Joseba Villacorta. Erlezaina eta EHNE sindikatuko kidea

«Etiketek garden eta argi adierazi behar dute eztiaren jatorria»

«Garai gogorrak»dira erlezaintzarentzat, Gipuzkoako EHNEren arabera. Besteak beste, egoera horren erantzuletzat jo dituzte inportatzen diren «kalitate txarreko eztiak».

MAIALEN ANDRES / FOKU.
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Joseba Villacortak (Bizkaia, 1983) 30 urtetik gora daramatza lanean erlezaintzaren sektorean. Haren iritziz, kontsumitzaileek nahikoa informazio izatea bermatu behar dute erlezainek, erosleek kalitate bateko edo besteko produktuak aukeratu ahal izateko.

Zertaz ari gara eztiaz ari garenean?

Eztia jaki berezia da, beti erabili izan baita sendagarri gisa. Gizakion osasunean eragin handia dute haren ezaugarriek. Besteak beste, zauriak desinfektatzeko edo orbaintzeko erabili izan da. Gainera, entzima karga handia du, eta hori onuragarria da metabolismoarentzat. Azken finean, erleak ekoizten edo sortzen duen guztia erabil dezakegu sendagarri gisa.

Kalitateari dagokionez, eztiak eta eztiak egongo dira...

Kalitate txarreko produktu asko daude salgai. Adibidez, sasi-eztiak. Eztiaren etiketa jartzen zaie, baina, funtsean, edulkoratzaile sinpleak dira. Indize gluzemiko handia duten landareetatik datoz, eta oinarri gisa erabiltzen dira kalitate oneko eztiekin nahasteko. Eztia erleak egiten duen prozesu batetik dator; hortaz, ezin zaio eztia deitu prozesu horri jarraitzen ez dion zerbaiti. Marketinaren alorrean, ordea, eztia izango balira bezala saltzen dituzte oinarrizko osagaia glukosa duten zenbait produktu.

Hala ere, baditugu ekologikoagoak diren eztiak. Prozesuan, erlauntza zaintzen da. Tamalez, mota horretako ekoizpenak gero eta urriagoak dira. Ni naiz horrelakoak egiten dituzten gutxi horietako bat. Lan honen aitortza oso, oso, oso neketsua da. Garaiotan, balio handiagoa du kantitateak kalitateak baino.

Zerk eragiten du kalitatean?

Zenbait eragile hartu behar dira kontuan. Batetik, klimaren joera aldatzen ari da. Udak gero eta luzeagoak dira, eta tenperaturak gero eta muturrekoagoak. Landareek aldaketa horietara egokitu behar dute, eta, beraz, aldatuz doaz orain arte erlezainok egin ditugun prozesuak. Aurtengo urtea, adibidez, bereziki lehorra izan da, eta ekoizpena nabarmen apaldu da. Lehortearen ondorioz, landare, elikagai eta nektar gutxiago egon da; hortaz, ez dira hainbeste erle hazi, eta erle zaharrekin sartu gara neguan. Horrek zuzenean eragin dio ekoiztutako ezti kantitateari. Gainera, erle gutxi jaiotzeak ez die berdin eragiten erlauntzak hobby gisa dituen norbaiti eta erlezaintza lanbide duen norbaiti.

Kontsumitzaileek zer dute nahiago, prezioa ala kalitatea?

Badago prezioari garrantzi handiagoa ematen dion sektore bat, baina badaude eztiarekin lotura sentimentalak dituztenak ere, eta horiek kalitateaz ohartu ohi dira ezti bat probatzen dutenean. Bestalde, badago 20 eta 30 urte bitarteko jendea, gorputza zaintzeari garrantzi handia ematen diona eta kontzientzia duena.

Eta prezio horiek nork jartzen ditu?

Saltoki handiek zehazten dute merkatuko prezioa, eta kaleko saltzaileontzat horiek dira erreferentzia. Industria handiei saltzeko ekoizten dute Espainiako nekazari profesional gehienek. Eta industria horiek arduratzen dira komertzializazioaz. Euskal Herrian, ordea, oro har erlezainak ixten du komertzializazio zikloa.

Eztiaren etiketatzea «gardena» izatea eskatu duzue. Ez da hala?

Trazabilitatearen arloan, nahasmendu handia dago eztia zer den. Nekazaritzako elikagaien industriaren lobbyak ezartzen ditu arauak. Etiketatzearen oinarriak finkatu zituztenean, adibidez, zehaztu zuten ezin zaiola eztiari «naturala» etiketa jarri, jakintzat ematen baita eztia naturatik datorrela. Ekologiko kontzeptua ere erabat distortsionatu du industriak. Dagoeneko ez da mugimendu bat, edo kontzientzia bat. Egun, ziurtagiri baten arabera funtzionatzen duen adjektibo bat da.

Eztiaren jatorria zehazteko eskatzen dugu: etiketatzea argia eta gardena izan dadila, eta kontsumitzaileak jakin dezala zer jaten duen; bai produktuari dagokionez, baita produktu horren ekoizpenari dagokionez ere.

Besteak beste, erlauntz bakoitzeko 10 euroko eta erregai litroko 20 zentimoko laguntzak eskatu dituzue.

Bai. Erlezaintzaren sektoreak jasotzen ditu zenbait laguntza Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, lurralde horietako gobernu autonomikoen bidez. Hala ere, erlezaintzaren sektoreak ez ditu jasotzen Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzak. Gainera, ekoizpen kostuak asko garestitu dira aurten. Balioa eman behar zaio erlezaintzari.

Barroasiaren aurkako tratamendua eguneratzeko ere eskatu duzue. Nola eragiten dio gaixotasun horrek sektoreari?

Erlezaintzan badago barroa izeneko parasito bat, 80. hamarkadatik erleei eraso egiten diena. Garai hartan, zenbait substantzia kimiko erabiltzen hasi ziren parasito horri aurre egiteko. Baina, denboraren poderioz, barroak erresistentzia garatu du tratamendu horien aurka. Beraz, gaur-gaurkoz, tratamendu kimiko horiek ez dute hasieran zuten eraginkortasun bera.

Zer erle arraza da nagusi hemen?

Euskal Herrian, badago erlearen ekotipo bat: erle beltza. Gure lurretako errealitateari eta baldintzei hobekien egokituta dagoen arraza da. Baina, batzuetan, beste arraza batzuk ekartzen dira kanpotik, eta horiek arriskuan jar dezakete bertakoa. Erleak nekez biziraun dezake laguntzarik gabe.

Erlezaintzari «balioa» eman behar zaiola esan duzu.

Bai, erlezaintzak duen balioa aldarrikatu behar da. Aspalditik datorren jarduera bat da. Garrantzitsua da identitate kultural gisa ematen digunari balioa ematea. Euskal Herrian, dolu handi batean gaude; izan ere, euskal komunitateak lurrarekin lotura hertsia izan du beti. Harreman hori ez badugu zaintzen, lausotu egingo da herri gisa dugun kontzeptua. Zati identitario batek hizkuntzarekin du zerikusia, baina oso garrantzitsua da lurrarekin dugun lotura. Trantsizio prozesu gogor batean gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.