Sendoa Jurado. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko kidea

«Guretzat, bakea ez da heldu»

Urtero bezala, AEMk manifestazio batera deitu du abuztuaren 25erako, Bilboko Aste Nagusian. 'Gudariak direlako, Amnistia' lelopean, Zabalburu plazatik abiatuko dute euskal presoen aldeko mobilizazioa.

Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Amnistiaren aldarria «ahanzturatik berreskuratu» eta berriz ere «gizartearen erdigunean kokatzeko» jaio zen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua. Sortu eta berehala, Bilboko Aste Nagusian antolatu zuten lehenengo mobilizazio jendetsua, eta, geroztik, urtero hartu dituzte Bilboko kaleak jaietan, amnistiaren aldeko aldarrikapena lau haizeetara zabaltzeko. Aurten, abuztuaren 25ean egingo dute manifestazioa, 19:30ean abiatuko da, Zabalburu plazatik. Sendoa Jurado (Barakaldo, Bizkaia, 1981) mugimenduan murgilduta dago hasieratik, eta BERRIArekin mintzatu da antolakundearen egoeraren inguruan.

Zergatik erabaki zenuten manifestazio batera deitzea Bilboko Aste Nagusirako?

Aste Nagusiko manifestazioa izan zen gure lehenengo apustua.Amnistiaren aldarria baztertua geratzen ari zela ikusita, mugimendua sortzea erabaki genuen, eta jaietako esparrua aproposa iruditu zitzaigun aldarrikapen hori berriz ere kalean jartzeko.

Zelan atera zen?

Egia esan, oso ondo atera zen, uste genuena baino hobeto. Egia da, ordea, denboraren poderioz zaila dela mobilizazio mailari eta aldarrikapena berari eustea. Azken finean, gaur egun existitzen ez den borroka batean parte hartu zutenak aske uztearen alde gaudelako, eta batzuek —gazteenek batez ere— ez dute borroka hori ezagutu sikiera, ez dute hori bizi izan. Horregatik, uste dugu konfrontazio esparru berriak sortu behar direla.

Nolako balorazioa egiten duzu azken urte hauetako jardunaz?

Irregularra izan da. Antolatzea erabaki genuenean ez genuen espero hain denbora gutxian oihartzuna lortuko genuenik, gurea bitartekorik gabeko mugimendua baita. Alta, lortu genuen agenda politikoan sartzea eta gure mezua kaleratzea.

Zergatik diozu konfrontazio esparru berriak behar direla?

Esan bezala, gero eta zailagoa da amnistiaren aldarrikapena bere horretan mantentzea. Uste dugu borroka dela hari hori ez mozteko bidea. Borroka estatuarekikokonfrontazioan, desobedientzia erabiliz eta inposatzen dizkiguten neurriak eta legeak ez onartuz, ahal den heinean; horrek sortzen du mugitzeko beharra gazteengan. Errepresioa kaltegarria da, baina, aldi berean, elkartasuna ere sortzen du. Konfrontazioa da jendea mugiarazteko bidea, borroka esparru bat dagoela erakusteko aukera.

Konfrontazioa bidea izanik, zeintzuk dira, egun, mugimenduaren erronkak?

Gazteei piztea amnistiaren alde borrokatzeko grina. Jende berria behar dugu ulertzen duena zerbaitegatik borrokatu direla kartzelan, ihesean eta deportaturik daudenak. Jendeari hau ulertarazi behar diogu: guk defendatzen ditugun pertsonek erabilitako bitartekoekin ados egon ez arren, haiek altxatu ziren Altsasukoa bezalako auziak saihesteko, guardia zibilen gehiegikerien eta torturen aurka, grebalariak eta langileak jipoitzen zituzten polizien aurka edota estatuaren aurka, eta euskararen alde ere mobilizatu ziren. Jendeari ulertarazi behar diogu militante politikoak direla, haiek hartutako bidea konpartitu ez arren.

Zer iritzi duzue presoen azken hurbilketen inguruan?

Guretzat dispertsioa xantaia izan da betidanik; presoei esatea: «Guk esandako lekutik pasatzen ez bazarete, damutzen ez bazarete, zuen borrokari uko egiten ez badiozue, hauxe gerta daiteke: zuen senideen bizitzak arriskuan jarriko dituzue». Orain arte izandako hurbilpenak haiek markatutako ildotik joan dira, eta ez dakigu beste mota bateko hurbilpenik egongo den. Hala ere, argi esan nahi dugu positiboki baloratzen ditugula. Azken finean, preso eta senideen bizi baldintzak hobetuko dituen edozer ongi etorriko da. Gero, jakin nahiko genuke zertarako erabiltzen duen hori gobernu espainolak.

Espainiako Gobernuak hurbilpenak bere interesetarako erabil ditzakeela diozu?

Errepresio neurriek helburu batzuk dituzte, eta, behin horiek lortuta, berriz dator zapalkuntza. Jazarpena testuingurura moldatzen da. Gaur egun, presoen auzia da Euskal Herrian jende gehien mugitzen duena, eta beldurra ematen digu hurbilpena kudeatzeko eraren arabera desaktibaziorako elementu bilakatzea; hots, balitekeela Espainiako Estatuak hori erabili nahi izatea esateko bere esku zegoen guztia egin duela, presoak hurbildu dituztela, eta beraz ezer gehiago ez eskatzeko; ez independentziarik, ezta errepresaliatuentzako askatasunik ere. Baina, jakina, berriz ere azpimarratuko nuke guretzat berri ona dela.

ETAk amaitutzat eman du bere jarduna. Zer interpretazio egiten duzue giro politiko berriaz?

Beti esan dugu ez dagokigula guri baloratzea borroka armatuaren amaiera, gure mugimendua ez baita jaio borroka armatua praktikatzeko; hori ETAri dagokio soilik. Halere, ikusi dugu beste elementu batzuk sartu direla hor tartean, eta, esaterako, gu ez gatoz bat bakearen inguruan gehiengo batek egiten duen interpretazioarekin.

Zer interpretazio egiten duzue?

Guretzat, bakea ez da heldu. Ez bakarrik errepresaliatuak gelditzen direlako, baizik eta herri moduan zanpatuta jarraitzen dugulako: gure kultura desagertzeko zorian dago gaur ere, langileriaren bizi baldintzak are eta okerragoak dira... Hori ezda bakea, eta uste dugu hor badaudela elementu batzuk inperialismoak berak dena pazifikatzeko asmoarekin sartuak. Bakea eta baketzea ez dira gauza bera, eta are gutxiago nazioarte esaten dioten hori, nazioarte kapitalistatik datozen elementuak baitira.

Zergatik aldarrikatu behar da amnistia?

Badakigu ia ezinezkoa dela. Baina ez dugu imajinatzen Euskal Herri independente bat, horren alde borrokatu diren pertsonak preso egonda. Badakigu zaila dela, baina independentzia bera ere zaila da, eta hala ere borrokatzen gara horren alde. Bestetik, amnistiak beste gauza batzuk ere esan nahi ditu, eta beste garaipen batzuk ekartzen ditu epe laburrean.

Zeintzuk, zehazki?

Amnistia aldarrikatzen baduzu, salatzen ari zara estatua —edo kasu honetan estatuak— ez direla demokratikoak, eta biolentzia dela Euskal Herria preso edukitzeko erabiltzen duten modua. Halaber, amnistia aldarrikatzean esaten ari gara zilegi zela errepresaliatuta dauden pertsona horien militantzia; zilegi zela zapalkuntzaren aurka altxatzea. Guretzat, amnistiak zentzu hori dauka inplizituki.

Epe laburrean, horiek izango lirateke garaipenak. Hala lortuko genuke haria ez moztea etorkizunean etor daitezkeen borrokalariekin. Ez naiz borroka armatuaz ari, baizik eta herri batek zapalkuntzaren aurka altxatzeko daukan eskubideaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.