Helduen euskalduntzea sustatzeko diru laguntzei eutsiko die Euskarabideak

'Aukera galdurik? Ez horixe! Ikasi euskara' kanpaina antolatu dute Nafarroako Gobernuak, toki erakundeek eta euskaltegiek, elkarlanean

Euskarabideko, tokiko erakundeetako eta euskaltegietako ordezkariak, kanpainaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Zabalik dago jada Nafarroako euskaltegietan izena emateko epea. Izaera publikoko, pribatuko eta herri ekimeneko 30 bat eskolatan jaso ahal izanen dira euskara ikastaroak; eta, iaz zabaldutako bideari jarraikiz, diru laguntzak emanen ditu Nafarroako Gobernuak, matrikulak ordaintzeko. Izen ematea sustatzeko kanpaina ere abian jarri dute, Aukera galdurik? Ez horixe! Ikasi euskara izenekoa. Nafarroako Gobernuak —Euskarabidea institutuaren bitartez—, Zubiarte euskaltegi publikoak, Hizkuntza Eskola Ofizialak, tokiko erakundeek eta AEK eta IKA gizarte ekimeneko euskaltegiek elkarlanean sortutako egitasmoa da.

Kanpaina aurkezteko agerraldia egin zuten atzo Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak, Sabina Garcia Izarbeibarko Mankomunitateko presidenteak eta Xabi Gartziak, AEK eta IKA euskaltegien ordezkari gisa. Irail osoan indarrean egonen da kanpaina, sare sozialetan, Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan, herrialdeko irrati kateetan eta tokiko aldizkarietan jarritako iragarkien bidez.

Euskarabideko zuzendariak gogorarazi du Nafarroako herritarrek «euskara ezagutzeko eskubidea» daukatela, eta hori bermatzeko «konpromisoa» hartua duela Euskarabideak, «beharrezkoak diren neurriak hartuz». Besteak beste, Euskarabideak «handitu» egin du euskara ikastaroen eskaintza publikoa, «gizarte ekimeneko euskaltegien egiten duten lan bikainari laguntza emanez». Bestetik, euskara ikasteko diru laguntzei ere eutsi diete: guztira 150.000 euro jarriko ditu Nafarroako Gobernuak. Iaz, 6.000 pertsona inguruk eman zuten izena Nafarroako euskaltegietan, eta horietatik 600ek eskatu zuten gobernuak emandako diru laguntza.

Garciak goraipatu egin zuen euskararen sustapenean tokiko entitateek jokatzen duten rola, eta gogoratu du duela hogei urte hasi zirela helduen euskalduntzearen aldeko kanpaina informatiboak egiten. Gartziak, berriz, azaldu du euskaltegiek ilusioz ekin diotela ikasturte berriari: «Pozgarria da Nafarroako Gobernuarekin batera lankidetzan jarraitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.