Tximino baztanga kasuen hedatzea eragoztea du helburu Osakidetzak

«Beste hainbat lekutan bezala», jada atzemaniko kasuez gain gehiago ere izan litezkeela onartu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak

Osasun sailburu Gotzone Sagardui artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Arantxa Iraola - Ion Orzaiz
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Osakidetzak tximino baztangaren bi kasu baieztatu zituen asteazkenean, Euskal Herrian atzemandako lehenengo biak. Araban atzemandako kasuak zirela esan zuten, sintoma arinak zituztela biek, eta aparteko artarik ez zutela behar horregatik. Atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik onartu zuen jada atzemandako kasu horiez gain gehiago ere agertzea litekeena dela: «Beste hainbat tokitan bezala». Lehentasunik behinena zein den ere oroitarazi zuen: «Transmisioa etetea». Hala ere,larritzeko moduko motiborik ez dagoela nabarmendu zuen: «Egoera kontrolpean dago».

Bitartean, eritasunaren hedatzearen gaineko albisteek ez dute etenik; hilaren hasieran hasi ziren zabaltzen Europan, eta harriduraz hartu ziren, Afrikako zenbait tokitan-eta endemikoa delako gaitza, baina herrialde horietatik aparteko agerraldirik ez zelako ikusi orain arte. Jendea lasaitze aldera, Osasun sailburuak atzo nabarmendu zuen orain arte gertuan izan diren kasuetan ez dutela aparteko larritasunik ikusi. «Zorionez, sintoma arinak dituzte». Osakidetza, hala ere, atzeman dituen bi positiboen eboluzioari adi dago, eta haiek ezin dute etxetik irten: «Bakartuta daude, jarraipen medikoarekin».

Lanik «garrantzitsuena»

COVID-19arekin egiten zen eran, kasuen jarraipena egitea da orain osasun agintarien xedeetako bat, birusaren transmisioa eragozteko: horretarako, kutsatutako pertsonekin harreman estua izan duten pertsonak identifikatu nahi dituzte. «Hori da orain, gaixoei arta emateaz gain, egin dezakegun lanik garrantzitsuena», esan zuen atzo Sagarduik. Tximino baztangarekin infektatzeko erlazio gertukoa behar da pertsonen artean, eta harreman estu hori izan duten pertsonak lehenbailehen identifikatzea da asmoa. Oro har, ez da gaitz larria; sukarra, buruko mina eta nekearen antzeko sintomekin hasten da normalean, eta gero bereizgarri izaten du erupzio bat. 2-4 asteren bueltan sintomek arintzera egiten dute kasurik gehienetan. Umeetan larritu daiteke.

Txerto bat bada gaitzaren aurka egiteko; berez baztangaren kontra propio doitutakoa da, baina eritasun honen aurka ere eraginkorra da, eta erabiltzen hasteko planetan ari dira hainbat herrialde. Txertaketen gaineko erabakiak hartzen hasteko «itxaron» egin behar dela adierazi zuen atzo, ordea, Sagarduik.

Dozenaka positibo

Europan dozenaka positibo atzeman badituzte ere, Ekialde Hurbileko herrialdeetan kasu bakarra baieztatu dute orain arte—Arabiako Emirerri Batuetan— eta beste hainbat kasu susmagarri dituzte. Hori dela eta, inguruko herrialdeetako osasun erakundeak «gaitza kontrolatzeko garaiz» dabiltzala esan du OME Osasunaren Mundu Erakundeak Ekialdeko Mediterraneorako duen zuzendari Ahmed al-Mandharik: «Kontrolatzeko moduko gaitza da gure eremuan».

Horretarako, baina, gobernuen lehentasuna «transmisioa etetea» izan beharko litzatekeela uste du Al-Mandharik. «COVID-19ari emaniko erantzunari esker, lehen baino prestatuago gaude halako egoera bati aurre egiteko: gaitasun handiagoa dugu zaintzaren eta laborategiko diagnostikoaren esparruetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.