'Euskara aurrera' aurkeztu dute, eta manifestaziora deitu maiatzaren 21erako

Parte hartzera deitu dituzte «etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak». Hainbat pertsona ezagunek babestu dute ekinbidea

Egitasmoa babestu duten lagunak, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Euskara aurrera euskararen aldeko ekinbidea aurkeztu zuten atzo Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek eta Euskal Herriko hainbat euskaltzale ezagunek, Donostian. Agerraldian iragarri zutenez, manifestazioa egingo dute maiatzaren 21ean, larunbata, 17:30ean, Donostiako Antiguako tuneletik abiatuta. Mobilizazioan parte hartzera eta euskararen aldeko pauso «erraldoia» ematera deitu zituzten «euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak».

Euskarak gaur egun duen egoerak «arduratuta» sortu dute egitasmoa. Aurkezpenean nabarmendu zituzten, besteak beste, azken urtean «euskararen aurka» hartu diren erabaki judizialak, euskarak pantailetan duen presentzia «murritza», euskararen erabilera datuek erakusten duten «geldialdia», eta euskaraz ikasteko eskubidea «behin eta berriz» urratzen dela. Egoera aldatzeko eta euskarak «aurrera» egiteko, nabarmendu zuten garrantzitsua dela gizarte zibilaren eta instituzioen arteko elkarlana, baita akordio berriak egitea ere: «Herri bultzada berri bat behar du».

Ekinbide horri esker, antolatzaileek Euskal Herri euskalduna eraikitzea dute helburu: euskara normalizatzea, euskaldun gisa bizitzeko «eskubidea eta nahia» betetzea, «guztion» hizkuntza eskubideak errespetatzea, eta euskara «herri kohesiorako zuntza» izatea.

Euskal Herria «berreuskalduntzeko» bidean, ordea, mehatxu berriak daudela adierazi zuten: «Euskararen eta euskaldunon aurkako erabaki politiko eta juridikoek ez dute etenik». Horrez gain, nabarmendu zuten globalizazioaren «ozeano zabalean» euskararen presentzia ere «lausotzen» ari dela. Egoera horiek kontuan hartuta, erronka berriak ere badituztela adierazi zuten, eta ohartarazi belaunaldi berriek «euskararen olatura igotzeko ordua» dutela. Izan ere, azaldu zuten, besteak beste, gazteek euskararen aldeko «fase berri bati» bidea emateko konpromisoa dutela erakusteko elkartu zirela.

Euskalgintzako zein kultur eta kirol arloko hainbat pertsona ezagunek babestu dute egitasmoa. Aurkezpen ekitaldian izan ziren, esaterako, Oinatz Bengoetxea pilotaria, Yogurinha Borova trabesti eta kultur ekintzailea, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Sua Enparantza aktorea, Joanmari Larrarte euskalgintzako kidea eta Oier Sanjurjo Osasuna futbol taldeko kapitaina.

Euskarak «guztion beharra» duela argudiatuta, eta ekinbidea «guztiona» izateko xedez, Euskara aurrera Telegram kontua jarri dute martxan. Bertatik zabalduko dute egitasmoaren inguruko informazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.