Albistea entzun

Jon Martija. 'Estamos dentro', podcastaren esataria

«Off-eko ahotsa ez dut asko sartuko»

Elkarrizketatuaren esaldi batekin hasi ohi da Martijaren 'Estamos dentro' podcasta (EITB Podkast atarian entzungai). «Gonbidatuen etxean giro berezia sortzen da», azaldu du.
Javier Colomore etxean —ezkerrean—, Jon Martija galderak egiten —eskuinean—. Ostiralean sareratuko dute.
Javier Colomore etxean —ezkerrean—, Jon Martija galderak egiten —eskuinean—. Ostiralean sareratuko dute. G. RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko maiatzak 24 - Hernani

Herri Irratian eta Onda Vascan 23 urte egin zituen Jon Martijak (Tolosa, Gipuzkoa, 1971). Egun, Dimension publizitate agentziako komunikazio arduraduna da.

Dimension publizitate agentzian nolako lana egiten duzu?

Gauza desberdinak egiten ditut: sare sozialetarako testu eta eduki asko, web orrietarako testuak, eta publizitatetik at dauden proiektuetan ere aritzen naiz. Gizarte proiektuak daude tartean. Orain, gastronomiarekin lotutako aplikazio bat prestatzen ari gara.

Aurretik, 23 urte egin zenituen irratian. Aldaketa handia izango zen, ezta?

Goizeko magazina aurkezten ari nintzen Onda Vascan, baina ez zen niri gehien gustatzen zitzaidan saioa. Dimensionekoen proposamena iritsi zen, eta jauzi egin nuen beste mundu horretara. Eskarmentua hartu dut gauza politetan, eta gustura nabil.

Dimensionen aukera eman dizute lana uztartzen Estamos dentro EITBko podcastarekin. Nola hartu zenuen Ulu Mediakoen proposamena?

Juan G. Andres hasi zen Estamos dentro gidatzen, eta hark nire atea jo zuen. Aukera polita izan zitekeela ikusi nuen, egin nahiko nukeen zerbait zelako. Dimensioni baimena eskatu nionean pentsatzen nuen ezezkoa emango zidatela, baina ez zen hala izan. Esan zidaten podcastaren eskarmentua baliagarria izan daitekeela gero enpresarentzat.

Elkarrizketak editatzen denbora asko pasatzen duten horietakoa al zara?

Ulu Mediakoak zorrotzak dira, eta ondo dago hori. Elkarrizketa batzuetan detaile asko sartzen ditut. Irratigintzarekin alderatuta, ematen dizu aukera gehiago lantzeko. Oier Aranzabalek gomendioak ere ematen dizkit.

Zer behar du podcastgintzako elkarrizketa on batek?

Estamos dentro-ren kasua berezia da, elkarrizketatuaren etxean sartzen naizelako. Gonbidatua da anfitrioia. Giro berezia sortzen da. Anfitrioia bere etxean dago, elkarrizketa luzea da, eta ez zoaz gonbidatuaren puntu ahulen bila. Alde horretatik, desberdina da irratiaren aldean. Gainera, ez diot ordulariari begiratu behar.

Nolako gonbidatuen bila zabiltza?

Jende poliedrikoa bilatzen ari naiz; Toti Martinez de Lezea eta Kepa Sojo, adibidez. Kultur munduko elkarrizketatuez gain, gizarte gaiei buruz arituko direnak elkarrizketatu nahi ditut. Denok dugu zerbait interesgarria kontatzeko, eta horren bila aritu izan naiz beti. Ez zait gustatzen elkarrizketatzaileak protagonismo handiegia duenean edo erasokorregia denean. Nire off-eko ahotsa gehiegi sartzea ere ez zait gustatzen, ez dut asko sartuko.

Mikro aurrean aritzera ohituta zaude. Nola laburbilduko zenuke Herri Irratian eta Onda Vascan egindako bidea?

Zorte handia izan zuen pertsona gisa ikusten dut neure burua. Irratian kasualitatez sartu nintzen, Forkiren [Jose Joaquin Forcada] bitartez musika saio bat egiteko. 1993. urtea zen, Herri Irratia COPEren barnean zegoen, eta banandu egin ziren orduan; orduak betetzeko jendea behar zuten. Saioak egiteko proposamenak egiten nituen. Aukera ematen zidaten horretarako. Eta ibilbide oparoa izan zen: asko gozatu nuen irratian.

Mariano Ferrerri buruzko udako ikastaro bat antolatu du EHUk. Han gertu zenuen, ezta?

Urte batzuetan Ferrerren teloneroa nintzen: gaueko txanda egiten nuen, eta bera hasi aurretik aritzen nintzen. Orduan izan zen audientzia gehien nuen garaia: Ferrer entzuteko aurretik jartzen zutelako Herri Irratia.

Onda Vascak Herri Irratia erosi zuenean aldaketak iritsi ziren. Nola bizi izan zenuen hura?

Onda Vascako gehienak Radio Euskaditik zetozen. Egiteko modua aldatu egin zen. Ildo editorialaren jauzia jesuitetatik EAJrakoa agian ez zen hain handia. Baina ikuspuntu profesionalagoa zutela esan daiteke. Bizkaiko pisua handitu zen, eta Gipuzkoako entzuleek nabaritu zuten.

Euskararen presentzia ere txikitu zen, ezta?

Bai, hala da, salbuespen batzuekin euskarak kasik ez zuen presentziarik.

Egingo zenuke podcast bat euskaraz?

Irratia bi hizkuntzatan egin izan dut. Podcasta euskaraz egingo nuke, baina onartu behar dut gaztelaniaz baliabide gehiago ditudala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Izuturik egon naiz; baina arrazionala da?»

Iker Tubia

Energia krisiaren eta klima aldaketaren aurrean, filosofia aldarrikatu du Basartek, erabaki eraginkorrenak hartzeko ezinbestekotzat jotzen baitu arrazoian oinarritzea. Altruismo eraginkorrean aritzen da orain.
Erreserbetan bermeak eskatzen hasi dira hainbat jatetxe. ©BERRIA

Bezeroak etorriko diren esperoan

Unai Etxenausia

Jatetxeei galera nabarmena ekar diezaieke bezeroek erreserba bat egin, ez direla joango abisatu ez eta, azkenean, ez agertzeak. Horrelakoak ez gertatzeko, hainbat jatetxe bezeroei bermeak eskatzen hasi dira erreserba egiten duenean, bezeroak lotzeko eta galerak gutxitzeko.

La Zurdako kide Andrea Ganuza, bere komikia aurkezten, La Zurda Berria jaialdian, maiatzaren 24an. ©MIRARI ETXABARRIA

Artearen jaialdia, denen esku

Itsaso Jauregi

Iruñeko La Zurda Berria jaialdian tailerrak eta arte erakusketak egin dira maiatzaren 26tik ekainaren 10era. Esperimentatzeko espazio seguru bat sortzea da helburua.

Atal berria du estilo liburuak: ikus-entzunezkoena. ©BERRIA

BERRIAren estilo liburuan atal bat sortu dute ikus-entzunezkoei buruz

Urtzi Urkizu

Irizpideak landu dituzte belarrirako nola idatzi, nola ahoskatu eta azpidatziak nola egin zehazteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.