Venezuela. Batzar Konstituziogilerako bozak

Zenbakiek indarberritu dute

Parte hartzea %41,5 izan da Venezuelako Batzar Konstituziogilea eratzeko bozetan. Maduroren ustez, «historikoa» da emaitza. Oposizioak ez du kontuan hartu. Gutxienez 10 lagun hil dituzte liskarretan

Caracasko Altamira auzoan oposizioaren aldekoek jarritako bonba bat lehertu zen, Venezuelako Poliziak handik pasatu behar zuenean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Mendebaldea eta Latinoamerikako estatu boteretsuenak, Argentina, Brasil eta Mexiko adibidez, aspalditxotik ari dira Venezuelako Gobernua presionatzen eta chavismoarenak egin duela lau haizetara zabaltzen. MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak biltzen du herrialdeko oposizioaren gehiengoa, eta gauza bera egiten du. Areago: AEBek Nicolas Maduro presidentea ekonomikoki zigortzea erabaki zuen, atzo, eta AEBetan dituen «aktiboak» izoztuko dizkiote.

Venezuelako presidentea, ordea, ez dago amore emateko prest, eta herenegungo emaitzak kontuan hartuz gero, venezuelarren parte handi batek ere ez du bat egiten munduko hainbat herrialdetako gobernuen ustearekin. Madurok berak hauspotutako Batzar Konstituziogilea eratzeko hauteskundeak egin zituzten, eta oposizioak boikoterako deia egina zeukan arren —hautagairik ere ez zuen aurkeztu—, CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalaren arabera herritarren %41,5ek parte hartu dute; zortzi bat milioi lagunek, alegia. Igandeko bozak baziren Maduroren diskurtsoa legitimatzeko froga bat, eta zenbakiek diote hauteskundeek indarberritu egin dutela. «Hauteskundeen historian Iraultza bolivartarrak ateratako emaitza onenak dira», ospatu zuen Madurok herenegun. «Historikoa da».

Baina herrialdeak krisi ekonomiko eta politiko bat bizi du. Beraz, igandean ere, egunero bezala, azken lau hilabeteotako dinamikari jarraiki, istilu larriak izan ziren oposizioaren jarraitzaileen eta segurtasunen indarren artean, eta hamar lagun hil dira istiluen ondorioz. Oposizioak dio hamabost direla hildakoak.

Eta nahiz eta oposizioak bozak boikotatu, eta Mendebaldeak zein Latinoamerikako estatu boteretsuenek esan chavismoaren garaia igaro dela, Batzar Konstituziogileak 545 kide edukiko ditu—ondo bidean gaur aukeratuko dituzte zortzi ordezkari indigenak—, eta, Maduroren esanetan, ahalik eta lasterren hasiko da lanean. Konstituziogilea izango da estatuko botere publiko nagusia, eta presidenteak inoiz adierazi bezala, «errepublikak behar duen bakea» lortzeko ahaleginean konstituzio berria idaztea izango du eginkizun nagusia. Hugo Chavez aurreko presidentearen lehen agintaldian onartu zuten konstituzioa, 1999an.

Oposizioko kideek, baina, ez dituzte kontuan hartu herenegungo emaitzak, eta, haien hitzetan, %12koa izan da parte hartzea. «Venezuelako herriak nabarmenki mendean hartu du gobernua», esan zuen atzo, Julio Borges parlamentuko presidenteak. 2015eko legebiltzarrerako hauteskundeetan oposizioa gailendu zen, bai —7,7 milioi boto lortuz—, baina ganberak ez du erabaki ahalmenik praktikan, joan den martxoan Auzitegi Gorenak boterea kendu baitzion, «desmen egitea» leporatuz. Borgesen iritzian, gobernuak botoak «asmatu» zituen herenegun. «Iruzurra da». Pasa den uztailaren 16an, herrialdeak Konstituziogilearekin bat egiten ote zuen jakiteko, oposizioak plebiszitu ez lotesle batera deitu zuen, eta ia zazpi milioi venezuelarrek kontra bozkatu zuten. Orduan gobernua izan zen oposizioari botoak asmatzea leporatu ziona.

Madurok dioenez, botereen arteko harremanean erreforma bat bultzatu nahi duelako hauspotu du Konstituziogilea —duela hiru urte oposizioak berak nahi zuen deitu—. Presidenteak esan izan du, gainera, Carta Magna berria idatzitakoan, herriak hori erreferendum bidez onartzeko edo atzera botatzeko aukera edukiko duela.

Immunitatea arriskuan

Herriak «bakea eta lasaitasuna» nahi dituela nabarmendu zuen Madurok herenegun gauean, eta hauteskunde egunaren bezperatan bezala, oposizioa elkarrizketara deitu zuen. Bide batez, eta zenbakiak lagun, erronka bota zion: «Utz ezazue biolentziaren bidea, itzul zaitezte politikarenera. Onar ezazue erronka, eta indarrak neur ditzagun eskualdeetako hauteskundeetan, ea nork ahal duen gehiago». Urtea amaitu baino lehen dira boz horiek egitekoak. Abenduan elkarrizketatu ziren, azkenekoz, gobernuko eta oposizioko kideak, urtarrilean negoziazioak eteteko.

Oposiziokoak mahai baten bueltan esertzera gonbidatu ditu presidenteak, baina ohartarazi ere egin zituen, herenegun: «Bukatu da legebiltzarraren sabotajea. Immunitate parlamentarioa kendu beharko zaie kendu behar zaienean».

Izan ere, Madurorentzat oposizioa da apiriletik gaurdaino egunero kalean gertatzen diren mobilizazioen, protesten eta liskarren erantzulea. Horretarako Egiaren eta Justiziaren Batzordea sortuko du. Azken hilabeteotako gertakari biolentoetan gertatutakoa ikertzea du helburu. Gobernuko iturriak aintzat hartuta, 121 dira hildakoak, ia 2.000 zaurituak, eta hamaika atxilotuak. Herenegun 10 lagun hil zituzten gutxienez, eta tartean dago Jose Felix Pineda Konstituziogilerako hautagaia, tiroz hil zutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.