Ines Hernand eta Nerea Perez de las Heras. 'Saldremos mejores' podcastaren aurkezleak

«Arrakasta handieneko podcastak emakumeek aurkeztutakoak dira»

Donostiako Parentesi jaialdian parte hartu dute, eta jendaurreko show bat egin dute Kursaalean. Hernandek eta Perezek uste dute feminismoa gero eta presenteago dagoela eduki guztietan. «Eta oso ona da hori».

Ines Hernand eta Nerea Perez de las Heras, Donostian. PARENTESI JAIALDIA.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Abokatua eta umorista da Ines Hernand (Madril, 1992). Kazetaria eta antzerkigilea da Nerea Perez de las Heras (Madril, 1982). Zenbait komunikazio egitasmotan ari dira lanean.

Podium plataformako aurkezpen testuak dio «zapla emateko kulturatik» ihes egin nahi duela Saldremos mejores-ek.

INES HERNAND: Gaur egun, informazioa txio batekin edo eduki biral batekin egiten da.

NEREA PEREZ DE LAS HERAS: Are gehiago: orain jada informazioa bideo zati bat bihurtu da, 12 segundokoa. «Zapla emateko kulturaz» hitz egiten dugunean, ez gara ari ideien konfrontazioaz. Baizik eta eskolako jolastokiko erantzun sinplistei buruz: partekatu egiten da txio bat, besteari erantzuteko aukerarik gabe. Ez da testuingurua ikusten, eta aurretik zer esan den ere ez.

Kritika egiten duzue, adibidez, neoliberalismoaren ondorioez.

HERNAND: Aktualitateari oso lotuta gaude; interesa geurezkoa dugu. Eta sistema desmuntatzen ahalegintzen gara.

PEREZ: Liberalismoa jada ezin da neo deitu, eztula baino zaharragoa baita. Lanaren lehiakortasunaren kulturatik dator hori, eta jakin badakigu kapitalismoa ez dela sistemarik onena: ikusten ari gara liberalismoa ez dela bateragarria gizakion bizitzarekin. Munduaren heren bat ondo ibiltzeko, beste bi herenak oso gaizki ari dira pasatzen.

HERNAND: Errepikatu egin behar da urak busti egiten duela.

Podcastaren izenburuarekin, jendaurreko ikuskizunak ari zarete egiten. Zer moduz doaz?

HERNAND: Ez du zerikusirik podcastarekin. Komedia politikoa ardatz duen ikuskizun bat da.

PEREZ: Hiru segundotik behin txantxa bat dago. Jendea katarsiarekin ateratzen da ikuskizunetik. Podcastean sortzen diren txispa batzuk ikuskizunean oso kontzentratuta daude.

Nondik ateratzen dira hobeak entzuleak, batean ala bestean?

HERNAND: Kasu bietan, atera egiten dira: bizirauten dute. Baina ikuskizuna entretenimendua da; interakzio asko du publikoarekin.

PEREZ: Podcasta aktualitatekoa da, eta norberak entzuten du lantokira bidean doala. Ikuskizunean zurearen antzeko 600 aurpegi ikusteak ez du parekorik.

Zer garrantzi du podcastaren munduan ahots feminista ahaldunduak egoteak?

HERNAND: Erabatekoa. Aktualitate soziopolitikoa gizonen ahotsean entzuten zen bereziki, eta egun emakumezko ahots ahaldunduak egoteak harrotasunez betetzen gaitu. Podcastak egitekoorduan, ez dira baliabide asko behar espazio bat sortzeko, eta funtsezkoa da gazteentzat emakume erreferenteak egotea.

PEREZ: Pandemian, podcasten mundua lehertu egin zen, eta punta-puntan daudenak emakumeak dira. Arrakasta handiena duten podcastak andreenak dira.

Nola ikusten duzue podcast feministen etorkizuna?

HERNAND: Espazio bat eta tokia badago. Gainera, gero eta gehiago izango dira gizonek espiritu feministarekin aurkeztutako podcastak. Gizonek ere besarkatu behar dute feminismoa.

PEREZ: Feminismoak dena zeharkatzen du: true crime generoko podcast batean ere aurkitzen duzu genero ikuspegia. Feminismoa, mugimendu bezala, gero eta presenteago dago eduki guztietan, eta oso ona da hori.

Zer gomendatzen diezue podcastak egiten hasiberriak direnei?

PEREZ: Sentitzen dutena egin dezatela, eta ez diezaiotela jarraitu funtzionatu duen horri. Ez dezatela merkatu analisirik egin. Beren ahots propioarekin egin dezatela egin nahi duten hori.

HERNAND: Norbere burua esploratzea garrantzitsua da. Edonork eman diezaioke forma ideia bati. Norberak gustuko dituen gauzetara gerturatu behar da.

Ikusten duzue zeuen burua elkarrekin telebista saio bat egiten?

HERNAND: Telebista ikuskizun eta magazin asko daude gizonek gidatuak, eta aspergarriak dira. Ikusten dugu geure burua telebista saio batean, bai, ziurtasunez.

PEREZ: Inbertsiogileen zain gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.