Laura Bates. Idazlea eta ekintzaile feminista

«Emakumeen bizipenak aldaketa sortzeko erabili ditugu»

Batesek Everyday Sexism (eguneroko sexismoa) proiektua hasi zuen 2012an. «Sexismoa oraindik existitzen dela jabetzeko modu bat da». Mundu osoko emakumeek beren jazarpenaren berri eman dute horrela.

Carme Porta.
Bartzelona
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Laura Batesek (Oxford, Ingalaterra, 1986) Everyday Sexism Project ataria sortu zuen 2012an. Webgune horretan, emakumeek aukera zeukaten egunerokoan bizitzen zituzten misoginia eta diskriminazio egoerak azaltzeko, modu anonimoan eta ondoriorik gabe. Gizarte komunikabideen arloko proiektu arrakastatsu bihurtu zen. Orain, esperientzia hori bildu du Everyday Sexism: The Project that Inspired a Worldwide Movement liburuan (Eguneroko Sexismoa: mundu guztiko mugimendu bat inspiratu zuen proiektua).

Nondik sortu zen proiektuaren ideia?

2012an sortu zen, aste oso txar bat pasatu eta gero: hainbat egoera bizi izan nituen, oso segidan. Besteak beste, gizon batek etxeraino jarraitu zidan, eraso sexista bat jasan nuen autobus batean, eta garrasi egin zidaten kalean. Horiek gertatu eta gero, bat-batean konturatu nintzen: hain segidan gertatu ez balira, ez nuen haietan pentsatu ere egingo, egoera normalizatuak baitira. Saiatu nintzen gertatutako horietaz hitz egiten beste emakume eta neska batzuekin, eta haiek ere antzeko istorio asko zituzten kontatzeko, baina, istorio horietaz hitz egiten nuenean gizon eta mutilekin, sarritan erantzuten zidaten halakoak gaur egun ez direla gertatzen jada ez dagoelako sexismorik. Hortaz, pentsatu nuen kontu horrek errekonozimendua behar zuela, zalantzarik gabe.

Webgunean, mundu osoko 150.000 lekukotza daude bilduta, 2012tik orain artekoak. Horrek balio izan al du gizartea kontzientziatzeko?

Espero dut baietz, eta uste dut balio izan duela. Orain gehiago hitz egiten dugu gai horri buruz duela bi urte baino. Mundu osoko emakumeen istorioak dira. Jende askok dio proiektuak harritu egin duela eta begiak zabaldu dizkiola. Gainera, bizirik atera diren emakume asko gai izan dira gertatutakoaz lehen aldiz hitz egiteko, proiektuari esker jabetu baitziren ez zeudela bakarrik eta ez ez zutela errurik.

Bildutako salaketa anonimoak oso mingarriak dira. Eragin al dute ahalduntze kolektiborik?

Batetik, proiektuari esker, mundu osoko emakumeak ez dira hain bakarrik sentitzen, eta, bestetik, bizipen horiek aldaketa sortzeko erabili ditugu; esaterako, Nazio Batuekin eta Europako Kontseiluarekin batera berdintasunaren aldeko egitasmoen agenda lantzeko baliatu ditugu. Hala, arazo horri aurre egiteko politikak sortzeko orduan, mundu osoko hainbat herrialdetako politikariek kontuan izan dituzte gure istorioak.

Emakume askok beldur gutxiago dute salatzeko. Lege gehiago daude, baina erreakzio handiagoa ere bai. Nola egin dakioke aurre horri?

Nik uste dut beti egoten dela erreakzio negatibo bat aurrerapenen bat dagoenean. Horregatik, oso garrantzitsua da ikus dezagun badaudela emakumeak ahalduntzen direnak eta gai direnak bizitakoaz argi eta publikoki hitz egiteko. Hala ere, biktimek ezin dute arazoa konpondu ez badugu sistema aldatzen, sistemak berak huts egiten baitie. Hortaz, behar dugu erakundeek, politikariek eta abarrek aldaketa sistemiko bat egitea eta politikak aldatzea; hori lortzeko modu bat da emakumeei politikaren arloan sartzeko aukera ematea eta haiek babestea.

Zer proposamen zehatz egingo zenuke arazoa ezabatzeko?

Eskoletan neskato eta mutiko guztiei erakutsi beharko liekete zer diren sexurako adostasuna eta harreman osasuntsuak. Lantoki guztiek eta erakunde guztiek prozedura oso argiak izan beharko lituzkete sexu abusuren bat dagoenean nola jokatu jakiteko. Eta uste dut Poliziak prestakuntza eduki beharko lukeela gai jakin batzuen inguruan; adibidez, autobiktimizazioa. Hala, gizarteko sexismoak ez luke hain ondorio negatiborik izango sistema judizialean.

Europan, atzeraldi handia gertatzen ari da. Espainiako Estatuan, mezu matxistak dituzten autobusak dabiltza kalean; justiziak ez die erantzuten emakumeen salaketei, eta erasotzaileak errugabetzen ditu. Nola segi dezakegu aurrera?

Erresuma Batuan arazo bera daukagu; egunkari baten azalean feminazi deitu ziguten. Uste dut oso ohikoa dela mundu osoan halako erreakzio kultural negatiboak egotea emakumeen aurrerapausoen kontra. Hain justu, horrek frogatzen du ez dela nahikoa politikak eta legeak aldatzea ez badira jarrerak, portaerak eta balioak aldatzen. Nire ustez, aurrera jarraitzeko zenbait fronte daude: bat gazteen eta haurren hezkuntzari dagokio, eta bestea, gutako bakoitzari. Gutako bakoitzak eremu txiki batean eragin dezake; norberak erabaki dezake beretzat zer den normala edo onargarria.

Webgunea abian dago oraindik, baina, aldi berean, sare sozialak eta #metoo traola biral egin dira.

Uste dut egitasmo guztiak direla garrantzitsuak, borroka hau erraldoia baita. Ohikoa da jendeak proiektu jakin batzuei egoztea ez dutela konpontzen arazo handi hau bere osotasunean, baina, egiatan, bide luzea daukagu egiteko oraindik, eta egitasmo eta kanpaina horietako bakoitzak pixka bat gehiago hurbiltzen gaitu helburu komunera. Nolanahi ere, arazoa ezin dute konpondu, soil-soilik, bizirik atera diren emakumeek eta gainerako emakumeek banan-banan. Benetako aldaketa bat nahi badugu, beharrezkoa dugu bai erakundeek eta bai politikariek modu positiboan eta estrukturalean erantzutea.

Aldaketak eragiten dituzte, edo unean-unean prentsan aipatzen dira eta gero ahaztu?

Izan ditugu aldaketa erreal zehatzak. Adibidez, eskoletako ikasle batzuek guri helarazitako zenbait bizipen zabaldu genituen, eta ministro batzuek entzun egin zituzten; horren ondorioz, sexu hezkuntza derrigorrezko ikasgai bat da orain eskola curriculumean. Hala, gazteek ikasi dute zer diren sexurako adostasuna, sexu eskubideak, harreman osasuntsuak eta abar. Beste adibide bat: garraio publikoetan gertatutakoak jaso genituen, eta Poliziari helarazi genizkion, 2.000 ofizial entrena zitzaten ikasteko nola jokatu sexu irainen bat gertatzen bazen. Hori dela eta, Poliziak jasotako salaketen kopurua %20 handitu da, eta atxiloketa kopurua, %26.

Jasotako lekukotza guztietatik zein dira larrienak?

Bi taldetan sailka ditzakegu. Lehenengoan, neskatilen bizipenak biltzen dira, 7 eta 8 urte artekoenak, eta azaltzen dute sexu erasoren bat jasan dutela eskolara bidean, uniformea jantzita —Erresuma Batuko eskola gehienetan, ikasleek uniformea erabiltzen dute—. Bigarren taldean biltzen dira beren buruari errua botatzen dioten emakumeen bizipenak, edo gertatutakoa —dela bortxaketa bat, sexu abusu bat edo diskriminazioren bat— haien errua izan dela dela sinetsarazi dieten emakumeenak. Uste dut horiek direla istoriorik harrigarrienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.