Ane Alonso. Arkitektoa

«Biztanleen erdien indarra alferrik galtzen ari da eraikuntza»

Alonsok dio «astakeria» bat dela %1 soilik izatea obran bertan jarduten duten emakumeak. Haren ustez, gizartearen iruditerian txertatuta dauden aurreiritzi batzuek eragiten dute emakumeak eraikuntzara ez hurbiltzea.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
inaut matauko rada
Bilbo
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Eraikuntzaren munduan hogei urtekoa baino ibilbide luzeagoa du Ane Alonso arkitektoak (Bilbo, 1971), berregituratze lanetan batez ere. Eraikuntzan emakumeen falta dagoela ikertu du Alonsok, eta Emakunderen Lan eta Ikerketen saria irabazi berri du.

Diozu zure ibilbidean ez duzula emakumerik ikusi obra lanetan. Horrenbesterako al da egoera?

Bai, errealitatea hori da. Eraikuntzetan eta berrikuntzetan, obran bertan, ez dago emakumerik. Ez daude, ez dira sektore horretara iritsi. Badaude obretan lan egiten duten emakume kualifikatuak, arkitektoak eta aparejadoreak esaterako. Lanen proiektuetan eta zuzendaritzan daude gehienbat, laneko segurtasun eta osasun arloan asko. Koordinazioan ere gero eta gehiago daude, baina peoirik apenas dagoen.

Obra lanetan %1 direla diozu.

Eraikuntzako talde guztiak kontuan hartuta %8 dira, oso portzentaje txikia, baina obra lanetan batez beste %1 baino ez dira. Hala ere, azpikategoria batzuetan, zurgintzan, soldatze eta hormigoi lanetan, adibidez, Espainia osoan ez du emakume bakar batek ere jarduten. Emakume gehien dabiltzan azpikategoriak elektrizitatea eta margoketa dira, baina %1,5era iristen dira soilik.

Zure ustez, zergatik daudehain emakume gutxi?

Ikerketan azaldu dudan bezala, hainbat kontugatik da egoera horrelakoa. Oraindik ere uste da eraikuntzan peoi gisa lan egiteko indar fisiko handia eduki behar de, eta, horrekin lotuta, beste uste bat da emakumeok ezin dugula indar hori lortu. Aurreiritzi horiek eragiten dute emakumeak gerturatu ere ez egitea eraikuntzaren mundura. Ez dute aukera gisa buruan.

Ikerketa hau egiteko ideia izan nuenean, gertutik jakin nahi nuen emakumeak zergatik ez diren lan esparru horretara hurbiltzen, baina zaila izan zen, zehaztu gabeko eremu bat baita. Horregatik, eraikuntzan lan egiten duten emakume gutxi horietako lau elkarrizketatzea lortu nuen, haien bizipenen eta zailtasunen berrijakiteko.

Asko aldatu al da eraikuntza lana?

Nahiz eta azkenaldian bilakaera bat egon den genero rolen inguruan, eraikuntza lanen pertzepzioan badirudi gizarte iruditerian izoztu egin dela nolakoa den eraikuntza lana. Gizartearen usteak ez du zerikusirik errealitatearekin: teknologiaren aurrerapenengatik eta tresna espezifikoen erabilerarengatik, gaur egun ez da hain garrantzitsua indarraren erabilera. Zikintasuna, zarata... Asko aldatu da dena, makineria batez ere, eta asko erraztu du peoien lana.

Eraikuntzako langile batean pentsatzen badugu, denoi etortzen zaigun irudi bat, gizon indartsu eta zakarrarena. Beste lanbide batzuen inguruko ustean bilakaera egon da, nekazaritzan adibidez; eraikuntzan, ordea, ez.

Uste duzu beldurra ere badagoela?

Horrek ere aurreiritziekin du zerikusia, emakumeak beldurtiagoak garela oso errotuta baitago gizartean. Gainera, obran lan egiteko, ez duzu ausarta izan behar, zuhurra baizik, eta segurtasun araudia betetzea da garrantzitsuena. Hori eginez gero, arriskuak izugarri murrizten dira.

Ni, adibidez, aldamiora igotzen naiz askotan, eta ezagutzen ditudan emakumeek esaten didate: «ni ez nintzateke igoko». Egia da ez dela bulegoko lan baten modukoa, baina ez ditu eskatzen emakumeok emakume izate hutsagatik lortu ezin ditugun ezaugarriak. Eta kontu handia izan behar dugula esanez hezten bagaituzte emakumeok txikitatik, gizonek orokorrean ez dituzten oztopoak izango ditugu aurreantzean ere.

Lana sexuaren arabera banatzen dela, hori dago atzean?

Lanaren antolaketa baino gehiago, bizitzaren antolaketa ere bada. Etxeko gizona lanera ateratzen zen, eta emakumea etxean geratzen zen etxeko lanak eta zaintzakoak egiten; aspalditik dator hori. Gainera,gizonaren lanari balio handiagoa eman zaio emakumearenari baino. Zaintza lanei balioa kendu zaie, eta horretarako ezaugarri bereziak ditugula egotzi izan digute emakumeoi.

Sabai baten beharra giza espeziearen hasieratik egon da, eta eraikuntza lanak ordutik datoz. Garai horretan indar handiagoa behar zen, eta, besteak beste, horregatik ez dute emakumeekhainbeste parte hartu lan horietan. Ordutik, emakumeoi ez digute lan horietan aritzen utzi, eta egun ez gaituzte bultzatzen horretan jarduteko.

Desoreka hori al da emakumeen eta gizonen errentaren arteko egungo ezberdintasuna?

Lan feminizatuak beti egon dira gutxietsita, eta eraikuntzan guztiz kontrakoa gertatzen da, oso maskulinizatuta baitago, eta askoz hobeto ordainduta dago. Etxeko langileek gutxieneko soldata irabazten dute, urtean 13.500 euro inguru 2021ean, eta eraikuntzako oinarrizko peoi batek urtean 23.000 euro, Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmen Kolektiboaren arabera. Etxeko langileek baino ia %70 gehiago irabazten dute eraikuntzako langileek; gainera, kontuan hartuta kualifikatu gabeko lanak direla biak. Astakeria bat da, bai soldaten arteko arrakala, baita eraikuntza lanetan emakumeak %1 izatea ere.

Gainera, enpresaburuek diote langileak falta direla.

Hala da, merkatu aukera bat da eraikuntza. Lanean etengabe entzuten dut ez dagoela eskulanik. Eraikuntzak emakumeak behar ditu obran lanean, eta biztanleen erdien indarra ari da alferrik galtzen. Beharrezkoa da egoera hau argitara ateratzea. Bertan sartuta dauden alde guztien indarrak batu beharko lituzke arazo horrek, egoera aldatzeko. Hala ere, badirudi inor ez dagoela kezkatuta gai honekin. Egoera are kezkagarriagoa da, datuek erakusten baitute ez dagoela inolako bilakaera positiboren zantzurik.

Argi dago merkatuak ez duela bere kabuz aldaketarik egingo, ez dago hori pentsatzeko arrastorik. Gainera, salbuespenak salbuespen, ez dago emakumeak eraikuntzan sartzea bultzatzeko saiakerarik.

Zeintzuk dira salbuespenak?

Ikerketa egiteko jaso ditudan testigantzetan ikusi dut eraikuntzarekin zerikusia duten formakuntza zikloetara iristen diren emakume urriei atzera eginarazten dietela irakasleek ere. Zurginak, adibidez, kontatu zidan praktikak egiteko orduan tailer batera bidali beharrean egur biltegietara bideratzen saiatzen zirela. Peoiak ere antzeko zerbait kontatu zidan, irakaskuntza zentroek ez dietela behar duten laguntza ematen; are gehiago, galgatu egiten zituztela. Horrez gain, diote izugarri kostatu zitzaiela praktikak egiteko enpresa bat aurkitzea.

Hori dela eta, Eraikuntzako Lan Fundazioak Europako proiektu bat du, eta emakumeak sektorera gerturatzen saiatzen dira ikasleengan eta irakasleengan eraginez; esan bezala, askotan irakasleek berek jartzen baitizkiete oztopoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.