Epaitegietan laguntzaileak izango dituzte bortxa jasandako andreek

Jaurlaritzak probarako egitasmo bat abiatuko du Bilboko auzitegietan. 42 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, tratu txarrak egotzita

Azken egunotako erasoak gaitzetsi zituzten atzo Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Genero indarkeria edo bortizkeria sexuala salatzen duten emakumeei auzitegietan egiten duten bidea errazteko, laguntzaile talde bat jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak Bilboko epaitegietan. «Biktimek auzitegietan jasaten duten estresa ahalik eta gehien murriztea da helburua», azaldu zuen atzo Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak. Probarako proiektu bat da: datorren urtean egingo dute ebaluazioa, eta horren arabera erabakiko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste epaitegietan ezarri ala ez.

Zerbitzua hilabete amaieran abiatzea espero dute; bost pertsonako lantalde bat edukiko du, psikologoek eta gizarte hezitzaile eta langileek osatuta. Besteak beste, biktimei prozeduren inguruko informazioa emateaz, epaitegietan sartzen laguntzeaz —erasotzailearekin topo egin ez dezaten— eta itxaronaldietan haiekin egoteaz arduratuko dira. Andreen seme-alabei ere zabaldu ahalko diete laguntza. Zerbitzua borondatezkoa izango da; hau da, biktimek behar edo nahi dutenean izango dute laguntza.

Bestalde, atzo 42 urteko gizon bat atxilotu zuten Gasteizen, bikotekidea jotzea leporatuta. Azken egunotan izandako eraso matxistak salatzeko, gaitzespen elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.