Chus Naharro. Buletinetan aditua

«Buletin batean, partekatzeko aukera izatea funtsezkoa da»

AEBetako herentzia jasota, gero eta hedabide gehiagok erabiltzen dituzte buletinak. Naharroren iritziz, editore edo kazetariaren ikuspegia txertatzea ona da buletinentzat. «Harreman bat sortzen du».

CHUS NAHARRO / BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Marketinean esperientzia zabala du Chus Naharrok (Almaden, Espainia, 1990). Eduki sortzailea da, eta bi buletin egiten ditu: bat, gailu elektronikoen gainekoa, eta bestea, buletinen ingurukoa.

Nolako bilakaera izaten ari dira hedabideen buletinak?

Aldaketa ikusgarria izan da. Hedabide guztiak AEBetako tradizioa heredatzen ari dira; izan ere, herrialde horretan denbora gehiago daramate hartzaileei buletinak bidaltzen. Formatuak aukera ematen dio hedabideari hartzailearen posta elektroniko pertsonala izateko. Modu horretan, hedabidea zuzenean iristen da hartzailearen posta elektronikoaren sarrera ontzira. Eta, horri esker, ez dago sare sozialen logaritmoen menpe, eta kontsumitzaileak ez du hedabidearen azalera jo beharrik ere. Komunikabide guztiek nahi dute bere buletin sarea.

Irudiak txertatzearen inguruan galdetzen dizutenean, zer erantzun ohi duzu?

Hedabide batzuen buletinetan, oso adierazgarria eta garrantzitsua da irudiak sartzea. Adibidez, Ukrainako gerraren berri ematerakoan, zentzu handia du argazkiak eta mapak eransteak. Ez da ahaztu behar diagonalean irakurtzen dugula.

Audioak eta bideoak ere bai?

Bai, baina aintzat hartu behar da horiek ez direla erreproduzitzen sarrera ontzian. Osagai horiei klik egin behar diezu. Badaude audioen buletinak, baina erabiltzailea atera egin behar duzu propio buletinetik.

Ordutegia garrantzitsua al da egunkarien buletinentzat?

Bai, eta gehienek ordu berean bidaltzen dituzte. Goizean goiz bidaltzen dituzte, 06:30 eta 07:00 artean.

Zure buletinetan zer aldaketa egin izan dituzu hobetuz joateko?

2017an hasi nintzen, gadget edo gailu elektronikoen inguruko buletin batekin. Iaz ekin nion buletinen inguruko buletinari. Aurrenekoak esperimentatzeko eta ikasteko balio izan dit, eta, horri esker, zorrotzago ari naiz bigarrenean. Funtsezkoa da buletina partekatzeko aukera ematea, kezka nagusietako bat izaten baita irakurle berriengana iristea. Jendeak ez badu aukerarik buletina gomendatzeko, zaila da harpidedun berriak lortzea. Aukera hori erraztu egin behar da.

Gaikako atari zein hedabideen sailentzat buletinak tresna egokiak dira hartzaile potentzialengana iristeko, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Hedabide batek izan dezake buletin orokor edo jeneralista bat. Baina, gai zehatzak lantzerakoan edo sinadura esanguratsuak eskaintzerakoan, ona da buletin gehiago sortzea. Aukera gero eta zabalagoa izan, hedabidearekiko atxikimendu handiagoa izango dute hartzaileek. Podcastekin ere gertatzen da: kazetarien ahotsa zabaltzea ona izaten da.

Buletinekin hasi ez diren hedabideei zer gomendio emango zenieke?

Lehenik eta behin, pentsatu behar da hedabidearen irakurle objektiboak edo idealak zer irakurri nahi duen. Beste hedabide batzuk nola ari diren ere aztertu dezakete. Bestetik, esan ohi dut lerroburuak bere horretan zabaltzea ez dela egokiena buletin batentzat; editorearen edo buletina egiten duen kazetariaren ikuspegia txertatzea ona da: naturaltasuna eta humanitatea ematen dio tresnari. Editoreak sinatzea ona da, harremana sortzen duzulako pertsona batekin.

Buletinen ekoizpena eta kontsumoa datozen urteetan ere areagotu egingo direla uste duzu?

Bidea dago egiteko. Formatuak indargune asko ditu. Baina saturazioa ere iristen ari da. Osagai bereizgarriak sartu behar dira, audientziari eusteko. Izan ere, buletin gehiegi egoteko arriskua dago, eta hartzaileak lehenetsi egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.