara bueltatuko aurrekoaren moduko erredakzio batera», Maria Ramirez elDiario.es-eko zuzendariordearen esanetan.

Etxetik lan egitearen ifrentzuak aipatu dituzte: lan ordu asko, prozesu korapilatsuak... Horrek eragina izan dezake sormenean, eta zaildu egiten ditu harremanak. Kezka iturri da langileen buru osasuna.

«2021eko funtsezko erronketako bat izango da nola pasatu krisi eredutik aurrez aurreko lana eta etxekoa bateratuko dituen eredu hibrido batera», aipatu dute ikerketaren egileek. Galdetutako komunikabideen erdiek txikitu egingo dituzte lanerako guneak, gastuak aurrezteko.

ESPEZIALIZAZIOA

COVID-19ak agerian utzi du espezializazioaren garrantzia eta balioa. Gaia menderatzen duten kazetarien gaitasuna gauzak modu ulergarrian azaltzeko. Sinesgarritasuna.

«Komunikabideek gero eta garrantzia handiagoa ematen diote espezializazioari», Oxfordeko Unibertsitatearen eta Reuters Institutuaren azterketaren arabera. «Krisi honen eraginez, erredakzio batzuk konturatu dira zer gutxi dakiten zientziaz eta teknologiaz».

IKUSGARRITASUNA

Informazioa emateko moldeak aldatzen ari dira: gero eta ikusgarriagoak dira. AEBetako Washington Post egunkariak egindako koronabirusaren simulatzailea bere historian gehien ikusitako lana da. Talde berezi bat sortu du halakoak lantzeko, zazpi kazetarikoa.

HARPIDETZA DIGITALAK

2020rako egindako aurreikuspenetako bat zen harpidetza digitalak eta beste ordainketa sistema batzuk ugaritu egingo zirela. Izurriteak joera hori bizkortu du: komunikabideen harpidetza digitalak %110 ugaritu ziren batez beste, 2019arekin alderatuta (martxoko eta maiatzeko datuak). New York Times-ek, esaterako, milioi bat harpidetza digital gehiago ditu. Erronka? Harpidedun berriei eustea. Arriskua? «Joera da herrialdeetako eta nazioarteko marka gutxi batzuek eskuratuko dutela merkatuaren zati handiena».

Galdetutako komunikabideen erdietako ordezkariek (%51) uste dute harpidetzek funtzionatuko dutela; %41 ez dira hain baikorrak.

BERRIKUNTZA

Izurriteak informazioa eskaintzeko moldeak berritzera behartu ditu komunikabideak. Nork sortzen ditu ideiarik onenak? Lautik hirutan (%74), audientziak eta datuen azterketak; kasuen %68tan, diziplina ezberdinetako kideez osatutako taldeek. Arduradun nagusiek? Lau kasutik batean (%26).

ADIMEN ARTIFIZIALA

Komunikabideetako ordezkarientzat adimen artifiziala izango da hurrengo urteetako teknologiarik indartsuena. Adimen artifiziala erabiltzen ari dira edukien kokapena erabakitzeko, harpidedunak aurkitzeko, edukietan oinarrituta irakurleei erantzuteko... BBC tresna berriak probatzen ari da testu hutsa eduki bisual bihurtzeko, sakelakoetarako. Adimen artifizialak asko hobetu ditu itzulpenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.