Igerian egindako zeharkaldia

Luis Goñi hernaniarrak erdietsi du lehen postua Donostiako Aste Nagusiko Pasealeku Berriko 49. igerialdian; Amaia Iriarte Burlatako gaztea izan da helmugara iritsi den lehen neska. Guztira, 459 igerilarik parte hartu dute. Zerua estalia zegon arren, ikusmin handia izan du aurtengoak ere.

Parte hartzaileak uretara sartzen, atzo goizean, Zurriolako hondartzan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel O. Iribar.
Donostia
2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ohi denez, goizeko hamaiketan, Donostiako Zurriolako hondartzan giro lasaia zegoen, atzo; haurrak surf eta igeriketa ikastaroan zeuden, eta garbitzaileak hara eta hona zebiltzan kaleak garbitzen. Zeru estalia zegoen arren, goizean goizetik turistak ere agertu ziren Kursaal ingurura, hondartzari begira, argazkiak atera eta atera. Nahiz eta udako edozein egun eman, minutuek aurrera egin ahala, igerilariak agertzen hasi ziren Zurriolako hondartzara.

Urtero legez, Andre Mari egunez egin zen Pasealeku Berrikoigerialdia; aurten, 49.a. Aurrekoetan bezala, Zurriolatik Kontxako hondartzarako bidea egin behar izan zuten; 2.959 metro igerian, hain zuzen ere. Hamabiak jo baino ordu erdi lehenago, zenbait igerilari ur ertzera gerturatzen hasi ziren beroketa lanak egitera. Han zegoen Eneko Perez de Nanclares ere. Gogotsu zegoen bilbotarra. «Lehen aldia da parte hartzen dudana. Itsasoari dagokionez, lasai ematen duen arren, itsaslasterrekin adi egon beharko dugu. Ea zer moduz joaten den». Bilbotarrarentzat, estutasunik hartu gabe, ondo bukatzea zen bere helburua. Beste igerilari batzuk, berriz, uretara sartu ziren beroketa lanak egitera. Alberto Pellice Lezaunek uraren tenperatura egokia zela esan zuen: 22 gradu. Iruindarrak hirugarren aldia zuen Pasealeku Berriko igerialdian parte hartzen. Motibatuta zegoen Pellice. «Urtero bezala,maila handiko igerilariak egongo dira. 50 minututik behera amaitzen badut, primeran». Adin askotako parte hartzaileak zeuden aurtengo zeharkaldian.

Lasterketa hasteko hamar minutu falta zirenean, igerilariak prest ziren. Gehienak gipuzkoarrak ziren arren, Espainiatik eta Frantziatik ere animatu ziren zenbait. Kontzentrazio aurpegiak nagusitu ziren igerilarien artean. Batzuei urduritasuna azaleratzen zitzaien, baina beste batzuk lasai zeuden. Denbora marka ona egiteko helburua zutenek lehen lerroa hartu zuten, eta helburu apalagoa zutenak, berriz, atzerago kokatu ziren irteera gunean. Jende kopuru esanguratsua bildu zen Zurriolako hondartzara. Han zeuden, besteak beste, senitartekoak zein hurbileko lagunak, igerilariei animoak emateko.

Bozina entzun, eta uretara

Hamabiak puntu-puntuan jo zuten bozina antolatzaileek, eta igerilariek Zurriolatik Kontxarako bidea hartu zuten. Lehen unetik, multzoa luze-luze eginda zegoen arren, metroak egin ahala, hamaika zatitan banatu zen. Ikusleek ere Kontxarako bidea hartu zuten, lehorretik noski.

Zerumugan zegoen ikusmira, une batetik bestera lasterketa buruko igerilariak agertuko baitziren Pasealeku Berriko errebueltatik. Uste baino lehiatuagoa izan zen atzokoa; hiru igerilari zeuden lasterketa buru, eta azken metroetan erabaki zen nor izango zen aurtengo irabazlea. Luis Goñi hernaniarrak lortu zuen lehen postua, 35 minutu eta 15 segundoko denborarekin. Uste baino gogorragoa izan zela azaldu zuen Goñik. Halere, pozik geratu zen egindako lanarekin. Emakumezkoetan, berriz, Amaia Iriartek erdietsi zuen lehen postua. Ikusleak harrituta geratu ziren Iriartek egin zuen denborarengatik. 36 minutu eta 40 segundo behar izan zituen Burlatako gazteak lasterketa amaitzeko. Estutasunik hartu gabe amaitu zuen zeharkaldia. «Uste baino lehenago utzi ditut aurkariak, eta nire lasterketa egitera joan naiz. Oso pozik nago sailkapen nagusian 10. postua lortu dudalako». Iriarteri, azken unean, Unai Zabalak aurre hartu zion. Lan oso txukuna egin zuela azaldu zuen zarauztar gazteak. «Datorren denboraldia prestatzen ari naiz, eta horrelako probak ondo etortzen dira sasoia ez galtzeko». Lasterketari dagokionez, gogorra izan zela esan zuen Zabalak. «Kanpotik itsasoa lasaia ikusten zen arren, haitzen ingurutik pasatu garenean itsaslasterhandia zegoela sumatu dugu, hondoko itsasoa mugitu samarra baitzegoen».

Kronometroak aurrera egin ahala, igerilarien neke aurpegiak agerikoak ziren, baina pozik eta gogotsu amaitu zuten gehienek. Askok erronka pertsonal gisa hartu zuten, eta besteak berriz zeharkaldia amaitzearekin ase ziren. Kirolak, festak bezala, ilusioa pizten duen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.