Panpi Sainte-Marie. ELB sindikatuko idazkari nagusia

«Laborariarentzat hobe da auzoak izatea, lurrak izatea baino»

ELB sindikatuaren sortzeak laborantza arloan sortu duen egituratzea eta laborari txikiei eman dien duintasuna goraipatu ditu Sainte-Mariek. Beharrezkotzat jo du etorkizunari begirako planifikazioa.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
1990eko hamarkada erdian sartu zen ELB sindikatuan Panpi Sainte-Marie (Landibarre, Nafarroa Beherea, 1963), eta idazkari nagusia da gaur egun. Herriak bizi behar du leloa obratzeko «hautu militante koherente» gisa ikusten du. Laborantzaren etorkizunaz kezka nabari zaio, baina herrigintzan du bere sinestea.

Ikusi gehiago:Borroka molde bat, 40 urtez

Laborantza ereduari buruzko talkak bultzatu zuen ELB. 40 urtean zer lortu du sindikatuak?

FDSEA sindikatua pentsaera bakarreko mugimendua zen: izan lehiakor, ekoiztu ahal bezainbat, ekoiztu agroalimentario handientzat, izan mutil... Batzuek pentsatu zuten norgehiagoka horretan galtzaile izanen zirela. Horrela sortu zen Ossau-Iraty sor-marka. Iduriz ahuleziak zirenak aitzinean ezarri eta indar bilakatu zuten, kalitatea lehenetsiz kantitatearen ordez. Mendialdeko etxaldeentzat aterabide gisa ikusten genuen ekoitzitako esnearekin etxean gasna egin eta sormarkaren bidez saltzea. Orduan sortu ziren etxe ekoizleen elkartea, Idoki marka... 40 urteren buruan, 350 etxalde dira etxe ekoizleen elkartean, eta instalatzen diren laborarien erdiek proiektuan dute mozkina eraldatzen eta zuzenki saltzen. Ossau-Iraty ondotik Irulegiko arnoaren sor-marka etorri zen, ondoren Kintoa euskal txerriarekin, artean Ezpeletako biperra...

Posible da eredu hori.

Guk etxalde txikia dugu: hamar hektarea etxe inguruan. Kintoa txerria ekoizten dugu sor-markan, oilaskoak biologikoan, eta ardi buru beltzak zuzenki saltzen. Semea eta biok bizi gara horretatik, bakarrik mozkin berezi horiek eginez, kalitatezkoak eta biologikoan. Duela 40 urte ez zuten urruneko ikuspegi hori. Ekonomikoki aterabide bat ekarri du, eta kulturalki duintasuna eman dio laborari txikiari.

Euskal Herriko Laborantza Ganbera izan da ELBren bataila nagusietako bat.

EHLGk ekarri du teorikoki aipatzen genuen hori obratu ahal izatea. Hurbileko zerbitzu bat eskaintzen du, laborarientzat laguntza arlo anitzetan.

Euskal Elkargoan sortu nahi duzue egitura publiko bat orain.

EHLGren rola laborariei laguntza ematea da, pedagogia lana egitea, eta prospekzio lan bat ikusteko bihar zer laborantza mota izanen den; baina egitura profesional bat da. Euskal Elkargoan sortzea nahi dugun egiturak laborantza arloko eragile guziak bilduko lituzke, gizarte zibila eta hautetsiekin batera, denen artean adostu dezagun 2050eko zer laborantza nahi dugun. Bestela beti paraleloki ari gara [ELBkoak EHLGn, eta FDSEAkoak Paueko ganberan]. Gu gaur Pauera joaten bagara, haiek hogei ordezkari izanen dituzte, eta guk, biga. Hemen, maila berean izanen ginateke mahai inguruan. Hori haientzat ez da posizio erosoa.

Laborantza lurren desagertzea salatu duzue maiz.

Zinez kezkagarria da. Arbonako okupazioak erakutsi zuen indar metaketa bat sortzen ahal dela, pedagogikoa dela, eta behartzen dituela hautetsiak, SAFER, EPFL eta halako egiturak bustitzera eta beren iritzia ematera. Kontzientzia hartze bat izan da geroztik. Bidea ireki du beste anitz lekuetan: Irisarri, Lakarri, Azkarate, Ahatsa...

Urte baten buruan Arbonan zineten berriz aste honetan.

Borroka latza da, biziki zaila. Parean ditugu paristar batzuk posible dutenak bizpahiru milioi euro sakatzea etxe zahar bat eta bizpahiru hektarea erosteko, bi zaldi ezartzeko... Beste planeta batean bizi den jendea iduri du. Zer-nolako diru metaketak badiren, alde batetik, eta gu, bestetik, hemen, gutxieneko lansariarekin heldu. Agresiboa da. Pentsatzea kanpoko aberats horiek gure lurrean jostatzeko heldu direla, gure ondasunez jabetzera, kolonizatzaile batzuk bezala... Min handia ematen dit. Ikusiko kapable garenez borrokatzeko horren kontra, eta aski eraginkor izanen garenez. Eginahalak eginen ditugu, baina ez da gure gain bakarrik.

Laborarien segida falta ere arazoa da.

Dramatikoa da. Etxe anitzetan ez da segidarik, eta bada herri batzuen egoera ere. Joan den aldian, laborari batek aipatzen zidan bere semea prest dela segida hartzeko, baina herriko lagunetan bakar batek ere ez duela laborantzan segituko, eta bakarrik sentitzen dela. Orduan ikusten da zer inportantea den ingurunea: hobe da auzoak izatea lurrak izatea baino. Norbait ukaitea laguntzeko behar orduan, inguratua sentitzea... Laborari batek ehun hektarearekin herri batean bakarrik ez du sekula iraunen; haatik, baldin badira lauzpabost bakoitza hamar-hogei hektarearekin, segidan sortzen da talde kultura hori.

Laborantzatik heldu ez direnak ere instalatzen dira.

Hori da aterabidea. Baina hor ere bada beste arazo bat: batzuk heldu dira hiritik, laborantzaren errealitateaz sobera ideiarik ukan gabe; maileguak hartzen dituzte, eta bizpahiru urtera ez dira heltzen, edo ohartzen dira ez dutela gustuko. Ez da beti hala, beharrik. Horretarako sortu dugu Trebatu egitura, trebatzeko parada izan dezaten. Bizpahiru urtez etxalde bat prestatzen zaie, segituak dira teknikoki, kontabilitatean eta abar. Eta ikusten dute bide hori hartu nahi duten ala ez. Jakinarazi behar dugu koadro hori eta aberastasun hori badugula. Badut esperantza horri esker lortuko dugula jende berria instalatzea.

Elikadura burujabetza bada helburua, urrun da oraindik, ezta?

Bai, bistan dena. EHLGk egina du prospekzio lana 2050erako: kasik 400.000 biztanle izanen direla kalkulatzen da, eta horiei turistak gehitu behar zaizkie. Horrek gogoeta bat eskatzen du arlo guzietan: ura, azpiegiturak... eta zer janen dute? Haragi kontsumoa apalduko dela ikusten da, barazkiak eskas ditugu, ardi esnea aise sobera bada... Planifikazio hori egin behar dugu. Horregatik da hain garrantzitsua elkargoan sortu nahi dugun egitura.

Badea gogoeta partekaturik Euskal Herri mailan? Zer harreman du ELBk Hego Euskal Herriko laborantzako egiturekin?

Etxalde mugimendua badugu; EHNE Bizkaia, ELB eta beste lurraldeetako norbanako batzuk biltzen ditu. Ikuspegi global bat ukaiten saiatzen gara. Nafarroako EHNErekin ere harreman handia dugu, hurbiltasun naturala badelako.

Luzera begira Euskal Herri osorako proiekturik ikusten duzu?

Biharkoa ene ondotik jinen direnek erranen dute. Etxaldea bezala, jakin behar da uzten; ondokoek beren gisara eginen dute. Agian bai! Badugu hurbiltasun hori, euskaldunak gara, oso naturala izan beharko litzateke. EHLGren ikerketan, adibidez, lekaleetan biziki pobre ginela agertzen da. Hori da Ipar Euskal Herriari so garelako. Baina hartzen bada Euskal Herri osoaren ikuspegia, kristoren herrialdea dugu. Pentsatzen bagenu herri bezala eta artikulatzen baldin badakigu bihar, aterabideak hemen berean baditugu. Horrek dakar administrazioen gainetik egitea. Behar konkretuetatik abiatu behar dugu, ezin da dekretatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.