Etorkizuna irudikatuz

Datorren asteartean estreinatuko da 'Ta bihar zer?' programa, 22:30ean, ETB1en

Leire Palacios, erdian, programaren bigarren zatian egingo den gazteen arteko eztabaidan. BEGIRA PRODUKZIOAK.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Askotan galdetzen dio jendeak bere buruari, etorkizunera begira erantzunak bilatzeko asmoz: «Eta bihar zer?». Galdera bera egin zuen Begira Produkzioak-eko lantaldeak, eta, gaur egungo adin guztietako ahotsak hartuz, etorkizuna irudikatzen saiatzea pentsatu zuten. Horrela sortu zen Ta bihar zer? programa, datorren asteartean, urtarrilak 3, ETB1en estreinatuko dena, 22:30ean. Leire Palacios izango du gidari.

«Munduko plazan deitzen zen programa batean egin genuen lan Leire Palaciosekin, eta EITBk beste produktu bat sortzea proposatu zigun», kontatu du Ane Rotaetxek, programaren zuzendariak. Elkarrizketa programak ditu gustuko Rotaetxek, baina formatuari zerbait berria eman behar zitzaion, eta, beraz, ideia batzuei buelta batzuk ematen hasi zen. «Pentsatu genuen: 'Beti ari gara gazteen inguruan hitz egiten, goazen eurei ahotsa ematera'», azaldu du zuzendariak.

Gazteen ahotsa modu berritzaile batean emateko erronka zuen, beraz, lantaldeak. Ta bihar zer? programa hibrido bat da, nahasketa bat, Rotaetxeren hitzetan: ez baita ez elkarrizketa programa bat, ezta eztabaida programa bat ere. Biak uztartzen ditu: «Elkarrizketa programa bat baino gehiago dela esango nuke», gehitu du.

Programaren hasieran, sarrera moduan, landuko den gaiaren inguruko datu eta azalpen batzuk ematen ditu aurkezleak, ikuslea apur bat kokatzeko. Ondoren, Leire Palaciosek hiru elkarrizketa egingo ditu, eta elkarrizketatu bakoitzak bere ikuspuntua izango du gaiaren inguruan. «Hiru ikuspuntu guztiz desberdin izango dira», zehaztu du Rotaetxek. Bai zuzendariak eta baita lantaldeak ere, gai unibertsal baten ertz desberdinak erakutsi nahi izan dituzte. Astero, hiru elkarrizketatuetako bat Euskal Herriko pertsona ezagun bat izango da.

Programaren bigarren zatian, gazteei emango diete ahotsa. Lau gaztek, Palaciosen gidaritzapean, eztabaida moduko bat izango dute, programaren gaiari jarraituz. «Gazteei galderak egiten dizkiegu, eurek gai horren inguruan ikusten duten etorkizuna azaltzeko, eta hortik dator programaren izena», aipatu du Rotaetxek.

Gaiak

Lehenengo programaren gaia sexua izango da. Palaciosek elkarrizketatuko ditu Aitzole Araneta sexologoa, Bene Markaida 87 urteko sopelarra, eta Eneko Garcia gazte donostiarra, euren esperientziak kontatzeko. Ander, Olarizu, Julen eta Ilargi izango dira elkarrizketen osteko eztabaidan parte hartuko duten gazteak.

«Gazteak aukeratzeko castingak egin genituenean, eurei galdetu genien ea zein gai iruditzen zitzaizkien interesgarriak haiek hitz egiteko», esan du programaren zuzendariak. Lantaldeko kideen adin aniztasunak asko lagundu die gaien aukeraketan, Rotaetxeren hitzetan.

Bigarren saioa familiaren inguruan izango da; hirugarrena, estetikari buruzkoa; laugarrena, zahartzaroarekin lotuta egongo da; bosgarrena, berriz, influencer-en inguruan; eta azkenak euskara izango du hizpide. «Asko gozatu dugu programa egiten, eta uste dut hori nabarituko dela produktuan», kontatu du Rotaetxek; ikuslearen erantzuna ikuste besterik ez zaio geratzen taldeari. Asteartero ETB1en egongo da ikusgai, otsailaren 7ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.