CAFek Israelen tranbia egitea babestu du Tapiak: «Legedia betetzen du»

Nazioarteko ebazpenek legez kanpokotzat jotako koloniak batuko ditu Israelen tranbiak. Elkarrekin Podemos: «Ez gaitzazue konplize egin»

Jerusalemgo tranbiaren lehen linea martxan jartzeko lanak, 2008an. EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Israelek Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako legez kanpoko hainbat kolonia lotzeko egin asmo duen tranbiaren proiektua defendatu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak. Israelek urteak daramatza proiektu hori gauzatu nahian, eta enpresa askok egin dute atzera dagoeneko: Frantziako Veoliak, Alstomek eta Systrak, Alemaniako Siemensek, Kanadako Bombardierrek, Australiako Mcquariek... Ez, ordea, CAFek, langile batzordeak zuzendaritzari eskari horixe egin arren. Azkenean, Beasaingo enpresak irabazi zuen lanen kontratua.

Atzo, Legebiltzarreko kontrol saioan, Tapiak esan zuen CAFek proiektuaren inguruko «legedia eta etika» aztertu dituela. Hala azaldu zuen ondorioa: «Txosten horiek berretsi dute CAFek erabat betetzen dituela nazioarteko legedia eta giza eskubideak».

Sailburuak Elkarrekin Podemosen galdera baten harira egin zituen adierazpenok, eta Iñigo Martinez legebiltzarkideak gogorarazi zion NBEren ebazpenen aurkakoa dela Israelen proiektua: «Israelen abusuen aurka agertu gara legebiltzar honetan, aho batez. Izan gaitezen koherenteak, izan zaitezte koherenteak, eta ez gaitzazue giza eskubideen urraketa horien konplize egin».

Tapiaren ustez, ordea, «ez da justua soilik enpresari bati edo batzuei exijitzea agintariak edo diplomazia politikoa egiteko gai ez direna». Jaurlaritzak berak badu parte bat CAFen, txikia bada ere: iazko urtarrilean, CAFen akzioen %1,24 erosi zizkion Kutxabanki, ia hamabost milioi euroan.

Israelek 1967ko gerran okupatu zituen Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako kolonietako lurrak, eta, handik hilabete batzuetara, NBEk 242. ebazpena onartu zuen. Israelek lurralde okupatuak utzi behar dituela dio, eta ez du onartzen Jerusalem estatu sionistaren hiriburutzat. 1993ko Osloko akordioetan, Israelek berak onartu zuen ebazpena, sekula errespetatu ez duen arren.

2004an, esaterako, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen «nazioarteko legedia urratzen» zutela Jerusalem ekialdeko eta Zisjordaniako koloniek. 2016an, bide beretik, beste ebazpen bat onartu zuen NBEren Segurtasun Kontseiluak. Hamabost kideetatik, AEBek ez beste guztiek babestu zuten, tartean Frantzia eta Espainia. Palestinako indar politiko eta sozialak Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak (BDS) kanpaina sustatzen ari dira azken urteetan, eta, besteak beste, presio horrek eragotzi du enpresa askok proiektuan parte hartzea.

Euskaltelen zuntz sarea

EH Bilduk, berriz, Euskaltelen zuntz sarea saltzeko Zegonaren asmoaz galdetu zion sailburuari. Jose Miguel Garcia Euskaltel taldeko kontseilari ordezkariaren hitzak nabarmenduz erantzun zien Tapiak, hark esan baitzuen «gaur-gaurkoz» ez dutela horretarako biderik hasi: «Erabakiak administrazio kontseiluan hartzen dira, eta akzioen %21ekin ez dago gehiengorik». Praktikan, ordea, funts britainiarrak Euskaltelen kontrola hartua du. EH Bilduko Iker Casanova kezkatuta agertu zen: «[Espainiako] Estatuaren erakusleihoan jarri nahi dute Euskaltel, saltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.