ELAk esan du prekaritatea kroniko bihurtuz gero BGAEak ez direla posible

Jaurlaritzak aurreratu duen BGAEen balizko erreforma bat gaitzetsi du sindikatuak. Gutxieneko soldata igotzea «aurrerapauso» bat dela dio

Joseba Villarreal, Adolfo Muñoz, eta Amaia Muñoa, atzo, Bilbon egin zuten agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Aurreikuspen argigarria egin zuen atzo Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak: «Prekaritatea, behin-behinekotasunak eta soldaten jaitsierak kroniko bihurtzen baldin badira, BGAEak ezingo dira garatu, eta, gainera, pentsio publikoak arriskuan egon litezke». Pentsioen inguruko auzia bizi-bizirik dago kalean, eta, eskariari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak horiek osatu ahal izateko lege erreforma bat proposatuko duela esan izan du. Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen (BGAE) inguruko erreforma bat aipatu izan dute, haien fiskalitatea hobetuz, horrela etorkizuneko pentsioen osagarriak norberak bere aurrezkietatik jarri ahal izateko. Bada, proposamen hori gaitzetsi zuen ELAk; Muñozentzat, aukera hori proposatze hutsa «lotsagarria» da, «gero eta langile gehiago baitaude hilabete amaierara iritsiko ote diren pentsatzen».

BGAEek beste tratamendu fiskal bat edukitzearen proposamena egiten dutenek «dirua duen jendearengan pentsatzen» dutela zioen Muñozek: «Dirua duen jendeak zergak ez ordaintzeko eran pentsatzen du. Gainera, Jaurlaritzaren asmoa kohesio soziala baldin bada, halako ikuspegiak ezin dira ontzat eman». Areago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek soldatak jaisteko politikei eutsi izan dietela salatu zuen sindikatuak, eta horrek pentsio publikoen jaitsieran eragina izan duela. BGAEei zergak jaitsita arazoa areagotu egin daitekeela azaldu zuten: «ELAk ez du onartzen BGAE zergak aurrezteko sistema huts bilakatzea. Beldur gara foru aldundien esanek ez ote dituzten zerga arintzeak ezkutatuko, errenta handiek gutxiago ordain dezaten».

Gutxieneko soldatak

Prentsaurreko berean PSOEk eta Unidos Podemosek Espainiako aurrekontuetarako lortu zuten akordioaren berri ere galdetu zioten Muñozi. Gutxieneko soldata 900 eurora arte igotzea «jauzi garrantzitsua» dela esan zuen, baina «estatuko soldaten bateratzea» ekar dezakeelako kezka azaldu zuen. «Hemengo KPIa altuagoa da, eta batez besteko soldata ere bai, eta hori ez da kontuan hartzen gutxieneko soldata zehaztean». Horri lotuta, aurrekontuei buruz hitz egiteko ELAko ordezkaritza bat Madrilera joango da datorren astean PSOE, Unidos Podemos, PDCat, ERC eta EH Bilduko talde parlamentarioekin egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.