Albistea entzun

Joseba Urkiola. EITBko Kirol zuzendaria

«Zapore ona utzi digu 'Erremontari'-k»

Frantziako Tourra emango dute bihar hasita ETB1ek eta Euskadi Irratiak. Urkiolaren iritziz, TVEk baino eskaintza «handiagoa» eta «zabalagoa» du ETBk txirrindularitzan.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko ekainak 25

2008an hasi zen ETBn lanean Joseba Urkiola kazetaria (Leitza, Nafarroa, 1986). Kirola egitea maite du, baita irakurtzea eta filmak ikustea ere.

Otsailera arte, ETBko Kirol zuzendaria zinen. EITB osoko Kirol zuzendari izatera pasatu zinen. Zertan eragin dizu eguneroko lanean?

Orain kirolen kudeaketa bai irratietara, bai Internetera, baita telebistara ere bideratzea egokitzen zait. Perspektiba aldatzen da jende aldetik, kudeatu beharreko langile kopurua bikoitza baino gehiago baita.

Udaberriaren errepasoa egiten hasita, distantziatik zer balantze egiten duzu Reala-Athletic finalaren emankizun historikoaz?

Balantze ona, sekulako talde lana izan zen. Aurreneko aldiz, irratiko, telebistako eta Internetekoak toki berean egon ginen. Ondo landutako emankizunak izan ziren irratian eta telebistan.

Zale asko haserre azaldu ziren, finalaren ondorengo egunerako iragarria zegoen telebista saioa ez zelako egin. Handik bost egunera egin zuen ETB2k.

Horrek ez zuen zerikusirik Kirol departamenduarekin. Gu une haietan Euskal Herriko Itzulia prestatzen ari ginen. Egia da zale batzuk sentsazio gazi-gozoarekin gelditu zirela. Gu hamabost egun lehenago final haren ospakizunak prestatzen hasi ginen: dena prest zegoen Donostian eta Bilbon. Baina azkenean Realak eta agintariek erabaki zuten ongietorririk ez egitea. Partida beraren prestakuntza eta partida bera oso ondo joan ziren, nahiz eta jakitun naizen azkeneko pauso horretan zerbaitek huts egin zuela.

Udaberrian: Euskal Herriko Itzulia, Italiako Giroa, pilota txapelketak… Nolako sasoia izan da?

Zoragarria izan da udaberria. Itzuliak azkeneko urteetako ikusle daturik onenak lortu ditu. Jendearen aldetik oso feedback ona izan dugu. Txirrindularitzan daukagun proiekzioa sekulakoa da: TVEk baino eskaintza handiagoa eta zabalagoa daukagu txirrindularitzan. Luxua da txirrindularitza probetan dugun eskaintza. Pilota ondo joan da. Eta Erremontari izan da lore ederra: Galarreta pilotalekutik, inoiz ez bezala eman dugu erremontea. Zapore ona utzi digu Erremontari-k.

Erremontari-ren ordu berean ETBk bere saio izarra eman du: Conquis.

Beste irakurketa bat egin daiteke: gau horretan, ETB1 eta ETB2 batuta, euskal gizartearen heren bat Euskal Telebista ikusten ari da.

Bihar hasiko da Frantziako Tourra. Emankizunetan zerbait berezia egingo duzue?

ETB1en On Tour saioa egingo dugu, Giroan Ez da Giro bezala. Pirinioetako etapetan bertatik bertara egongo gara. Gonbidatu berezi mordoa izango dugu, eta euskal txirrindularien jarraipen zehatza egingo dugu. Lortu dugu txirrindularitzan zaleen erreferentzia izatea.

Plazandreak saioaren bigarren aldia hasi zen astelehenean. Aurreneko denboraldian baino ikus-entzule gehiagorengana iristeko aukerarik bada?

Bai, egia da Conquis eta futboleko Eurokopa daudela. Baina Plazandreak abuztuaren 2ra arte izango da, eta uste dut ikusleek pilotariak ezagutu ahala, aurrerapauso bat emango dugula. Finala zaleekin irudikatzen dut.

Zenbait ikuslek diote ea ez duen ETB1ek pilota partida gehiegi ematen. Zergatik ez eman pilota ETB2n?

Pentsatzekoa izan daiteke. Agian hausnarketarako kontua izan daiteke.

EITBko zuzendari nagusiak «ahalegin teknologiko handia» iragarri du estropaden emankizunetarako. Urpeko infografietan zer ikusiko da?

Aztirekin elkarlanean ari gara. Berrikuntza da estropadako itsas eremu bakoitza identifikatu ahalko dugula. Naturak garrantzi handia izango du, eta hori islatzen saiatuko gara. Grafismo aldetik ahalegin handia egingo dugu, eta traineru bat kale batetik edo bestetik joan zer alde egon daitekeen ikusiko da, benetako xehetasunekin. Ur korronteak eta zailtasunak non egon daitezkeen ere azalduko dira emankizunetan. Datu estatistikoetan hobekuntzak egingo ditugu, bide batez.

Zertan amaitu zen Josean Tolosaren eta ETBren arteko auzia?

Aspaldiko kontua da, akordio batekin amaitu zen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. ©BERRIA

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Urtzi Urkizu

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Atzo egin zuten agiriaren aurkezpena.

Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Betiko txistorra ematen du ba!

Urtzi Urkizu

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.