Artiacheko beharginek eskatu dute kaleratutako sei langile berriro hartzeko

Bi kaleratze legez kontrakoak ote diren erabakitzeko epaiketa hasiko da gaur. Enpresaren behin-behinekotasun tasa handia salatu du LABek

Dozenaka langile batu ziren, atzo, Artiachen lantegiaren parean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Orozko
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Artiach galleta enpresak ekainean kaleratutako sei langileak berriz hartu beharko dituen ala ez erabakiko duen epaiketa hasiko da gaur Bilbon. Saioa abiatzeko bezperan, dozenaka beharginek babesa erakutsi zieten kaleratuei Orozkon (Bizkaia) dagoen lantegiko atarian, behin-behinekotasunaren aurka egindako elkarretaratze batean. Enpresak aldi baterako kontratatzen dituen langileen kopurua handia dela salatu zuen LAB sindikatuak, eta gogora ekarri arazo hori urte askoan errepikatu dela lantegian. 220 behargin inguruk egiten dute lan bertan, eta beste 100 inguruk aldi baterako kontratuak pilatzen dituzte: lantalde osoaren herena dira kasik.

Egoera horren aurka egiteko, LABek salaketa jarri zion enpresari, eta lan ikuskaritzak eskaera argi bat egin zion Artiachi ekainaren 4an: aldi baterako kontratuak pilatzen ari ziren zazpi langileri mugagabeko kontratua egin behar zitzaien. Haietatik sei kaleratu egin zituen enpresak berehala. Kaleratze horietako biren aurkakoa izango da gaur abiatuko den epaiketa. Gainerako lauren kaleratzea urtarrilean epaituko dute.

«Lan ikuskaritzaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunean, giza baliabideetakoek deitu zidaten, kaleratua nengoela esateko». Ainhoa Marigortak hamasei urte eman ditu Artiachen lanean, egun batzuetako eta aste batzuetako kontratuekin. Epe horretan guztian, 750 kontratu sinatu ditu. Kaleratu zuten egunean ere aldi baterako zegoen lanean. «Pentsa, aldi baterako nengoen kontratatuta, eta, hala ere, kaleratzeko deitu zidaten, nire lanpostuko beharrak ez nituelako behar bezala betetzen; susmagarria da hurrengo egunean deitzea, ezta?».

Egoera surrealista batzuk

LABek eskatu du kaleratzeak bertan behera uzteko. «Behin baino gehiagotan agerian geratu da aldi baterako kontratu horiek guztiak ez direla une jakin bateko eskaeraren araberakoak», azaldu du Gorka Aldamak, enpresako LABeko ordezkariak. «Adibidez, behin-behinean dauden langile askok hilean hogei egun egiten dute lan». Marigortak salatu duenez, Artiachen beharrean aritu den hamasei urteetan, bakarrik azken bietan joan ahal izan da oporretan. «Hutsuneak betetzeko erabili izan gaituzte, eta egunean bertan deitzen ziguten askotan lanera joateko; oso modu txarrean».

Enpresako langileen behin-behinekotasun tasa %50era izatera ere iritsi dela salatu du sindikatu abertzaleak. Hala ere, urtean batez beste %20 inguruan dabilela dio Aldamak. Egoera horri aurre egiteko, uste du garrantzitsua izango dela aurki emango duten epaia, eta irabaziko duten itxaropena daukate. «Oso argi ikusten dugu errealitatea bidegabea dela, baina legeak ez dira oso aldekoak; dena den, irabazteko itxaropena daukagu».

Irregulartasun asko egon baitira enpresaren kontratazio politikan, Marigortak salatu duenez. «Pertsona baten gaixotasuna ordezkatzeko deitu izan didate, eta batzuetan gertatu izan da ordezkatzen nuen langile hori beharrera itzuli eta nik bertan jarraitzea; egoera surrealista asko bizi izan ditugu». Marigortaren kaleratzearen inguruko epaiketa 2020ko urtarrilean hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.