Miguel Angel Gastelurrutia. Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko presidentea

«Botikak falta dira, baina ez dago alarmarako arrazoirik»

Hainbat sendagairen eskasia dago Europan, eta farmazietan ere sumatzen dute gabezia. Hala ere, Gastelurrutiak argitu du badirela «alternatibak».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Europan hainbat sendagairen eskasia dago: batez ere amoxizilina eta halako antibiotikoak falta dira, baina baita arnas aparatuko zenbait gaitz, gaixotasun kardiobaskularrak eta digestio patologiak artatzeko botikak ere. Europako Batzordeak duela aste pare bat eman zuen abisua, eta kezkarako motibo bihurtu da zenbait herrialdetan.Euskal Herriko farmazietan ere sumatzen dute botika batzuk falta direla. Arrazoi bat baino gehiago dago arazoaren atzean, baina nagusiak bi dira: botiken kontsumoaren hazkundea mundu osoan, eta produkzio gastuen garestitzea. Botika eskasia arazo bat dela onartuta ere, «lasaitasun mezua» bidali du Miguel Angel Gastelurrutia (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1956) Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko presidenteak: «Arazoa ez da berria, eta farmazialariok beti bilatu izan ditugu konponbideak».

Europan botikak falta direla ohartarazten ari dira osasun agintariak. Ba al dago kezkatzeko motiborik?

Arazo bat dago, baina ez da berria. Farmazietan aspalditik dugu arazo hori, baina konponbidea lortzen saiatzen gara, herritar denek eskura dezaten beren sendagaia. Hala ere, ezin uka azkenaldian arazoa gehiago korapilatzen hasi direla, hornidura arazoak handitu direlako. Komunikabideetan oihartzun handia izan du gaiak eta harrabotsa piztu da. Baina guk urteak daramatzagu arazo hori nozitzen, eta, oro har, sendagai batzuen eskasia konpondu egiten dugu. Esango nuke kasuen %90 baino gehiagotan irtenbideak bilatzen ditugula. Beraz, bai, botikak falta dira, baina alarma sozialerako arrazoirik ez dago.

Europako Batasuneko osasun komisario Stella Kyariakidesek arazoaz ohartarazi du. Esan du besteak beste umeen antibiotiko eta analgesiko batzuen eskasia dagoela.

Amoxizilina falta da, bai. Umeentzako botika oso ezaguna denez, alarma sortu du gizartean. Baina badira konponbideak: amoxizilina bezalako beste antibiotiko batzuk badira umeentzat, eta horiek erabil daitezke. Arazoari aurre egiteko irtenbide batzuk proposatu zituen Espainiako Sendagaien Agentziak: adibidez, helduentzako konprimatuak zati txikiagoetan zatitzea. Nire ustez, ez da irtenbiderik egokiena, bainabalio dezake. Hala ere, umeentzako amoxizilina eskasiaren arazoa soluziobidean dela ematen du.

Nolanahi ere, zer dago botika eskasiaren atzean? Zer gertatzen ari da?


Arrazoi bat baino gehiago dago. Alde batetik, botiken kontsumoak gora egin du mundu osoan. Amoxizilinaren kasuan, horrela gertatu da. Afrikan edo Asian, esaterako, botika horren kontsumoa oso apala zen lehen, baina orain nahiko handia da. Bestalde, sendagaien prezioak daude. Espainian, sendagaiak oso merkeak dira, eta multinazional handiek nahiago izaten dute errentagarritasun handiagoa ematen dieten herrialde batzuei saldu. Horrekin batera, aipatzekoa da lehengaien eta energiaren prezio handiek produkzio kostuak garestitu egin dituztela. Paperaren eta plastikoaren prezioak igo egin direnetik, botika askoren erabilera orriak egin gabe geratu dira, eta, ondorioz, hainbat sendagai merkaturatu ezinik. Mundu mailako arazo baten aurrean gaude, eta ematen du okerrera joango dela. Baina lasaitasun mezu bat bidaliko nioke gizarteari, badirelako konponbideak eta alternatibak.

Zeintzuk dira alternatiba horiek?

Bi sendagai multzo daude: ordezkagarriak direnak eta ordezkagarriak ez direnak. Ordezkagarriak diren sendagaiek osagai generikoak dituzte eta izen desberdina duten molekula berberekin eginda daude; beraz, beste botika batekin ordezkatu daitezke. Kasu horretan, farmazialarioi dagokigu pazienteari ongi azaltzea hartzen duen pilula hori, itxuraz, ez dela berdina izango, baina barruan doan sendagaia eta egiten duen efektua berbera dela. Pazienteak orain etxera eramango duen sendagaia eta lehen eramaten zuenak efektu bera izango du, aldatzen den bakarra ontzia, izena eta itxura dira.

Eta ordezkagarriak ez diren sendagaien kasuan, zein konponbide duzue?

Medikuarengana itzultzeko eta antzeko zerbait errezetatzeko eskatzeko esaten diogu pazienteari. Adibidez, asma kronikoa artatzeko aerosol bat hartzen duen paziente asmatiko bati farmazialari batek ezin dio bere kabuz botika aldatu; legez kontrakoa da. Beraz, pertsona horri esan behar diogu medikuarengana bueltatzeko eta farmazian dagoen aerosol marka horren errezeta bat egin diezaiola eskatzeko. Arazo hori lasai asko konpondu genezake sendagaiak ordezkatzeko baimen berezi bat izango bagenu, adibidez,hornidura gabezia dagoenean. Irtenbide horrek gaur egun dugun arazoa arintzen lagunduko luke. Modu horretan, gainera, pazientea ez genuke atzera medikuarengana bidaliko eta lehen mailako arreta are gehiago zamatuko. Osasun profesionalak garen heinean, farmazialarien egitekoa indartuko balute, egoera zailak arintzen lagunduko genuke.

Botika eskasia dagoenetan, farmaziek formula magistralak egiteko modua izaten duzue?

Bai. Zenbait molekularekin, botiken formulazio magistrala egiteko aukera badugu. Farmazia guztietan dugu aukera formulak egiteko baimena duten farmaziek ekoitzitako botikak saltzeko. Ipar Euskal Herriko farmazietan ohikoa da bide hori erabiltzea; aldiz, Hego Euskal Herrikoetan ez dago zabalduta.

Zergatik?

Farmazia ez delako jotzen laguntza eskain dezakeen eragiletzat. Sendagaia eskuratzeko aintzat hartzen gaituzte, baina ez ohiz kanpoko egoeretan laguntzeko. Farmazialariok zenbait erantzukizun gure gain hartzeko prest gaude, osasun profesional garen aldetik, baina uste dut gurekiko mesfidantza handia dagoela oraindik.

Botika eskasiari aurre egiteko alternatibak badirela diozu, baina, herritarren artean kezka sumatzen duzue?

Oro har, arazoari irtenbideak bilatzen ari gara, eta esango nuke herritar bat bera ere ez dela geratzen ari sendagairik gabe. Ordezkatu ezin den eta gabezia handia dagoen sendagai baten eskaera baldin badago, botika hori stock-ean zein farmaziatan egon daitekeen galdetzeko sistema bat dugu Gipuzkoan. Bertan, eragile askok parte hartzen dugu: besteak beste, ospitaleetako eta lehen arretako farmazialariak, farmazia ikuskaritzak, banaketa zerbitzuak eta farmazialarien elkarteko kideak.Sistema horren bidez, gehienetan botikak aurkitzen ditugu. Ia ezinezkoa dena egiten dugu. Beraz, lasaitasun mezu bat bidaliko nieke herritarrei: botika eskasiaren arazo bat dago, baina berriro diot: konponbideen bila ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.