Anabel Santos Castro. Hezkidetzan aditua

«Autonomia eta askatasuna ekartzen ditu ahalduntzeak»

Nafarroako Berdintasun Institutuak antolatutako 'Emakumeok' programan parte hartu du Santosek, aditu gisa. Irakasleak uste du ahalduntzeak «askatasuna» eta «autonomia» ematen dizkiela andreei.

Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hezkuntza zientzietan lizentziaduna da Anabel Santos (Neda, Galizia, 1964), eta hezkidetzan aditua; bertzeak bertze, genero gaiei buruzko tailerrak ematen ditu Malagako Unibertsitateko (Espainia) Hezkuntza fakultatean. Nafarroako Berdintasun Institutuak antolatutako Emakumeok programan parte hartu du asteon.

Zer da Emakumeok programa?

Nafarroako Berdintasun Institutuak bultzaturiko plan baten barruan eginen dugun ikastaro bat da. Ahalduntze feministarako gune bat. Prozesu deszentralizatua izanen da, tokian tokiko emakumeen beharrak betez eginen baita. Tuteran, Otsagabian eta Iruñean egonen gara.

Ahalduntzea aipatu duzu. Zergatik da hain garrantzitsua?

Sistema patriarkal hagitz matxista batean bizi garelako. Genero femeninoaren eraikuntza sozialak konpetentzia batzuk dakartza berarekin, eta kalte egiten digute gure bizitzaren protagonista izateko orduan. Hartara, ahalduntzea da estrategia feminista bat, patriarkatuak berekin dakarren hori deseraikitzeko: estereotipoak, banaketa sozio-sexuala, zaintza lanak emakumeei bakarrik ematea... Garrantzitsua da deseraiki nahi dugun hori identifikatzea eta, gugandik hasita, bizi proiektu bat sortzea.

Nolakoa da ahalduntze prozesu hori?

Oztopoak detektatzeko eta autoezagutza lortzeko baliabideak daude. Feminismoak, esaterako, tresnak ematen dizkigu geure buruaren jabe izateko, eta, horren barruan, baita lidergo modu berriak sendotzeko ere. Egungo sisteman, lidergoa patriarkala da, patriarkatuak gizonei ezarri dielako rol publiko eta politikoa. Ikastaroan, hori guztia deseraikitzeko eta sistema berri bat sortzeko tresnak emanen dizkiegu emakumeei, maila pertsonalean nahiz kolektiboan.

Zer egin daiteke ahalduntzea ez geratzeko soilik eremu pertsonalean, eta politikoa eta kolektiboa ere izateko?

Feminismoa politikoa da, paradigma feminista teoria politikoa delako. Gainera, ahalduntze feministak gakoak ditu kolektiboa izateko. Pertsonala politikoa da, eta politikoa, pertsonala.

Ahalduntzea gakoa da beldurrik gabeko bizitza baterako?

Noski: beldurrik gabe bizitzeko, erruduntasuna deseraikitzeko, zoriontsuago izateko. Patriarkatuak zuzenean sartzen gaitu sufrimenduan. Ahalduntzeak askatasuna eta autonomia dakartza. Geure buruaren jabe izatea ematen digu, eta, geure buruaren jabe garenean, zoriontsuago gara.

Iaz, Martxoaren 8an, greba feminista antolatu zen. Zer balorazio egiten duzu?

Hagitz positiboa. Ez zen hiru hilabetean antolatu, prozesu luze baten ondorioz sortu zen. Hainbat esparrutako emakumeen artean sinergiak sortu eta kalera ateratzeko indarra izan genuen.

Martxoaren 8ko grebaren eta sanferminetako bortxaketaren epaiaren ondotik, indarra erakutsi zuten emakumeen mobilizazioek. Erreakzio patriarkal bat sortzen ari da horren aurka?

Mugimendu feministak aurrera egiten duenean, beti, sistema patriarkalaren berrantolaketa bat gertatzen da. Beraz, ezinbestekoa da norbanako eta taldekako ahalduntzea lortzea eta agenda feminista bat izatea. Kapitalismoak aliantza zuen sistema patriarkalarekin, eta, gainera, jauzi izugarria eman dugu kapitalismotik neoliberalismora. Orain, populismoarekin batera hazi den neoliberalismoa hagitz gogorra da. Egoera hagitz arriskutsuan gaude.

Uste duzu aurtengo greban erresistentziak azaleratuko direla zenbait esparrutan?

Aurten zailagoa izanen da. Erran bezala, patriarkatua, gizarte matxista, eskuin muturra eta neoliberalismoa hagitz antolatuak daude feminismoaren aurrerapauso guztiak gelditzeko. Hala ere, sinisten dut lortuko dugula. Komunikabideek eragiteko indar handia dute. Urte guztia daramagu antolatzen eta indarrak biltzen. Ikuspegia batzen gaituen horretan jarri behar da, eta indarrez atera behar dugu karrikara.

Iaztik hona egoera aldatu da?

Urtearen lehen zatian, feminismoak ikusgaitasun handia izan du. Orain, greba aitzinetik komunikabideetan berriro antolatzeko beharra dago. Interneten, feminismoak ikusgaitasun handia du, baina egia da batzuk gu isilarazten saiatzen direla. Interneten eraso egiten digute, eta aurrez aurre ere bai. Formakuntza ematen dugunok gure hitzak neurtzea nahi dute, baina ez gara geldituko. Gauzak argi erraten jarraituko dugu politika feminista leku guztietan aplika dadin.

Nafarroan, Skolae hezkidetza programaren kontrako kanpaina ere abiatu dute eskuineko alderdiek. Nola bizi duzu hori ?

Emakumeen eskubideetan pauso bat aitzinera ematen den aldi oro, muturreko katolikoen eta eskuin muturraren erreakzio bat izaten da kontra. Kasu honetan, hezkidetzaren kontra. Baina hezkidetza eta Skolae beharrezkoak dira eraldaketa sozialerako, justiziarako eta giza eskubideak betetzeko. Skolae oso garrantzitsua da; alde batetik, mutikoek gizarte matxistatik jasotzen duten gizontasun eredua deseraiki dezaten, eta, bertze aldetik, neskei ezaugarri zehatz batzuk ezartzen dizkien sozializazio prozesua deseraiki dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.