Paulina Rios. Kazetari mexikarra

«Indartsuago itzuliko naiz Mexikora»

Rios kazetaria eta emakumea da Oaxacan, Mexikoko estaturik bortitzenean. Mehatxuak eta jazarpena jasan ditu. Bartzelonan dago, babestuta, Mexikora indartuta bueltatzeko.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2022ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Bartzelonako Udalak programa berezi bat du Mexikoko kazetariak babesteko. Sei hilabeteko egonaldi bat egiten dute gutxienez, Mexikon kazetari izateagatik jasaten duten jazarpenetik ihes egiteko, arnasa hartzeko, eta beren buruak indartzeko. Kazetari horietako bat da Paulina Rios, eskarmentu handiko kazetaria, pagina3.mx atariaren sortzailea. Oaxacakoa da, Mexikoko estatu bortitzenetakoa. Hilabete eskas darama Bartzelonan.

Zerk bultzatu zintuen babesa eskatzera?

30 urte daramatzat kazetaritzan, eta hainbat gertaera eta egoera latz bizi izan ditut. Eragin nabarmena izan dute nire osasunean. Erasoak jasateaz gain, lankideak babesten ditut, eta gogorra da haien kontrako erasoak ikustea.

Gobernuen erasoak dira, droga kartelenak, sikarioenak...?

Alde guztietatik etortzen zaizkigu erasoak.

Kazetariak isilarazteraino?

Isilarazitako eremuak dauzkagu Oaxacan, ez dagoelako salatzeko modurik. Era guztietako erasoak dira: hitzezkoak, fisikoak... Kazetariak hil egiten dituzte.

Zibererasoak ere jasan dituzue.

Bai, sortu nuenetik, ohikoak dirapagina3.mx nire atariaren kontrako eraso digitalak. Areagotu egiten dira Oaxacako hauteskunde kanpainetan.

Inpunitatea erabatekoa da? Salaketak eraginkorrak dira?

Inpunitatea erabatekoa da. Lesio arinen kasuan, kazetariek ez dute salaketarik jarri nahi, ez baitira aintzat hartzen eta ikertzen. Baina lankideei esaten diet erasoaren berri eman behar dela, gero Poliziak ikertuko ez badu ere.

Aldaketa zantzurik badago?

Orain gehiago zabaltzen da erasoen berri, aro digital batean gaudelako eta albisteak azkar zabaltzen direlako. Horrek egoera ikusarazi du, baina ez du gutxitu kazetarien kontrako indarkeria. Erasoek jarraitzen dute, Mexikon oso erraza delako kazetari bati erasotzea edo kazetari bat hiltzea. Ez dago justiziarik, ez dago zigorrik, eta inpunitatea nagusitzen da.

Badago modurik kazetariak babesteko?

Tresna bat badago 2012tik, baina oso gutxi lan egin du. Justizia eska dezala nahi dugu, justizia egiten den neurrian, ez baita hain erraza izango kazetariei erasotzea.

Gizarteak kazetariak babesten ditu?

Ez dugu babesik. Erakundeek babestu beharko gintuzkete, baina ez dugu konfiantzarik haiengan.

Bartzelonako egonaldia bukatu eta gero, zer egingo duzu?

Programak ahalbidetzen du Mexikotik ateratzea; denbora batean bortizkeria hori guztia ez jasatea; beste begirada bat izatea; eta Mexikora indartsuago itzultzea.

Mexikora itzuliko zara?

Bai, jakina. Baina indartsuago itzuliko naiz. Bartzelonara zaurgarri iristen zara, eta helburua da indartzea eta ahalduntzea, borrokan jarraitzeko. Ezin baitugu isilik geratu bidegabekerien aurrean.

Eta nola indartzen eta ahalduntzen zarete?

Alde batetik, fisikoki, Mexikon ohituta baikaude egunero aurrera eta atzera ibiltzera, geure osasuna zaindu gabe. Hemen, geure burua zaintzen erakusten ari zaizkigu. Barneratzen ari gara ondo egon behar dugula, lanean jarraitu ahal izateko. Bestetik, gogoeta eta analisi politiko batzuk ere egiten ari gara, kazetaritza egiteko beste modu batzuei buruz, geure burua arriskuan jarri gabe.

Posible al da Mexikon kazetaritza egitea norbere burua arriskuan jarri gabe?

Ez dakit. Oraintxe hasi gara gaia lantzen eta ikasten. Aurrerago erantzungo nizuke.

Mexikon, Oaxacan zehazki, kazetari izatea ez da izango kazetari hutsa izatea.

Kazetaria ekintzailea da, ezin baituzu isilik egon lankideen, giza eskubideen aldeko ekintzaileen eta lurraren aldekoen kontrako erasoen aurrean. Ekintzailea zara, zeure ahotsa goratzen baituzu besteen izenean.

Lankide asko hil dituzte?

Batzuk bai. Min handia ikusi dut, eta amorrua ematen dizu ezer ez egin ahal izateak, justiziarik ez dagoela ikusteak.

Kazetari lanak prestigioa du Mexikon?

Mexikoko gizarteak jabetu behar du zer den kazetari bat eta zertarako balio duen. Kazetariak bere sentitzen dituen neurrian, babestuko ditu. Baina gizartea ez da jabetzen kazetariok bizitza demokratikoan dugun garrantzia. Ez dugu prestigiorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.