Lucile Bellan (Dijon, Frantzia, 1985) kazetari, idazle eta podcast egile frantsesa da. Pentsalari feminista, intimoaren kazetari gisa definitzen du bere burua. Baionako Loverdose festibal feministan hartu zuen hitza joan den asteburuan. «37 urte ditut, emazte zuri zisgeneroa naiz, hiru seme-alaba ditut, bisexuala eta polimaitalea naiz, eta ez dut elbarritasunik», aurkeztu zuen bere burua.
Zure lana azaltzen ahal diguzu?
Intimoaren kazetari naizela diot sarritan. Baditu hamar urte gai hori lantzen dudala. Ahots grabaketa zein idatzizko lekukotasun bidez lantzen dut, ziur bainago lekukotasunen bidez enpatia sor daitekeela irakurle ala entzulearengan. Hala ere, oraindik ez da biziki onartua den egin moldea kazetaritza klasikoaren ikuspegitik. Femeninoak diren gaiak jorratzen ditudalako alde batetik, eta oraindik femeninoagoa den moduan jorratzen baititut gainera: hitzaren eta lekukotasunaren bidez. Baina atxikia naiz nire lan moldeari.
Zergatik da garrantzitsua enpatia borroka feministan?
Ezin dugu geure burua borroka batean engaiatu enpatiarik ez dugunean, adibidez borroka feminista intersekzionalean. Engaiatzeak erran nahi baitu zureak ez diren problematikak ere zure egin behar dituzula, denok gizarte beraren parte baikara.
Zergatik dago intimoari buruz eztabaidatzeko beharra?
Biziki zokoratua den gaia da, femeninotzat joa delako. Badira urte batzuk belaunaldi feminista batzuek intimoa politikoa dela aldarrikatu zutenak eta, beraz, maitasunaren gaia ere politikoa dela esaten zutenak. Nire ustez maitasuna gizarte aldaketarako ate gisa erabili behar dugu, hau da, maitasunaren gaia antikapitalista bilakatu behar dugu adibidez. Orain arte lan handia egin da ekonomiari zegokion berdintasun faltari buruz adibidez, edo emazteenganako bortizkeriari buruz. Baina alde batera utzi zen maitasunaren gaia bere horretan. Nire ustez, bada garaia balio handiagoa eman diezaiogun. Eta modu batez edo bestez hunkitzen gaituen gai honekin proiektu berriak eraiki ditzagun.
Nola?
Maitasuna birpentsatzekoa da. Laguntasuna etortzen zait burura: maitatzeko era bat da, baina, kapitalismoarentzat inongo interesik ez du. Orduan gure gizartean ez da lehen planoan ezarria. Hau da, zure bizitzan laguntasun sendo eta egonkorrak eraiki badituzu ere, bikotekiderik ez edukitzeak porrota sentiaraziko dizu. Laguntasuna biziki garrantzitsua da, berrikasi behar baitugu kolektiboki jarduten, beste gizarte bat eraikitzen. Kapitalismoak aurkakora garamatza, indibidualismora, bereziki emazteon kalterako dena, okerrago ordainduriko lana eta ordaingabeko lana metatu behar izaten baitute. Bakarturik, sistemaren aurrean ez dago zereginik, eta horretara bultzatzen gaitu honek.
Kapitalismoaz ari garela, nola erabiltzen du maitasuna?
Adibiderik garbiena gaur egun jendea ezagutzeko plataformak dira. Lehenik eta behin buruan atxiki behar da dirua irabaztea dela aplikazio horien helburu nagusietako bat. Beste helburuak gizartea lehiaketa eta kontsumo ereduetan mantentzea da. Hau da, algoritmoen bidez aplikazioak merkatu balio bat ematen digu: ditugun argazkiak, dugun itxura, klase soziala, eta beste hainbat faktoreren arabera, aukera gehiago edo gutxiago emango dizkigu. Izugarrizko arazoa da hori, produktu bat bezala saltzen baitigu geure burua.
Horrez gain, geure burua ez ezik, aplikazioaren beste erabiltzaileak ere produktuak bezala ikustera bideratzen gaitu. Beti ideal baten bila, kontsumo logika batean sartzen gaitu. Supermerkatuan kilokako prezioa begiratuko bagenu bezala jendea begiratzerakoan. Jendea segundo batzuetan epaitzen dugu.
Bortitza da.
Bai, nonbait saldu diguten ideal baten bila ari baikara. Maitasuna modu erromantikoan soilik ikusten baitugu, pasiozko modu batean. Bikotekide baten bila, bata bestearen posesio bilakatzeko helburuarekin, horrek dakarren jeloskeria normalizatuz eta gure estima falta areagotuz, besteak beste. Gaur-gaurkoz gizartean harreman toxikoak dira onartuenak eta xerkatuenak, pasiozkoak baitira. Alta, pasioak, jeloskeriak eta bata bestearen posesio izate horrek erailtzen du. Bortitza da. Maitasuna birpentsatu beharra dago, gaur egungo maitasunari berezkoak dituen onginahi, zintzotasun eta goxotasuna kenduak baitzaizkio.
Zergatik maitasun toxikoarekiko dependentzia hori?
Biziraupen zerbait da. Alde batetik, txikitatik irakatsia zaigu bikote bizitza dela erreferentzia. Horrela, emazteentzat bizitza ongi eraman izanaren erakusleak dira ezkontza, haurrak ukaitea, eta bikote harreman luzea izatea. Beraz, emazteak uste du osorik egoteko gizon baten beharra duela. Hezkuntzaren bidez bideratzen gaituzte gizonaren zaintzara.
Bestalde, alderdi pragmatikoagoa dago. Hau da, soldata minimoa irabazten duen emazteak ez du bizitza duina izateko aukerarik bikotean ez badago. Bikoteak banatzen direnean emazteak dira gehien pobretzen direnak adibidez. Bi alderdiak elkarrekin doaz.
Nola atera inposatutako erlazionatzeko moduetatik?
Ez dago aterabide bakarrik: lesbianismo politikoa eta polimaitasuna aipatzen ahalko genituzke, besteak beste. Baina mutur horietara iritsi gabe ere badago egitekorik. Adibidez, agian komeni ez zaizkidan bizimodu horietatik ideia batzuk hartzen ahal ditut: lesbianismo politikotik soilik emazteen sorkuntzak kontsumitzeko aukera egitea, eta polimaitasunaren komunikazio idealak. Bikoterik gabeko bizitza estigmatizatzeari uztea izan daiteke beste modu bat ere. Hau da, emazteon kezkak ez luke gehiago izan behar desira objektu izatea baizik eta bizitzaren subjektu izatea. Gure gustuak sortu eta garatu behar ditugu, geure burua nahi dugun bezala eraikitzen jarraitzeko.
Datozen belaunaldiei pentsatzea dagokigu. Guk deseraikitzen pasatu dugun denbora berriro pasatu behar izan ez dezaten. Horretarako eredugarri izaten saiatu behar dugu.
Kazetari eta idazle feminista
Lucile Bellan: «Maitasuna gizarte aldaketarako ate gisa erabili behar dugu»
Kazetari, idazle eta podcast egile feministak maitasunari buruzko bere gogoeten berri eman du. Uste du jendea «maitasun toxikora» bultzatua dela, kapitalismoaren mesederako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu