Beñat Garaio. Hizkuntzen biziberritze arloko ikertzailea

«Lehentasunezkoa da euskarazko mundu bat ematea»

Haur eta gazteen aisialdian euskara txertatze aldera martxan dauden esperientziak xehatu ditu Garaiok Udaltopen hasieran, eta bidean dauden indargune, zailtasun eta aurreiritzi ugariak.

GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Lasarte-Oria
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketa martxan da Lasarte-Orian (Gipuzkoa), Bat, bi, hiru... Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz goiburua ardatz hartuta. Eskola haur eta gazteak euskalduntzeko ezinbesteko eremua bihurtu da iragan hamarraldietan; muga eta ñabardura handiekin bada ere, ekarpen handia egin du, egiten segitzen du, eta aisialdian, adingabeen mundura begira bereziki, urratsak sendotzeko beharra sentitzen da orain, eskolan irabazi den guztiak ikasgeletatik kanpo ere sendotzen jarrai dezan: trinkotzen. Iaz Udaltopen ja gaiaren gaineko gogoetak bildu zituzten, eta bide beretik jo nahi izan dute. Beñat Garaiok (1990,Gasteiz) hizkuntzen biziberritzearekin lotutako ikerketak egiten ditu, eta euskara gazteen artean hedatzeko hainbat egitasmo sustatzen ere esperientzia oparoa du: Euskarabentura martxan jartzen, Higa hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketak antolatzen... Berak eman zuen lehen hitzaldia.

Iragan hamarraldietako lorpena izan da umeak eskolan euskarazko ereduetan matrikulatzeko joera gizartean gailentzea. Eskolaz kanpoko jardueretan, ordea, ez da hain argia hautu hori?

Hitzaldian datu bat eman dut, Aztikerrek Gasteizko Udalarentzat egindako diagnostikoarena, niri oso argigarria iruditzen baitzait: haur eta gazteen %90ek ulertzen badute euskara, gero zergatik da aisialdiko eskaintzaren %35 bakarrik euskaraz? Aldea izugarria da. Gure helburua bada haur eta gazteek euskararekin harreman indartsua izatea eta beren hizkuntza gaitasuna bermatzea, logikoki aisialdiak euskaraz izan behar du; gainerakoan jarraitzen dugu indartzen euskara hizkuntza akademikoa den ideia, batik bat Gasteiz bezalako eremu soziolinguistikoetan. Euskarazkoa bada hezkuntza, aisialdiak ere euskarazkoa izan behar du.

Baina familia askok oraindik hori ez dute barneratua, ezta?

Hizkuntza jarrerei buruzko datuek esaten dute euskararen aldeko jarrerak onak direla, baina gauza bat da maila orokorrean izan dezakezun jarrera, eta beste bat, egunerokoan sortzen diren erabakiekin zer egiten duzun. Eta hainbat ikerketatan ikusi dugu guraso batzuek indiferentziaz ikusten dutela aisialdia euskaraz izatearena, eta horri garrantzi handiagoa ematea lortu beharko genuke etxe horietan.

Arrakalak aipatu dituzu hitzaldian, eta oraintxe bertan eman dituzun erantzunetan agerian utzi duzu arrakala zenbait. Zer dago arrakala horien atzean?

Pentsatzen dut hor gauza asko batera daitezkeela. Lehenik eta behin, errazena hezkuntza ereduan geratzea izan da: «D ereduan ikastearekin nahikoa da». Edo: «Eskolan euskaraz mimoz lantzearekin nahikoa da». Edota: «Auzo bakoitzean euskarazko eskaintza bat proposatzearekin aski da». Eta geratzen gara helmugatik urrun samar. Arrakala horiek erakusten dute falta zaigula oraindik ere apustu irmo bat, eta apustu horren helburua izan behar luke haur eta gazte guztiengana iristea; bai genero aldetik, bai ikuspegi ekonomikotik, maila sozioekonomiko baxueneko gazteek ere aukera izan behar luketelako nahi duten ekintzetan parte hartzeko... Arrakalak zein diren identifikatzea falta zaigu, indarrak batu eta hedapenerako bidea egitea era horretan.

Aisialdian ari diren elkarteak txikiak izaten dira sarri, justu antzean aritzen dira, boluntarioekin-eta. Euskarazko eskaintza bermatzeko arazo da hori, ezta?

Bai, eta hori ikus daiteke jarduera gehiagotan ere, ez bakarrik aisialdian. Langileek eta eragileek baldintza onak behar dituzte beren lana egiteko: denbora behar dute, finantzaketa bermatuta izatea; beren oinarrizko baldintza horiek bermatuta daudenean, orduan hasiko gara beste modu batean euskara biziberritzen. Eragile askok nahikoa dute asteko entrenamenduak prestatzen, gerta daitezkeen arazoei erantzuten...

Hiztun berri askoren gaitasuna nolakoa den ere aintzat hartu behar da. Ezinean, erdarara jotzea errazagoa da...

Bai, eta hor mugarria da Iñaki Iurrebasoren tesia...

Hark eskailerak erabiltzen ditu metafora gisara; aski bizkorrak dira erdaretara jendea daramatzaten horiek...

EAE Euskal Autonomia Erkidegoak, baldintza hobeak dituenez, izugarrizko lana egin du hezkuntzaren bidezko biziberritzean, eta haur eta gazteen euskalduntzeari begira izugarria izan da lortu dena. Ados, baina kalean daudenean, lagunekin daudenean, orain ari da ikusten zein den hiztun horien profila, eta errealitatea da gehienek eskolan ikasi dutela euskara, ez dela beren lehen hizkuntza, eta batzuetan ezta bigarrena ere. Orduan jotzen duzu errazena zaizunera, eta inguruak bideratzen zaituen horretara. Horregatik, lehentasunezkoa da hiztun horiei euskarazko mundu bat eta baliabide sorta bat ematea, benetan egin dezaten euskaraz bizitzeko aukera.

Kirolaz hitz egiten da, eskolaz kanpoko jarduera askotarikoez... Baina gazteen aisialdia guztiz lotuta dago pantailekin ere, ikus-entzunezkoekin, arlo horri erreparatu gabe ezin da era fundamentuzkoan aurreratu, ezta?

Hori da urteotan atera den gai arantzatsua. Ez da erraza erantzutea. Konfinamenduak gauza asko biderkatu zituen, erritmoak izugarri azkartu zituen: mugarria izan zen haurren eta nerabeen ikus-entzunezkoen kontsumoan. Irtenbidea ez da erraza, baina zerbait egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.