Ideiak proiektu izateko urratsa

2deok hiru telesail egitasmo hautatu ditu, garatzen laguntzeko eta industriari aurkezteko

Sortzaileak eta erakundeetako ordezkariak, atzoko aurkezpenean, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Telesailak egiteko ideiak badituzte: trama bat, sinopsi bat, pertsonaiak, istorioaren oinarrizko garapena... Baina lan eta urrats asko falta zaizkie, batetik, ideia hori telesail baten proiektu bihurtzeko; bestetik, hura gauzatzeko baliabideak eskain diezazkieketen ekoiztetxeei, streaming plataformei eta inbertitzaileei aurkeztu ahal izateko.

Bide hori egiten laguntzeko sortu zen 2deo Serieak deialdia. Hirugarren deialdia izan da aurtengoa, eta atzo jakinarazi zuten zer hiru telesail proiektu lagunduko dituzten, Donostiako Tabakaleran: Xabi Ojinagaren Egia, Ainhoa Artetxeren Eutsi goiari!, eta Monica Lilacen eta Sergio Stendhalen Lonely People, Neon Cities.

Hautatutako proiektuen egileek dirua jasoko dute: 5.000 euro proiektuan lan egin ahal izateko. Baina, dirua ez ezik, aholkularitza pertsonalizatua ere izango dute, proiektua garatzen laguntzeko; ikus-entzunezkoetan eskarmentua duten sortzaile eta zinemagileek lagunduko diete: Koldo Almandozek (Sîpo Phantasma, Oreina, Hondar ahoak) lagunduko dio Ojinagari; Anna R. Costak (Arde Madrid, Fácil) Artetxeri; eta Laura Sarmientok (Intimidad) Lilaci eta Stendhali.

Maiatzetik irailera lan egingo dute proiektuetan, Donostiako Zinemaldira arte. Zinemaldian egingo dute aholkularitza lanaren azken zatia: aukeratutako sortzaileek zinemaldiko industria programan parte hartu ahal izango dute, eta proiektuak aurkeztu ahal izango dizkiete ekoizleei, streaming plataformei, telebista kateei, banatzaileei eta inbertitzaileei.

«Nahiz eta proiektua industriari aurkeztea den deialdiaren helburu praktikoa, nahi dugu sortzaileek tresnak izatea haien ibilbide guztirako», esan zien Laura Sarmiento zinemagile eta aholkulariak sortzaileei.

Aurreko deialdietan aurkeztutako proiektuek lortu dute telesail bihurtzea? Batzuek bai. Victor Alonso-Berbelen eta Jan Matheuren Raval-ek, esaterako. Iazko Donostiako Zinemaldian akordioa lortu zuten Avalon ekoiztetxe eta banatzailearekin, telesaila garatzeko. 2deoren lehen deialdiko telesail proiektu bat filmatzeko lantaldea osatzen ari da AEBetan.

Tabakalerako ikus-entzunezko laborategia da 2deo. Hark sortu zuen telesail proiektuak laguntzeko deialdia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, EITBren eta Donostiako Zinemaldiaren laguntza jasotzen du.

Hiru urtean 250 telesail proiektu baino gehiago jaso dituzte. Edurne Ormazabalek, Tabakalerako zuzendari nagusiak, nabarmendu zuen aurten aurkeztutako proiektuen kalitatea oso ona izan dela eta euskarazko proiektuak gero eta gehiago direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.