Jesus Cintora. Kazetaria

«Dirutza egin dute izurrian, zigorrik gabe»

Cintorak Espainiako politikaren aktualitatea aztertu du 'No quieren que lo sepas' liburuan, ikuspegi kritikoz. Ustelkeria eta klientelismoa salatu ditu, sistemaren muinera jotzeko asmoz.

CARLOS RUIZ.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako Unibertsitatean egin zituen kazetaritza ikasketak Jesus Cintorak (Agreda, Espainia, 1977). Hainbat telebista saio aurkeztu ditu, eta horietako zenbait zentsuratu edo eten egin dituzte; azkenekoa, TVEn: iazko uztailean kendu zuten Las cosas claras, RTVEko administrazio kontseiluaren erabakiz. Hilaren 25ean, Bilbon aurkeztuko du liburu berria; eta 26an, Iruñean. «Badago jendea nahiko lukeena nik ezer ez egitea», azaldu du.

Zer da herritarrek jakin ez dezaten ezkutatzen duten hori?

Liburuaren asmoa da Espainiako Estatuaren funtzionamenduaren muinera jotzea. Kontatzen ez digutena, eta hobetzeko dagoena. Estatuaren agintean, ustelkeria auziak ez dira zigortzen: paradisu fiskalekin lotuak, izen mailegatzaileekin... Sistema judizialean, alderdien arabera egina dago kargu banaketa: Espainiako Auzitegi Nazionala eta Auzitegi Konstituzionala politizatuak daude, behar lukeena baino politizatuago. Horrez gain, eskubide sozialetan eta ongizatean murrizketak egiten ari dira. Osasun publikoak okerrerantz egin du...

Liburuan Espainiako monarkiaz ere ari zara. Kontatu duzu kazetari askok ez ikusiarena egin dutela Juan Carlos Borboikoaren delituak azaleratu direnean.

Atal batean bildu dut zenbateko espetxe zigorra jaso beharko lukeen Espainiako errege emerituak beste herritar baten gisan epaitu izan balute. Deskonexio nabarmena dago zenbait politikarik esaten dutenaren eta herritarrek sentitzen dutenaren artean, zeren urteetan aritu dira Juan Carlos Borboikoaren delituak ezkutatzen. Liburuan, halaber, lagunen arteko kapitalismoaz hitz egiten dut: zirkulu bat dago, errege emeritua eta beste pertsona batzuk babesten dituena. Hari batzuk frankismoraino iristen dira: diktadura garaitik onuradun atera diren familia batzuk daude, eta horretan dabiltza. Denak ez dira berdinak legearen aurrean, eta hor arazo serio bat daukagu.

Pandemian, jende askok sufritu du. Beste zenbaitek, berriz, Madrilen negozioa egin dute maskarekin…

Pandemiaren aldi gogorrenetan, aitona-amonak zahar etxeetan bakarrik hiltzen ari zirenean, beste batzuk dirua egiten ari ziren. Liburuan kontatzen dut nola zahar etxeetan osasun arreta egiteko Madrilgo osasunaren pribatizazioa gidatu duen pertsonaren alaba jarri zuten; guztiz ezgauza zen, baina hark ere negozioa egin nahi zuen. Halako zenbat putre egongo ziren Espainian? Dirutza egin dute zenbaitek izurrian, zigorrik gabe. Aro beltza izan da.

Inflazioa ia %10ekoa da azkenaldian. Prezio batzuen gorakada oso gogorra da familia askorentzat. Nor baliatzen da horretaz?

Kontu hauek ez dira berriak. Sarri, egia gehiago dago La Polla Recordsen abesti batean politikarien hiru mitinetan baino. Egoera ekonomiko honetan, bestalde, botere publikoek erakutsi beharko lukete kapaz direla interes orokorra defendatzeko enpresa elektrikoen eta halakoen aurrean. Oreka bat egon behar du dituzten irabazi horien guztien eta fakturen igoeraren artean. Bestalde, herri txikietakook badakigu zer ordaintzen zaien baserritar eta nekazariei, eta dendan zer preziotan saltzen diren fruituak eta barazkiak. Ukrainako gerrak izan dezake eragina prezioetan, baina ez horrek bakarrik.

Klientelismoaz dezente aritu zara liburuan. Zergatik?

Bai, zeren klientelismoa herri honen gaitz larria da. Sekulako kolesterola da. Jendea ez dute postuetan jartzen beren balioagatik, esperientziagatik, ibilbideagatik, baizik eta gertukoak direlako eta mesede egin dezaketelako. Denok ikusi ditugu halakoak.

Zer gertatu zen TVEko zure saioarekin, iaz?

RTVEko administrazio kontseiluari galdetu beharko zaio, erakunde horrek erabaki baitzuen saioa kentzea. Programa ondo zihoan: ikusle datu onak zituen; atsegina eta zorrotza zen. Kontseilu hori osatu dutenei zera ere galdetu beharko zaie: ustez aurrerakoia den gobernu bat dago, ez? Batzuek esan didate errua PPrena dela, baina ez, barkatu: Cuatroko saioa kendu zidatenean PP zegoen Espainiako Gobernuan, baina orain PSOE eta Unidas Podemos daude. Jabetu nintzen programa hasi aurretik ere bazeudela proiektua eten nahi zutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.