Anna Hildur. Zinemagilea eta ekoizlea

«Eurovisioneko balioei beste izen bat jarri beharko litzaieke»

Hatari taldeak Palestinako banderak atera zituen Eurovisioneko bozketetan, Tel Aviven, 2019an. Ekintza nola gertatu zen kontatu du Hildurrek 'A Song Called Hate' dokumentalean. Filmin plataforman dago ikusgai.

BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Kazetari aritu zen zenbait urtez, eta musikaren industrian egindako lanagatik zenbait sari jaso ditu Anna Hildurrek (Islandia, 1962). 2017an, Tattarrattat zinema ekoiztetxea sortu zuen, Iain Forsyth eta Jane Pollardekin batera. Londresen 30 urtez bizi ostean, Islandiara itzuli da bizitzera; ekoiztetxeak bulego bana du Londresen eta Reykjaviken.

Nola sortu zen ideia Hatari musika talde antikapitalistari buruzko dokumental bat egiteko?

Hatari taldea jarraitzen nenbilen lehenagotik, eta Eurovisionera abesti bat bidaltzea erabaki zuen. Kitzikagarria iruditu zitzaidan, musikariak desafioa egiten ari zirelako haien irudi propioari. Baina are interesgarriagoa egin zitzaidan ikustea ea haien ironia ekintzarekin noraino iristeko gaitasuna zuten. Ikusi nahi nuen ea zer bide egin zezaketen musika korronte nagusien aurrean.

Nolako eztabaida publikoa egon zen Islandian erabakitzeko Tel Aviven ospatu behar zen Eurovisionen parte hartu ala ez?

30.000 sinadura baino gehiago jaso ziren eskatzeko telebista nazionalak ez zezan jaialdian parte hartu [Islandiak 350.000 biztanle inguru ditu]. Eztabaida sutsua izan zen parte hartzearen inguruan. Islandia Europako herri bakanetako bat da Palestina herri gisa aitortzen duena.

Hatari taldeko musikariak lasai ala urduri zeuden zure dokumentalaren grabaketetan?

Elkarrizketa luzeak izan genituen grabazioei ekin aurretik. Hatarik beti izan du bere edukien gaineko erabateko kontrola, eta taldekideek bazuten kezka apur bat. Baina dena ongi adostu genuen, eta aukera eman ziguten Palestinan egin zituzten bidaiak grabatzeko.

Zer lezio eman zuen Hatarik Eurovisioneko ekintzarekin?

Niretzat oso interesgarria izan zen aukera izatea Palestinara joateko, eta bidaia Klemens Hannigan eta Matthias Haraldsson musikarien begietatik egiteko. Ikustea nola artista gazte batzuek haien emanaldia modu boteretsuan erabil zezaketen. Hedabideek haien mezua nola manipulatu zuten ikustea ere interesgarria izan zen.

Eurovisionen filosofia da lehiaketa ezin dela politizatu. Ba al du horrek zentzurik erabaki gehienak politikoak direnean?

Dena da politika, eta agian beste izen bat jarri beharko litzaieke Eurovisionek defendatu nahi dituen balio horiei. Esaten dute bakea sustatu nahi dutela, eta ziurtatu nahi dute jatorri, erlijio eta kultura guztietako pertsonak haien ikuspuntua partekatzen dutela. Eurovisionek dio «balio onetan» oinarritzen dela, baina artea ezin da kontrolatu. Hatari horren adibide ona da.

A Song Called Hate dokumentala hamalau jaialditan proiektatu dute. Zer moduzko harrera izan du?

Zazpi izendapen jaso ditu jaialdi horietan, eta bi sari eraman ditu. Gaur egun, munduko jaialdi askotatik ari zaizkigu filma bidaltzeko eskatzen.

Tattarrattat ekoiztetxearen sortzaileetako bat zara. Zein proiektu dituzue esku artean oraintxe bertan?

Film laburren antologia batean ari gara lanean: Nordic. Ideia da Europako iparraldeko herrialde bakoitzetik zinemagile bat eta musikari bat elkartzea, film labur bat sor dezaten. Emiliana Torrini Islandiako musikari eta kazetariari buruzko dokumental bat egiten ari gara baita ere.

Urte luzez bizi izan zara Londresen. Zer iritzi duzu brexit-aren inguruan?

Berriki bueltatu naiz Islandiara, eta iruditzen zait Erresuma Batuan bizi izan garenontzat deserosoa eta bortxazkoa dela bertan gelditu ahal izateko baimena eskatzea. Arazo asko daude brexit-aren inguruan konpontzeko, eta ikusiko da Erresuma Batua hobeto edo okerrago egongo den. Nire susmoa da okerrago egongo dela aurrerantzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.