Koronabirusa. Mitxel Lakuntza. ELAko idazkari nagusia

«Delitua da langileen osasuna arriskuan jartzea»

Mitxel Lakuntzak ohartarazi du auzitara eramango dituztela beharginak gaixoarazten dituzten enpresak; krisiak «ondorio larriak» eragingo dituela aurreikusi du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Lantokietan protesta egitera deitu dute gaur ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek, eskatzeko administrazioei langileen osasunaren alde eten ditzatela ezinbestekoak ez diren lan jarduerak. Harrigarria da sindikatuak halako eskaera bat egiten entzutea, eta soilik salbuespen egoera baten testuinguruan uler daiteke. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak (Iruñea, 1976) xehe-xehe azaldu du «exijentzia» horren zergatia.

Zergatik gelditu behar dute funtsezkotzat jotzen ez diren jarduera guztiek?

Komunitate zientifikoak eskatzen duelako; haren irizpideakoso argiak dira pandemiaren aurrean. Italian garbi geratu da zein den egoera. Konfinamendua ez da izan han behar bezain zorrotza, eta neurriak faseka hartzea ez da izan eraginkorra. Ezin ditugu hutsegitehoriek berritu hemen.

ELArentzat, zer da lehenbailehen egin beharrekoa oraintxe?

Funtsezkoak diren alorreko langileen segurtasuna bermatzea, ez delako bermatzen ari. Osakidetzan, jendea kutsatzen ari da, babes neurri nahikorik ez dagoelako. Gurutzetako ospitalean, 38.000 maskara erabiltzen dituzte astero; horrek ematen digu beharren neurria. Ez dute baliabide nahikorik funtsezko esparrutan aritzeko: Osakidetzan, adinekoen egoitzetan, garbikuntzan eta janariaren sektorean. Langile horien artean, kutsatze ugari gertatzen ari dira, eta jende nahikorik ez da egongo jarduera horiei aurre egiteko.

Eta...

Langileek hartu behar izan dugula aurrea, eta jarduera eten, enpresa gehienek ez dutelako ekimenik izan jarduera gelditzeko, osasun bermerik ez dagoela jakin arren. Garbiketa, segurtasun tarteak, sarrera-irteerak, aldagelak... gauza asko bete behar dira zorrotz.

Beraz?

Funtsezko esparruetan ez badira bermatzen ari gutxieneko segurtasuna, nola bermatuko dituzte sektore pribatuan? Adegik eta Mondragonek iragarri dute erosi dituztela enpresetan aritzeko maskarak. Hala bada, zerbitzu publikoen esku utzi beharko lituzkete, lehentasuna eta urgentzia hor dagoelako. Oinarrizko ariketa da hau: osasun publikoari eta hango langileen jardunari zutik eustea bada lehentasuna, ez dauka ez hankarik ez bururik interes ekonomikoak lehenesteak.

Enpresak orain ixten badira, ordea, agian gero ez dira hain erraz irekiko.

Ez dugu zalantzan jartzen arazoak egongo direla; ondorioak eta kaltetuak izango dira, izango gara. Baina patronalak hitz egiten du hau pandemia global bat ez balitz bezala, besteek arazo bera ez balute bezala. Aste batzuei buruz ari gara. Enpresa horiek ez dute ixten udan eta Eguberrietan? Ez da hain zaila auzia: irizpide medikoekin koherente izateko, kutsatze arriskua murrizteko eta funtsezko sektoreei lehentasuna emateko, jarduera guztiak gelditu behar du.

Gutxieneko jarduera bati ezin zaio eutsi osasuna bermatzen ari direla probatzen duten enpresetan?

Ea... hainbat enpresa geratu dira gure presioari esker, eta eskerrak Mercedes gelditu dugun. Atzo [herenegun] hamalau kutsatu zeuden han, eta 200dik gora pertsona berrogeialdian. Lehen egunean gelditu genuen hura; bada, orain nolakoa litzateke egoera orduan jarduera gelditu izan ez bagenu? Horri buruz ari gara.

Ezetz esaten ari zara, noski.

Begira, Aernnovak, Sidenorrek eta beste hainbatek aurrera jarraitu dute... Arduragabekeria galanta da; langileak arriskuan jartzen ari dira, eta guk auzibidera joko dugu.

Salaketa judizialak aztertzen ari zarete jada?

Langileen osasuna arriskuan jartzea, jakinaren gainean egonda, delitua da, eta delitu horiek mahai gainean jarriko ditugu; oso argi dugu. Enpresek bai baitakite osasuna ezin dutela bermatu orain eta hemen. Gainera, ikuskaritza desagerturik dago egunotan. Nork emango du bermeak badirelako ziurtagiria?

Zenbat denbora nahi duzueetenda egotea jarduera?

Osakidetzaren kolapsoaren beldurrarekin dago lotua itxiera. Balizko kolapso horren inguruko egutegiaren arabera izan beharko luke. Etenaldiak ezin du luze jo, badakigu. Orain egiteak, agian, laburrago egin beharra ekarriko luke.

Milaka erregulazio daude jada, 100.000tik gora langile horien barruan. Koronabirusaren aterkia bere alde jarri duenik izango ote da?

Aldi baterakoak eta negoziatuak behar dute izan dosierrek. Horrela egin dute enpresa batzuetan. Akordiorik ez dagoenetan, iruzurrean ari dira hainbat. Multizerbitzuetakoak, adibidez, administrazioaren dirua jaso, eta zerbitzua eman ezin dutenez, bada, soldatak aurrezten dituzte.

Krisi ekonomikoak osasun krisia baino luzeago joko du. Kaleratze masiboak eta murrizketak etor daitezke berriro?

Aurreko krisian nolako erabakiak hartu zituzten ikusita, uste dugu alarma aktibatu egin behar dugula. Zor publikoa asko haziko da, eta bi bide daude horri aurre egiteko. Lehena da zerga politika aldatzea eta iturri berriak zabaltzea diruarentzat. Hau egin beharko litzateke, jakina. Bigarrena da murrizketen bidea. Irakasgai batzuk atera behar dira, ordea. Lehena, sektore publikoaren balioa zein den. Zenbat murrizketa egon dira Osakidetzan? Behin-behinekotasuna %40 da. Sekulako okerra litzateke irakasgai horiek alboratzea. Zaintza ere hor dago. Estrategikoa dela erakutsi du krisi honek. Plastikozko poltsekin ari dira egoitzetako langileak, poltsekin! Sektore horiei dagokien prestigioa emateko garaia heldu da, garbikuntza barne. Denak dira sektore feminizatuak, ez da kasualitatea.

Nork pagatuko du krisiaren faktura?

2009ko bide orriari jarraitu behar badiote, desberdintasuna eta pobrezia are gehiago handituko dituzte, eta kalera ateratzeko arrazoiak are indartsuagoak izango dira.

Espainiako armada Euskal Herriko kaleetan da. Zer diozu?

Bost minutuan desagertzen dela hemengo estatusa. Aginte bakarra ezarri du Madrilek, eta lehendakariari esan dio albo batera joateko. Armada atera dute, gerra bat balitz bezala, eta oso agerian geratu dira autogobernuaren ahultasun guztiak. Armadarenak, noski, asmo politiko garbia dauka, erakunde horiek normalizatzen saiatzeko gure herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.