Koronabirusa

Nafarroako ikastetxeek eskolaz kanpoko jarduerak eskaini beharko dituzte

Eskolak goizez soilik emango dituzte Nafarroan. Ikasgelara itzuli dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko eskola batzuetako ikasleak

Hegoaldeko ikasle gehienak bihar itzuliko dira ikasgeletara. Irudian, Lezoko herri eskolako gela bat. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ordutegia izan da Nafarroako ikasturte berrirako neurrien artean zalantza gehien eragin duena. Azkenean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok atzo argitu zuen zein ordutegi izango duten Nafarroako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan: ordutegi jarraitua izango dute, baina ikastetxeek astean lau egunetan eskolaz kanpoko jarduerak eskaini beharko dituzte goizeko eskolen ondoren. Jarduera horien hainbat xehetasun eman zituen Gimenok: irakasleek emango dituzte; 90 minutu iraungo dute—45 minutuko bi saio—; gehienez 17:00etan amaituko dituzte; eta, eskolek derrigorrez eskaini beharko badituzte ere, familiek aukeratuko dute parte hartu ala ez.

Maiatzean aurkeztu zuten 2021-2022ko ikasturteko protokoloa Nafarroan. Erabaki zuten eskolak goizez soilik emango zituztela ikasturte hasieran, nahiz eta aukera zabaldu zuten urrian edo Gabonen ostean ordutegia aldatzeko. Azkenean, hala egingo dute: urriaren 4tik aurrera, goizeko saioen ostean eskolaz kanpoko jarduerak izango dituzte aukeran Nafarroako ikasleek.

Erabaki «zuhurra» da, Gimenoren irudiko. Nabarmendu duenez, «osasun agintarien» baimenarekin erabaki dute eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzea, eta esan du erabaki hori hartzeko «gakoak» egoera epidemiologikoa eta txertaketa izan direla.

Eskolaz kanpoko jarduerak izatearen ondorioz, Gimenok uste du jangela zerbitzua ikasle gehiagok erabiliko dutela. Gogorarazi du 2020-2021eko ikasturteko neurriak mantenduko dituztela, eta leku falta dagoenean aukera egongo dela ohiko jangela ez ezik beste espazio batzuk edo ikasgelak ere erabiltzeko.

Bihar, berriz bueltan

Ikasturtea hastear dela eman dute ordutegiaren inguruko erabakia. Hain zuzen, bihar itzuliko dira ikasgeletara Hego Euskal Herriko ikasle gehienak. Halere, ikasle batzuk lehenago itzuli dira, atzo hasi baitzuten ikasturtea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxe batzuetan. 2020-2021eko ikasturtean COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurri bertsuak mantenduko dituzte.

Gimenok ikasturte berriari buruzko datu zenbait ere eman ditu. Ia 108.000 ikaslek ikasiko dute Nafarroan; horietako %65,1 sare publikoan matrikulatu dituzte. Hizkuntzari dagokionez, gaztelaniazko ereduak izango dira nagusi: ikasleen %75 inguruk ia ez dute harremanik izango euskararekin, A ereduan —ikasgai guztiak gazteleraz dituzte, euskara ikasgaia izan ezik— edo G gaztelera hutsezkoan ikasiko baitute. Ia 36.000 ikasle ariko dira PAI ingelesezko ereduan; hau da, gutxi gorabehera ikasleen herenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.