Lan ituna indarrean dutenen kopurua asko hazi da asteotan

Beharginen %38k dute ituna indarraldi arruntean, eta orain urtebete %33,2k zuten. 30.850ek berritu dute lan hitzarmena maiatz-ekainetan

Nafarroako ardogintzan hitzarmena egin dute. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Negoziazio kolektiboaren izotza zerbait urtzen ari da. Ez da asko hazi lan hitzarmena indarraldi arruntean duten beharginen kopurua azken urtean, baina hazi da. %38 dira ituna indarraldi arruntean duten langileak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; duela urtebete, %33,2 ziren, ia bost puntu gutxiago. Akordioen emaria, ordea, 2018an handitu da batik bat, eta azken asteetan zehazki, maiatzean eta ekainean,30.850 langilek lortu dute hitzarmena berritzea. Azken hiru urteetan, ez da lortu portzetanje handiagorik indarraldi arrunteko langileei dagokienez, LHK Lan Harremanen Kontseiluak jakinarazi duenez.

Beraz, negoziazio mahaiak fruitu batzuk ematen ari dira. Bost hitzarmen kolektibo eta enpresako beste 45 egin dira urteko bosgarren eta seigarren hilabeteetan; Espainia mailako beste hemeretzi ere sinatu dituzte. Euskal herrialdeetako itun kolektiboek 14.000 beharginen baldintzak arautu dituzte. Azpimarratzekoa da Bizkaiko ostalaritzarena; erorita zegoen, eta akordio berriak 8.700 langileri eragiten die. Altzariena eta gasolindegiena ere egin dira Bizkaian. Araban esku hartze sozialarena egin dute; eta Gipuzkoan, ehungintzarena, nahiz eta inpugnatu egin duten. Enpresetako 45 itunek, berriz, 6.200 langileren baldintzak arautu dituzte, eta Espainiako hemeretzi akordioek 11.000 euskal langileri eragin diete, Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan.

Horiek horrela, maiatzak eta ekainak argi islatu dute itunen estatalizazioaren arazoa. 30.850 langilek berritu dituzte beren itunak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina horietatik heren bat, 11.000 alegia, Espainiako itun baten pean geratu da.

Nafarroako ardogintza

Nafarroan ere sektore asko arautzen ari dira, hainbat eta hainbat Espainian egindako akordioen bidez. Ardogintzan aritzen diren 1.200 beharginek, esaterako, atzo egindako sektoreko itun berria dute. 2018tik 2020ra %2 igoko da haien soldata, urtero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.