Oiane Valero. Historialaria

«Kapitalismoarentzat ezinbestekoa izan da etxeko lana»

Emakumeek lan merkatuan izan duten bilakaera aztertu du Valerok. Dioenez, sistemak etekin handiak atera ditu emakumeak soldatapeko lanetik kanporatu eta etxeko beharretara bideratu dituenean.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko emakume langileen historia ikertu eta idatzi du Oiane Valero (Bilbo, 1981) historialariak Euskal langile andreak liburuan. «Izenburuan bertan daude zapalkuntza hirukoitzaren hiru terminoak: euskaldunak gara, eta horregatik zapalduak; andre gara, eta genero zapalkuntza pairatzen dugu; eta, langile garen heinean, klase zapalkuntza dago». Erregimen zaharretik 1970eko hamarkadara arteko ibilbidea aztertu du, emakumeek bizirik irauteko lan egiten zutenetik soldatapeko lanaren kontzeptua sortu zenera arteko epea. Atzo aurkeztu zuen liburua.

Erregimen zaharretik abiatu duzu ikerketa. Zergatik?

Ikusi dugulako antzinako erregimenak eta kapitalismoaren jendarte horrek talka izugarria izan dutela XIX. mendean zehar. Gerren eta testuinguruaren bitartez, euskal jendarte egitura desegituratu zuten. Nekazaritzan oinarritutako baserriak pixkanaka desegituratuz, kapitalarentzako beharrezkoa den sistema sortu zuten: soldatan oinarritutakoa. Merkatu horretan dikotomia bat ezarri zuten: gizonezkoentzat soldatapeko lana dago, eta andrazkoentzat, lan deitzen ez diogun hori. Lan izaera kendu zioten andrazkoek egiten zituzten jardun guztiei.

Eginbeharra deitu zitzaion.

Maitasunez mozorrotuta, gainera. Zelan ez ditut egingo nik nire seme-alabentzako edo senarrarentzako egin beharrekoak? Lan izaera ezkutatuta egon da, eta hori ikusten dugu prozesu guztian. XIX. mendean, oraindik, andreak beren ofizioarekin erregistratzen ziren erroldetan, eta belaunaldi batetik bestera ikusten da ofizioa erregistratu beharrean euren egitekoak jartzen zutela. Hori ez da kasualitatea, sistemak berak lan izaera ezkutatu nahi izan baitu. Kapitalismoarentzat, etxeko lana ezinbestekoa da: etekin handiena ateratzen du hortik.

Baina emakumeek industrializazio garaian ere lan egiten zuten.

Bai, industrializazio garaian sartu ziren lan merkatuan, baina pixkanaka kanporatuak izan ziren. Zer gertatu zen? Andre horiek beren etxeko iraupena bermatu behar zuten, eta lan merkatu beltzera jotzen zuten. Orduan, etxeko lanaz gain, kanpoan ere egin dute lan, merkatu ofizialean ahal izan dutenean eta merkatu beltzean ostera. Horregatik diogu kapitalak negozio borobila egin duela.

Deigarria ere bada, ordea, askotan esan izan baita emakumeak azken mende erdian hasi direla lan merkatuan beharrean...

Jendarteratuta dagoen sineskera bat da hori, eta hori gezurtatu nahi genuen. Beti egin dute lan, jarduera zailetan. Lan fisiko ikaragarriak egin dituzte; edozein jardueratan aritu dira egin beharreko guztia aurrera ateratzeko.

Zergatik dago uste hori?

Sistemarentzat irakurketa egokiagoa delako. Sistemak berak etxekoandre nahi gaitu, eta, gaur egun gauzak aldatu badira, emakumeen borrokagatik aldatu dira. Baina egokiagoa da mezu hori helaraztea, kapitalak mozkin handiak atera baititu, eta hori ezkutatzeko premia dauka.

Mugarria, beraz, industrializazio garaian izan zen?

Bai; kapitalismoarekin, soldatapeko lana sortu zen. Antzinako erregimenean, nolabait, autogestioan oinarritutako ekonomia bat zegoen. Horrek ez du esan nahi merkaturik ez zegoenik, baina, azkenean, kapitalismoak ekarri du proletarizazio orokor bat. Ezin dugu bizi soldatapeko lanik gabe, eta ez da egon modurik kapitalismoa sortu denetik. Soldataren truke aritzera behartu gaituzte, baina, era berean, emakumeak hortik kanpo utzi gaituzte, eta horrek hierarkizazio bat dakar: piramidearen beheko aldean gaude.

Gaur egun ere bai?

Ikusten ari gara hainbat lanpostu feminizatzen ari direla, eta, gizonezkoek bete izan dituzten lanpostu horietan emakumeak sartu garenean, sistematikoki debaluatu egin dira lanpostu horiek.

Sektore feminizatuetan lan baldintzak hobetzeko borrokak areagotzen ari dira. Hor daude, esaterako, zahar etxeetako langileen grebak...

Bai, eta garrantzitsua da ikusarazteko zein den egoera. Ikusi besterik ez dago zer baldintza dituzten. Antolatzea eta borrokatzea besterik ez zaigu geratzen. Osagarri gisa ulertu izan da soldata hori, ez autonomia ekonomikoa izateko modu baten eran. Etxeko ekonomia osatzeko modu bat izan da. Jantokietan eta garbiketa lanetan nor dago? Sektore horiek prekarizatuta daude.

Borroka horiekin kristalezko sabaia apurtzen ari da?

Nik uste dut aurrerapausoak eman direla, baina, bestalde, badago aldaketa bat: lehen hemengo emakumeek egiten zituzten lan horiek etorkinek egiten dituztela orain. Helduen zaintzan dabiltzan etorkin asko euren biziraupena bermatzeko lanean ari dira. Kapitalak formak aldatzen ditu, baina zapalkuntzak hor jarraitzen du. Beste aurpegi bat hartu du, baina hierarkia hori mantendu egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.